Energia nuklearra

Nuklearrei buruzko eztabaida baztertzeko eskatuko dio EH Bilduk Madrili

Gasa eta nuklearra alboratu eta «deskarbonizazio prozesu bati» ekiteko eskaera Espainiako Senatura eramango du koalizio subiranistak, Garoña zabaltzeko asmoak direla eta. Zentrala berrabiaraztea «ergelen ametsa» dela esan du Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe plataformako eledun ohiak.

Garoñako zentral nuklearra. SANTI OTERO / EFE
Julen Aperribai.
2022ko irailaren 15a
09:59
Entzun

Gaztela eta Leongo Juntako (Espainia) presidenteorde Juan Garcia-Gallardok berriz Garoñako zentral nuklearra martxan jartzeko asmoa agertu duela eta, EH Bilduk iragarri du datorren astean Espainiako Senatuan Idurre Bideguren senatariak Espainiako Gobernuari eskatuko diola «eztabaida behingoz alde batera uzteko eta Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeari uko egiteko».

Halaber, «gasari eta energia nuklearrari atea erabat ixteko» eskea ere egingo dio Bidegurenek Espainiako Gobernuari, eta, horrekin batera, «deskarbonizazio prozesu bati» heltzekoa. «Zarata handia ateratzen ari da, azken egunotan, itxita zeuden hainbat eztabaidatan. Premiazkoa da energia berriztagarriari bultzada emateko neurriak mahai gainean jartzea, eragile sozial eta politikoekin adostuta, betiere kontrol publikoa eta lurraldearen babesa bermatuz», adierazi du Bidegurenek.

Alberto Frias Lurra elkarteko presidente eta Araba Garoñarik Gabe plataformako eledun ohiak ere hitz egin du Garoñaz. Zentrala berriz irekitzea «ergelen ametsa» baino ez dela adierazi du, ohar batean. Friasek gogorarazi du Nuclenor enpresa dela oraindik ere zentralaren jabea, eta enpresa horrek ere ez duela bideragarritzat jotzen haren zabaltzea. Hortaz, irekiera posible horren kargu zein egingo den galdetu du. Gainera, zentrala berrabiarazteak zentral nuklear berri bat eraiki beharra ekarriko lukeela azaldu du Friasek, gogoratuta zentrala «desegite fasean» dagoela eta erreaktore nuklearra duela hamar urtetik geldirik dagoela.

Irizpideen eta planen kontra

Horrenbestez, egun leku berean zentral nuklear bat eraikitzea zentzugabetzat jo du, eta, halaber, plan hidrologikoa ez betetzea ekarriko lukeela oroitarazi du, zeinak, azaldu duenez, ibaien goi ibilguetan zentral berriak eraikitzea debekatzen duen. «Klima larrialdiaren estres hidrikoa» aintzat ez hartzea ere eragingo lukeela gaineratu du, eta horregatik itxi dituztela, hain zuzen, Frantziako hainbat zentral nuklear.

Segurtasun arriskuak ere hizpide izan ditu. Garoña Mark 1 segurtasun sistemaren barruan zegoela gogoratu du, Fukushimako (Japonia) zentrala zegoen berberean, eta sistema horren kontra egin izan duela IEAE Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, haren parte diren zentralek lehertzeko duten arriskua %90 handiagoa delako. Ekonomikoki halako azpiegitura batek dituen kostuak ere kontuan hartzekoak direla azaldu du Friasek, eta «onartezina» dela haren errentagarritasuna herritarren zergen menpe egotea. Are, nabarmendu du ez dela koherentea zergen jaitsiera «banderatzat» duen alderdi batek horren alde egitea.

Friasek gogorarazi du, gainera, Gaztela eta Leongo presidenteordeak egindako adierazpenek talka egiten dutela junta hori gobernatzen duen alderdiak —PPk— 2017an izan zuen jarrerarekin. Izan ere, PPko sektoreko idazkariorde zenak, Javier Marotok, zera adierazi zuen, Garoña itxi zutenean: «Urte askoko lana izan da Garoña ixtea. Horren alde borroka egin dugunok ospatzen ari gara behingoz lortu izana».

1971n zabaldu zuten Garoñako zentrala, Francoren diktaduran. 51 urte geroago, zenbaitek efemeride hori «emulatu» nahi dutela kritikatu du Friasek, baina ohar egin du, tonu ironikoz: «Hildakoen berpizkundea ez dago ontologikoki frogatuta, eta 1970eko hamarkadako teknologia nuklearrak ez du konponduko merkatu energetikoaren gainbehera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.