Zinema

'Ted Lasso', 'Succession' eta 'The White Lotus', Emmy sarietako garaileak

'The White Lotus' telesail laburrak lortu ditu garaikur gehien; Mike White zuzendariari eman dizkiote horietako bi. 'Squid Game' korearra ere saritu dute.

Andrew Warren eta Declan Lowney, 'Ted Lasso'-ko produktoreak, atzo, Los Angelesen. CAROLINE BREHMAN, EF
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko irailaren 13a
12:00
Entzun

Emmy sarietan ustekabekorik nahi zuenak ez du bueltan jaso desiotakoa; izatez, apenas izan den ezusterik sari banaketa egunean. Atzo egin zuten ekitaldia, Los Angelesen. Galdeketek eta adituen usteek hiru faborito zituzten zehazturik ordurako: Succession, Ted Lasso eta The White Lotus. Eta bete dira aurreikuspenak: akademiak Succesion-i eman dio drama hoberenaren saria, Ted Lasso-ri komedia hoberenarena, eta The White Lotus-ek bildu ditu sari gehien: bost.

HBOk ekoitzia da garaikur kopuruan buru den The White Lotus. Zehazki, sari hauek jaso ditu: telesail labur hoberenaren sariaz gain, Mike White zuzendariak jaso ditu zuzendari hoberenaren eta gidoi hoberenaren sariak. Halaber, taldeko aktore hoberenen sariak telesail horretako bi aktorek irabazi dituzte: Murray Barlettek gizonezkoena; Jennifer Coolidgek emakumezkoena.

Berriki, The White Lotus-ek izandako arrakasta ikusirik, zuzendariak iragarri du telesailak segida izanen duela. Bigarren denboraldia onduko dute, baina aktore talde eta trama desberdinekin. Sizilian girotuko dute.

Telesailei eskainitako sariketa inportanteenak dira Emmy sariak. Ikusmira aski handia sortzen dute jendearengan, eta, aurten ere, herritar franko ziren garaikurrak nork irabaziko zain. Azken urtean, oso boladan izan zen Squid Game telesail korearra; hala, bazen hark garaikur gehiago pilatuko zituela uste zuenik. Akademiak ez dio eman drama hoberenaren saria, baina bai beste bi: telesaileko protagonista Lee Jung-Ja izendatu dute aktorerik hoberena, eta zuzendari Hwang Dong-Hyuk ere saritu dute.

Ikusi gehiago:Squid Game: sasoiko jakia, txipiroia

Euphoria telesailak zale asko ditu bereganaturik lehenbiziko denboraldia kaleratu zenetik. Batik bat, telesaileko protagonistaren papera antzezten duen Zendayak pizten du zirrara. Hain zuen, hura izan da garaile aktore hoberenaren kategorian. Ez du lehenbiziko aldia, eta, hain zuzen ere horregatik, markak hautsi ditu orain: bi Emmy sari irabazi dituen aktore gazteena da Zendaya, 26 urterekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.