Katalunia

Jendetza bildu da aspaldiko Diadarik zakarrenean

ANCren arabera, 700.000 lagun elkartu dira Kataluniako hiriburuan. Guardia Urbanoaren arabera, 150.000 izan dira. Nabaria izan da herrialdeko tentsio politikoa.

ANCren manifestazioa, gaur, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
2022ko irailaren 11
21:45
Entzun

Azken asteetan nabaria izan da tentsio politikoa Katalunian, baina horrek ez du eragotzi hango egun nazionalean, Diadan, milaka lagun elkartzea. Mugimendu independentistak indar erakustaldia egin du berriz ere. ANC Biltzar Nazional Katalanaren arabera, 700.000 lagun elkartu dira Bartzelonan, eta Guardia Urbanoaren arabera, 150.000.

Tentsioaren adibide izan dira ERCk entzun dituen txistuak. Dolors Felliu ANCko presidenteak argi eta garbi esan die errepublikanoei: «Egin ezazue independentziaren aldeko apustua, edo deitu hauteskundeetara». Gobernuaren dimisioa eskatzen zuten oihuak ere entzun dira ekitaldian, eta egunean zehar egin diren beste hainbat ekitalditan ere nabaria izan da tentsioa.

Felliuk «independentziarako zintzotasuna, gardentasuna eta erabaki irmoa» eskatu dizkie agintariei: «Eta hala egiten ez badute, argi dugu geuk egingo dugula, hauteskundeak eragile berriekin erabiliz beharrezkoa bada». Herri zerrenda bat egiteko indar nahikoa badagoela azpimarratu du ANCko presidenteak. Giroa lasaitzeko edo, bezperan Pere Aragones presidenteak erreferendumaz hitz egin zuen berriro.

Giroa hori izan arren, iaz baino ere jende gehiago elkartu du ANCk Bartzelonan. Aurtengo irailaren 11, izan ere, ez da urte politikoaren hasiera soilik izan: datozen hauteskundeen abiapuntua ere izan da, kontuan hartuta zer giro zakarrean hasi den. Orain dela egun gutxi, alderdi independentisten artean gatazka politikoak izan ziren Laura Borras parlamentuko presidentea kargutik kendu zutela eta, baina azken gertakariek areagotu egin dute tentsio politikoa.

Ikusi gehiago:Diada 'reloaded'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.