Reala

Sadiqek haustura bat du atzeko lotailu gurutzatuan, eta denboraldi osoa galduko du

Ebakuntza bat egin beharko diote aurrelari txuri-urdinari. Litekeena da sei-zortzi hilabete behar izatea osatzeko.

Sadiq, atzoko partidan, min hartu aurretik. RODRIGO JIMENEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko irailaren 12a
14:14
Entzun

Realak gaur jakinarazi duenez, Sadiq Umar aurrelariak atzeko lotailu gurutzatuan hartu zuen min atzoko partidan, Getaferen aurka. Zehazki, haustura bat duela dio zabaldu duen oharrak, eta ebaketa bat egin beharko diotela. Ez du adierazi zenbat denbora egongo den jokatu gabe, baina lesioa hori izanik, iragarri liteke denboraldi honetan ez duela gehiago jokatuko; sei eta zortzi hilabete bitartean sendatzen den lesio bat da. Datozen egunetan emango ditu xehetasunak Realak.

Sadiqek hirugarren partida zuen atzokoa Realarekin. Duela ia bi aste, Donostiako klubak inoiz egin duen fitxaketarik garestiena bilakatu zen. 20 milioi euro ordaindu dizkio Realak Almeriari, eta beste bost ere ordaindu beharko ditu helburu jakin batzuk lortuz gero. Sei urterako fitxatu du jokalari nigeriarra.

Irailaren 3an egin zuen debuta jokalariak, Anoetan, Atletico Madrilen aurka, eta gol bat sartu zuen. Aurretik Almeriarekin jokaturiko beste hiru partidatan bi gol sartu zituen. Joan den ostegunean, Europa Ligan, Manchester Uniteden aurka ere jokatu zuen, eta Getaferen aurkakoa zuen hirugarren partida. Futbol zelaian bihurritu egin zuen eskuin belauna, eta lehen zatian partida utzi behar izan zuen. Gaur egin diote erresonantzia jokalariari.

Zorte txarra izan du Realak lesio horrekin. Txuri-urdinek min hartuta dauzkate baita Mikel Oiarzabal eta Carlos Fernandez ere; Newcastleek Isak eraman ondoren (70 milioi euroren truke), aurreko lerroan zuen hutsunea betetzeko ekarri zuen Sadiq. Oiarzabalek izan zuen lesio bera da Sadiqena, gainera. Kapitainak martxoan hartu zuen min, Zubietan, lan saio batean. Fernandezek antzeko lesio bat du.

Orain, klubak aztertu egin beharko du zer egin, Munduko Txapelketa dela-eta Europa Ligako ligaxka azaroan amaituko baita: beste aurrekalari bat ekarri edo dituen jokalariekin jarraitu. Sadiqek 25. zenbakia du, baina epe luzerako lesio bat denez, ordezkatu ahal izango du Realak. Joan den astean Manchesterren 0-1 irabazi ostean, etzidamu Omonia hartuko du, Anoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.