Katalunia

ERCk esan du haiek gabe ez dela lortuko independentzia

Esquerra Republicanako buruek ez dute parte hartu Diadan, eta haiei zuzendu zaie Dolors Feliu, ANCko presidentea: «Egin ezazue independentziaren aldeko apustua, edo deitu hauteskundeetara».

Gobernuaren dimisioa eskatzen zuten kartelak ikus zitezkeen atzo Bartzelonako kaleetan. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko irailaren 12a
19:01
Entzun

ANC Biltzar Nazional Katalanaren eta Kataluniako Gobernuaren arteko tirabirak nabarmendu ziren Diadan, atzo. ERC Esquerra Republicanari «independentziaren aldeko apustua» egiteko eskatu zion Dolors Feliu ANCko presidenteak, eta hori egingo ez balu, hauteskundeak antolatzeko. Gaur, ERCren idazkari nagusi Marta Rovirak adierazi du independentzia ezin dela lortu Esquerra Republicanaren parte hartzerik gabe. Are, Rovirak esan du Kataluniak ez duela independentzia eskuratuko «barne eztabaida umiliagarri batekin».

Marta Vilalta ERCko bozeramaileak ere erantzun dio Feliuk atzo egindako ultimatumari. «Ez dugu uste hausteskundeak izan beharko liratekeenik», azaldu du. Gainera, ANC arerioz nahastu dela uste du Vilaltak: «bidaideak» kritikatu beharrean, jopuntuan Espainiako Estatua eduki beharko luketela adierazi du.

ANC aurkez liteke hauteskundeetara

Manifestazioaren amaierako hitzartzean ondokoa gehitu zuen Feliuk: «Eta hala egiten ez badute, argi dugu geuk egingo dugula, hauteskundeak eragile berriekin erabiliz beharrezkoa bada». Herri zerrenda bat egiteko indar nahikoa badagoela nabarmendu du ANCko presidenteak.

Eztabaidak eztabaida, milaka lagun elkartu ziren atzo Kataluniako egun nazionalean, iaz baino gehiago. ANCren arabera, 700.000 lagun elkartu ziren Kataluniako hiriburuan, eta Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 150.000. Independentismoak indarra erakutsi du, baina alderdi politikoen arteko liskarrak ere agerian geratu dira. Laura Borras parlamentuko presidentetzatik kendu izanak giroa gaiztotu zuen, eta ERCren eta JxC Junts Per Catalunyaren arteko harremanak are gehiago okertu ditu. Gobernuaren dimisioa eskatzen zuten kartelak ikus zitezkeen atzo Bartzelonako kaleetan.

JxC alderdiko kideak ere kritiko azaldu ziren ERCrekin. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak manifestazioa «boikoteatu» nahi izana egotzi die errepublikanoei, eta Jordi Turull idazkari nagusiaren ustez, Generalitatearen jarduna «independentziatik urrundu da».

Laura Borras parlamentuko presidente kargugabetua urrunago joan da, eta azpimarratu du «guztiz posible» dela JxC gobernutik irtetea, «hitz emandakoa ez direlako betetzen ari». Izan ere, abuztu amaieran hilabete bateko epea eman zion JxCko buruzagitzak ERCri «gobernu akordioan adostutakoa betetzeko». Hil honen amaieran erabakiko du JxCko zuzendaritzak gobernuko kide izaten jarraitu edo ez, eta militantziak berretsi beharko du.

Gainera, Kataluniako Parlamentuan laster dira politika orokorraren eztabaida egitekoak. «Inflexio puntu bat» izango da legegintzaldian, Albert Batet JxCen talde parlamentarioko bozeramailearen arabera. Ziurrenik orduan emango du JxCko zuzendaritzak erabakiaren berri, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bosgarren urteurrenaren atarian.

Omnium Cultural, ziklo berri baten bila

Turullen ustez, independentzia lortzeko, alderdi independentistak, ANC, Omnium Cultural eta Consell per la Republica bilduko dituen espazio bat da bidea. Xavier Antich Omnium Culturaleko presidentearen arabera, berriz, bide horrek «porrot egin du», eta ziklo berri bati ekin behar diotela adierazi du, «aktore berriekin». Gehitu du «errudunak» bilatzen ibili beharrean, independentziaren aldeko «konplizeak» behar dituztela.

CUPek, bere aldetik, kalean mobilizatzeari eman dio garrantzia, «eskubideen konkista erdigunean izango duen ziklo berria abiatzeko». Basha Changuerra diputatuak esan du ez diela balio ERC eta JxCren egungo gobernuak, eta «sektore estrategikoak nazionalizatzearen, prezioak kontrolatzearen eta etxebizitzak desjabetzearen alde» egin du. «Krisi ekonomiko eta ekologikoa» gainditzeari eman dio garrantzia CUPeko diputatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.