Katalunia

Diada tirabiratsu bat

Badira zenbait urte irailaren 11ko Diada mugimendu independentistaren indar erakustaldi bat dela Katalunian. Manifestazioetako parte hartzaile ugariek ematen diete indarra aldarrikapenei, ANCk deitutako protestan bereziki

Kalean ikusteko gogoz. Independentzia irabazteko itzuli gara, dioen kartela. Q. G. / EFE.
Carme Porta.
Bartzelona
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Katalunian, aurtengo irailaren 11 ez da urte politikoaren hasiera soilik izango: datozen hauteskundeen abiapuntua ere izango da, kontuan hartuta zein giro zakarrean hasi den. Orain dela egun gutxi, alderdi independentisten artean gatazka politikoak izan ziren Laura Borras parlamentuko presidentea kargutik kendu zutela eta, baina azken gertakariek areagotu egin dute tentsio politikoa.

Batzeko eta ekiteko deia egin da zenbait aldiz, eta NBEko Giza Eskubideen Batzordeak argitara atera du preso independentisten eskubide politikoak etetearen inguruko bere txostena. Horrek guztiak hauxe iragartzen zuen: desadostasunak desadostasun, akordio estrategikoaren bidea hartua zutela berriro ere. Hala zen, nahiz eta Junts per Catalunyako (JxC) idazkari nagusi Jordi Turullek hau esan zion BERRIAri gobernuaren ebaluazioa egiteko: «Ezin dugu horrela jarraitu. Gobernuarekin akordio bat sinatu genuen, hain zuzen, baldintza egokiak sortu ahal izateko Juntsek jaiotzatik helburu izan duena lortzeko bidean: independentzia lortzeko bidean, alegia». Aurtengo, Berriz irabaz dezagun: independentzia lelopean deitu zen manifestaziora; giroa lasaia zen orduan, eta bazirudien susperraldia izango zela.

Nolabait paradoxikoa bada ere, tentsioa ez zuen tirabira estrategiko batek eragin, Pere Aragones presidenteak berriki iragarritakoak baizik: ez du parte hartuko manifestazioan, uste baitu ez litzatekeela «koherentea izango antolatzaileek berek egindako planteamenduarekin». Berehala, berotu egin zen giroa, baita sare sozialetan ere. Berriz heldu zieten interes alderdikoiei; akusazio gurutzatuak egin zituzten batzuek, eta akusazio estaliak beste batzuek. ANC Biltzar Nazional Katalanaren hitzetan, «herritarrak eta haien ordezkariak kalean biltzeak exijentzia bat behar du izan, normaltasun demokratikoaren parte». Eta deitoratu egin dute «oraingoan Generalitateko presidentearekin egin ezin izatea». «Asmoa da aldarrikapenez betetako manifestazio bat egitea, baina modu baketsu eta demokratikoan». Haien jarrera, baina, ez da denen gustukoa izan. «Ez dut ulertzen ANCk muturrera eramatea alderdien aurkako bere jarrera; alderdirik gabe ez dago independentziarik», esan du Generalitateko presidente ohi Artur Masek Nacio Digital kazetari eskainitako elkarrizketa batean.

Estrategiaren aurka

JxCk batasunari egin dio azpimarra, Josep Rius bozeramailearen hitzetan: «Diada ez da garai egokia alderdikeriarako eta bazterketarako: batzeko eta mobilizatzeko garaia da. Horregatik, bertaratzeko deia egiten diogu jende guztiari, arrakastatsua izan dadin berriz». ERCko eledun Marta Vilaltak hau esan du: «Erakunde gisa, beti lehenesten ditugu deialdi transbertsalak, indartsu egiten gaituztenak, ekarpena egiten dutenak. Aurten, ANCk uko egin dio transbertsaltasunari, eta erabaki du independentismoa bera baztertzea, txiki egitea eta zatitzea». Dolors Feliu ANCko presidentearen iragan politikoari ere egin dio aipamen, eta ANCk irmo erantzun du: «Orain, inoiz baino irmoago diogu herritarrek egingo dugula independentzia».

Omnium Culturaleko presidente Xavier Antichek defendatu du «indar erakustaldi transbertsal, inklusibo eta masiboa» izan behar duela aurtengo irailaren 11k, eta gizarte zibilaren mobilizazio gaitasuna erakutsi: «Inoiz ez diogu uko egingo gure oinarrizko eskubideen alde mobilizatzeari».

Lidergoaren galera

Azken urteetan ez da batasun estrategikorik izan, gobernuak higadura handia eragin du, eta estatuak ez die erantzunik eman elkarrizketa saiakerei; are, negoziaziora gerturatu beharrean, kontrako erantzuna emateaz harro azaldu da. Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek areagotu egin du tentsioa, eta hauxe adierazi: «155. artikulua onartu genuen, hain zuzen, herrialde honen subiranotasun nazionala eta lurralde integritatea babesteko».

Estatuaren zapalkuntza etengabea izan da preso eta erbesteratuei ez ezik, 4.200 pertsonari baino gehiagori ere eragin die—, eta erdigunean jarrarazi du errepresioaren aurkako borroka. Ekainean ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak esan zuenez, «ausardia politikoa» beharrezkoa da. «Indultuekin ez zen bukatu kontua; amnistiari eta autodeterminazioari ezin zaie uko egin».

Antichek nabarmendu zuen behar-beharrezkoa dela «ondo antolatzea errepresioaren aurkako borrokaz estrategikoki baliatzeko eta, hala, azkenean autodeterminaziorako eskubidea lortzeko». Turullen ustez, urriaren 1eko gertakarietatik 5 urte betetzekoak diren honetan, «bada garaia» orain egitasmoari berrekiteko. «Zapalkuntzaren ondorioei aurre egiten aritu gara urte hauetan, baina ez dugu aurrera egin gure asmoan, eta, hain zuzen, independentzia lortzeko aktiborik garrantzitsuena jendearen mobilizazioa da: estatuak inoiz geldiarazi ezin izan duen gauza bakarra».

Feliuren esanetan, garrantzitsuena da jendeak erantzutea. «Kontua ez da soilik gauzak behar den bezala egiten dituen lider bat edukitzea: guk ere egin behar ditugu. Gure herria aldarrikatzailea da, eta herriaren indarrak izan behar luke garrantzitsuena». ANCren manifestuak jasotzen duenez, «alderdi independentistak eroso daude instituzioetan». Feliuk dioenez, alderdietako goi kargudunei etengabe eragin dien errepresio bolada pasatuta, proiektu independentistari heldu behar zaio berriz: «Alderdien lan egiteko moduak ez dio erantzuten proiektu honi; ANCn, lanean ari gara Errepublikaren aldeko beste erasoaldi baterako egoera politiko egokia sortzeko».

Proposamenak

Giro politiko horretan, eta udal hauteskundeetarako hilabete gutxi falta direla, proposamen ugari egin dira, eta, tentsioak gorabehera, batzeko eta ekiten hasteko beharra dago denen buruan. Baina posible al da alderdien hegemonia politikorik izango ez den batasun bat osatzea?

Feliuren iritziz, ezin da konprometitzen ez diren alderdi batzuen botoaren menpe egon betiko: «Datozen hauteskundeetan, aukera berriak izango dira herritar zerrendetan, independentzia eskuratzean zentratuta dauden instituzioak sortu ahal izateko. Botoa ematen duten horiexek ateratzen dira gero kalera».

Antichen hitzetan, independentzia eraiki egiten da. «Askatasuna jokoan dagoen eremu guztietan jardungo dugu aurrerantzean ere: katalan kulturatik eta hizkuntzatik hasi, eta autodeterminazioraino, betiere gizarte kohesioz, nazioartean ere jardunez, ahalduntze kolektiboa ahaztu gabe, eta estatuaren errepresioa irauliz, anbizioz, errealismoz eta beldurrik gabe». Eta, hark dioenez, beharrezkoa da berriz topatzea mugimenduaren indarra, helburuak bere horretan segitzen baitu: autodeterminaziorako eskubidea erabili ahal izatea, herrialde libre bat sortzeko. «Gu gizarte zibila gara, eta mobilizatzea dagokigu: alderdi eta instituzioei presio egitea herritarren ahotsa entzun dezaten, eta mugimendu independentista herrialde osoan antolatzen eta indartzen lagundu dezaten».

CUPek, gobernutik kanpo geratu arren hura sortzeko akordioari bide eman zion alderdi independentistak alegia, mobilizaziora deitu du, eta egoeraren analisia egin. JxC eta ERCren arteko koalizio gobernuari buruz aritu da Dolors Sabater Vilaweb atariari emandako elkarrizketan, eta, esan duenez, «JxC eta ERCren gobernuak estatua egonkortu baino ez du egin», autodeterminazioaren gatazkari garrantzia kenduz. Uste du estatuari aurre egiteko garaia dela, eta norabide politikoan aldaketa argi bat egitekoa.

Turullen iritziz, baina, kontua ez da gobernuan egon edo ez egon, baizik eta zertarako egon: «Gure ustez, gero eta urrunago gaude helburutik: independentziatik. Gogoeta autokritiko bat egin behar da irtenbide adostuak lortzeko. Kontua ez da politikak kudeatzea, herrialde bat gobernatzea baizik». Bide horretan, proposamen batzuk egin ditu: «Independentziatik gehiago ez urruntzea Madrilen gobernu ahul bati eutsiz, eta horren ordez barne eta kanpo baldintza egokiak eraikitzea, eta aktibo garrantzitsuenak berreskuratzea: mobilizazioa, talentua, jarrera, toki guztietan presentzia edukitzea, konfrontaziorako ekintza burutsuak sortzea, eta berriz kontakizunaren erdigunean egotea nazioartean».

Vilaltak honen aldeko apustua egin du: «Herrialdeko eraldaketa sozial, demokratiko, berde eta feministaren buru izatea aurrerantzean ere, presente gauden instituzio guztietan; eta Kataluniako Errepublika sortzeko bidean aurrera egitea gatazka politikoa konponduko duen negoziazio prozesu baten bitartez, horrela estatuaren zapalkuntza bukatutzat emateko eta irtenbide demokratiko bat bilatzeko». ERCko kideak aurreratu du lanean segituko dutela herritarren egunerokoa hobetzeko, eta aurrerantzean ere konprometituta egongo direla Kataluniako Errepublika oparo eta sozialki justu bat sortzeko, non bermatuak egongo baitira eskubideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.