urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Diada 'reloaded'

2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
NBEk bai, sinesten zuen izenburua jarri zion Vilawebek joan den astean NBEko Giza Eskubideen Batzordeak emandako ebazpenari. Bertan, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull eta Josep Rullen eskubide politikoak hautsi zirela ondorioztatzen dute. Litekeena da, hala pentsatu nahi dut, datozen hiletan ere antzeko erabaki gehiago iristea Espainiaren aurka eta Kataluniako ordezkari independentisten alde. Hala beharko luke. Baina, tamalez, ez du behar adina axolako. Partida amaitu eta biharamunean gola eskuaz sartu zizutela aitortzea bezala da, edo penalti behar zuela jokaldi hark edo dena delakoak... Bai, ados, arrazoi zenuen, baina arrazoi izateak ez dizu garaipena ematen.

Duela bost urte, Espainiak sinetsi zuen Katalunia independentzia lortzeko zorian zela, espainiar eskuindar zein ezkertiarren amesgaiztoa, herrialdea zatitzea, gertagarri zela. Hura eragoztea zuen lehendabiziko lana estatuak, 1978tik datorren erregimenak bere burua salbatu beharra ikusi zuen, haren buru den monarkiatik hasita. Nahiago zukeen Europak eta munduak itsu-itsuan arrazoi eman eta bere neurri guztiak babestuko balituzte, noski. Baina bestela ere, Espainiako erregimenak argi zeukan hura eragotzi beharra zeukala, kosta ahala kosta. Gero Europak, NBEk edo aita santuak kontuak eskatuz gero... Bada, hori, gero gerokoak, baina orain, Espainia ondo batuta. Atado y bien atado.

Itxura txarra zuen estatu-egiturak antolatu behar horretan galdutako denborak. Zuzen esan zitekeen oraindik independentziaren ideiak ez zuela babes nahikorik, hurbil zeudela baina jende gehiago erakarri behar zela, baina ez, estatu-egiturak falta ei ziren, zerga bilketarako, kasurako. Horren ondoan, egunotan hil den Gorbatxoven garaikoa datorkit gogora: 1991ko abuztuan haren aurkako estatu-kolpea izan zen; hark porrot egin eta biharamunean hamabost estatu berri sortu ziren. Haietako gutxi batzuek independentziaren alde egina zuten lehendik, Baltikoan edo Georgian kasurako, baina gehienek ez zuten ez estatu egitura ez antzeko ezer. Bezperara arte SESB barruko egitura subordinatu zena estatu subirano bihurtu zen, izenen bat aldatu eta ezer gutxi gehiago egin zuten lekuan lekuko jauntxoek botereari eusteko: Moskura agindu eske deitu zutenean, inork ez zien erantzun, eta gauzak bere eskuetan hartu behar zituztela ohartu ziren. Estatu independentea aldarrikatu, eta lehengo lepotik burua.

Espainiaren harresia zartatuko balitz SESBen legez, bertan preso diren herriak —eta nahi duten beste guztiak— aska daitezen, jakingo ote genuke zer egin euskara hizkuntza komun eta hegemoniko bihurtzeko? Espainiaren ukazio, zapalkuntza eta asimilazio ahalegin odoltsua erreala da, hortxe dago eta zati garrantzitsua behar du gure memoria kolektiboan. Baina era berean, argudio erraza da bide orri zehatzik ez dagoenean errua nori bota izateko. Adibide argia: Katalunian legez, hemen ere posible da kontsumitzaile araua betetzea, besteak beste Bilbon edo Donostian eguneroko umiliazioa galarazteko, tabernetako menuak espainolez eta ingelesez ageri dituztela, euskararen arrastorik gabe. Bartzelona kosmopolitan legez kanpokoa da hori, eta zigortu egiten da. Gurean ez gara urrats horretara ausartzen, eta ezin Espainiari errua bota: Auzitegi Konstituzionalak berretsia du zilegi dela merkatariei derrigorrezko katalanezko errotulazioa inposatzea. Bitartean, «emanaldiak jatorrizko bertsioan gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluekin» dio Donostiako Zinemaldiko eskuliburuak; aurten ere lotsarik gabe galarazten zaio euskaldunari sarrera Sail Ofizialean, esaterako.

Mediterraneotik Kantauri ertzera etorri gara; duela bost urteko irailean ere bi manifestazio erraldoi antolatu ziren katalanekiko elkartasunez elkarren segidan. Katalunia beti lagun dugu, eta hurreko adiskideei egia zor zaie, egiten dutenean miresmena adierazi genienean bezalaxe, horren oker ikusten ditugun uneetan. Askotan eredu, baina ez beti, Pantailak Euskaraz-eko lagunei esan izan diedan legez: katalanez diru asko bideratzen dute bikoizketak egitera eta film asko bikoizten dituzte, baina espainieraren morrontzatik askatu ezinik jarraitzen dute hala ere. Egunotan, pozarren daude Boterearen Eraztunak bikoiztu dutelako, baina aurtengo gainerako telesail garrantzitsu guztiak (Better Call Saul, Stranger Things...), espainieraz ikusi dituzte, Hego Euskal Herrian bezalaxe. Dragoiaren Etxea jarri dudanean, hortxe daude islandierazko, estonierazko eta katalana baino askoz txikiagoak diren Europako hizkuntza askotako azpidatziak, baina ez euskaraz, ez katalanez.

Espainiar eredua kopiatuta, nekez ahaldunduko dira katalana zein euskara. Belgikan bertan, esaterako, ohikoa da film batzuek frantses bikoizketak izatea; flandriarrek, berriz, nederlanderazko azpidatziekin ikusten dituzte, gehienek frantsesez ere jakin arren. Bruselan, film askok bi azpidatzi dituzte (ez Donostiako Zinemaldian bezala, bistan da, bertako herritarrak errespetatuz baizik). Bai, Bruselara gehiago begiratu beharko dugu, Kataluniatik zein Euskal Herritik, eta gutxiago Madrilera. Gaur Diadako manifestazioa ohi baino txikiagoa bada, begirada aldatzeko txanda heldu den seinale izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.