ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA

Zubietako erraustegiko transformadore nagusiak matxura konponezin bat daukala jakinarazi du GuraSOSek

Azaldu du erraustegia behin-behineko transformadore batekin funtzionatzen ari dela orain, baina horrek ez duela behar beste elektrizitate sortzen. Bildu dituzten datuen arabera, erraustegia geldirik egon zen hilabetez, apirileko matxuraren ondoren.

GuraSOSeko Joseba Belaustegik gaur Donostiako Koldo Mitxelenan emandako prentsaurrekoa. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko irailaren 14a
13:11
Entzun

Joan den apirilaren 25ean hondatu zen Zubietako erraustegiko transformadore nagusia, eta erraustegiak ez zuen bere egitekoa bete—energia balorizatzea—hilabete oso batez, maiatzaren 25era bitartean. Gainera, transformadorearen matxura «konponezina» da, gailuaren fabrikatzaileek adierazi dutenez, eta hura ordezkatzeko jarri duten behin-behineko transformadoreak 6MW baino ez ditu sortzen, berez 24 megawatt ekoizteko ahalmena badauka ere. Datu horiek atera ditu argitara gaur GuraSOSek, Donostian egindako agerraldi batean. Azaldu dutenez, transformadorearen fabrikatzaileak egindako txosten ofizial batetik eta Elektrizitateko Merkatu Iberiarreko Operadorearen datu basetik atera dituzte datuok.

Hilabete geldirik

Apirilean, EAM Errausketaren Aurkako Mugimenduak adierazi zuen erraustegia geldirik zegoela, matxura «enpresa hornitzailearen bidez konpontzen» ari zirela, eta instalazioko babes ekipamenduei esker «inolako kalterik» ez zela egon adierazi zioten GHK-ko iturriek BERRIAri. Hala ere, adierazi zuten erraustegiak funtzionatzen jarraitzen zuela ekipo osagarrien bidez, eta ziurtatu zuten Gipuzkoako hiri hondakinak «normal-normal» tratatzen ari direla. GuraSOSek gaur kaleratutako datuek, ordea, kontrakoa diote. Izan ere, EMIO Elektrizitateko Merkatu Iberiarreko Operadoreak bildutako datuak begiratuta, ikusi daiteke apirilaren 25 eta maiatzaren 25a bitartean Zubietatik ez zela elektrizitaterik bidali sarera.

Horrez gain, GuraSOSek adierazi du Ekondakinek, Zubietako Erraustegiaren kudeatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ingurumen Sailari apirilaren 29an eman ziola matxuraren berri; transformadorea hondatu eta lau egunera. Legearen arabera, ordea, horrelako istripuen berri 24 orduan eman behar du enpresak, gehienez.

Behin-behinean martxan

Hilabeteko geldialdiaren ondoren, behin-behineko transformadore bat jarri dute Zubietan, baina EMIOk bildutako datuek diote 6 megawatt baino ez dituela bidaltzen sarera—erraustegiak, berez, 24 megawatt sortzeko ahalmena dauka—, eta, horrez gain, sei hilabeterako baino ez du balio; hau da, azarora arte. GuraSOSek adierazi du «ezezaguna» dela erraustegiaren etorkizuna; izan ere, epe hori betetakoan, ez dakite nola ordezkatuko duten transformadore hori: «Transformadorearen enpresa fabrikatzaileak, orain Japoniako Hitachi enpresarekin elkartuta dagoen ABB alemaniarrak, ez du gomendatzen aparatua konpontzea, kalteen larritasunagatik eta atzeraezintasunagatik, lehen txosten batean ageri denez».

Gainera, GuraSOSek azaldu du transformadorea matxuratu aurretik ere bertan sortzen zen elektrizitateak ez zituela betetzen aurreikusitako kopuruak. Izan ere, GHK-k 2021eko irailaren 9an emandako datuen arabera, Zubietako plantak urtean 160.000 megawatt-ordu sortzea aurreikusten zuen, baina GuraSOSek salatu du egungo kopuruak «oso urrun» daudela iragarritako aurreikuspenetatik: «Elektrizitate Merkatu Iberiarreko Operadoreak eskainitako datuen arabera, Zubietak urteko 55092,4 megawatt-orduko energia bidali du elektrizitate sarera 2021eko apirilaren 1etik 2022ko martxoaren 31ra bitartean, hau da, GHK-k iragarritako aurreikuspenaren %34,4 eta ahamenaren %28,5».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.