Hezkuntza Legea

EP-IUk ohartarazi du hezkuntza itunaren aurka doala Jaurlaritzaren aurreproiektua

Miren Gorrotxategi oso kritiko agertu da Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekin, «ez diolako erantzuten legebiltzarrak adostutakoari». Testuak ez ditu asebete ELA, Steilas eta Euskalgintzaren Kontseilua.

Miren Gorrotxategi EP-IUren eleduna Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 14a
14:02
Entzun

Elkarrekin Podemos-IU oso kritiko agertu da gaur Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroarekin. Miren Gorrotxategik adierazi du testuak, gaur egun dituen edukiekin, ez duela jasoko haren taldearen babesa. Lege berrirako irizpideak adostu zituen alderdietako bat da EP-IU, EAJ, EH Bildu eta PSE-EErekin batera, baina gaur ezagutarazi den testuarekin ez da ados agertu Gorrotxategiren taldea. «Ez dugu ikusten adostutako oinarrien espiritua testuan, eta, dagoen bezala, Elkarrekin Podemos-IUk ez du babestuko», ohartarazi du Gorrotxategik. «Itunaren espiritua zen itunpekoa eskola publikoaren laguntzaile izatea, baina hori ez da inon ikusten», erantsi du. Eta oharra egin dio Jaurlaritzari: «Ez diogu babesik emango itunaren aurka doan lege bati».

Eragileak ere, kritiko

ELA sindikatuaren ustez, berriz, egungo hezkuntza sistemaren arazoak betikotzen ditu Jaurlaritzaren aurreproiektuak. «Gaur egun, ez zaie heltzen hezkuntza publikoko eta itunpeko langileen arazoei», salatu du Miren Zubizarreta sindikatuko arduradunak. Zubizarretaren iritziz, testu artikulatuak «zehaztasun eta garapen gutxi» jasotzen ditu hezkuntza itunarekin alderatuta. Halaber, kritikatu du gaur egungo hezkuntza sistema eraldatzeko asmorik ez duela jasotzen testuak; besteak beste, euskaran, sare banaketan eta esparru normatiboan. Horrekin batera, parte hartzerik gabeko prozesu bat sustatzea egotzi dio Jaurlaritzari, hala nola ez duelako aukerarik eman langileen lan baldintzei buruz eztabaidatzeko. «Lege berri bat eraiki nahi bada, ezinbestekoa da langileen iritziak eta egoerak kontuan hartzea, baina ez da espaziorik ireki horretarako».

Steilaseko arduradun Nagore Iturriozek, berriz, salatu du aldaketarik ez dagoela akordioen oinarrietako edukietatik. Kritikatu du, besteak beste, hezkuntza zerbitzu publikoaren kontzeptua erabiltzea «eufemismo» bat dela, baita doakotasuna bultzatuko dela ere. Iturriozek salatu du Steilasek egindako ekarpenak ez daudela jasota testuan: «Alde bakarrez eta eremu politikoan egindako lege pribatizatzaile bat dela uste dugu».

Euskalgintzaren Kontseiluak ere egin du testu artikulatuaren gaineko balorazioa. Prentsa ohar batean, adierazi du ona dela legeak berariaz jasotzea zein diren ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza gaitasunak derrigorrezko hezkuntza amaitzerako, eta «egokitzat» jo du legeak hitzarmenean adostutakoari jarraitzea. Hala ere, kezka adierazi du legeak ez duelako zehazten euskal hezkuntza sistemak zein hizkuntza ereduri jarraituko dion. «Euskal hezkuntza sistema eleaniztuna berresten du lege zirriborroak, baina ez du zehazten nola interpretatu behar den sistema eleaniztuna izatea hizkuntza ereduari dagokionez». Kontseiluaren iritziz, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen hezkuntza itunak bere egin zituen berrikuntza batzuek ez dute islarik testu berrian. Besteak beste, «bi hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntza baten ezagutza bermatuko duen eredu inklusibo orokortua ez dago modu esplizitu batean jasota aurreproiektuan», Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.