Hungaria

Bruselak eskatu du Hungariarentzako 7.500 milioi euroren funtsa blokeatzeko

Hungariak jaso beharko lituzkeen funtsen heren bat da hori. «Zuzenbide estatua arriskuan jartzea» egozten diote. Talde komunitarioak aurrenekoz aktibatu du urtarrilean indarrean sartu zen mekanismoa.

Johannes Hahn Bruselan, gaur, Hungariaren aurkako neurriak iragartzen. STEPHANIE LECOCQ / EFE
2022ko irailaren 18a
18:41
Entzun

Mehatxua bete du Europako Batzordeak. Ursula von der Leyen presidenteak apirilean jakinarazi zion Hungariari zuzenbide estatua errespetatu ezean ezingo zuela talde komunitarioaren aurrekontutik dirurik jaso, eta gaur ofizialki eskatu du laguntza horien herenak izozteko.

Hortaz, Bruselak aurrenekoz aktibatu du 2020ko udazkenean Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak adostutako prozedura. Horren arabera, funtsak jaso ahal izateko, baldintza bat bete behar dute EB Europako Batasuneko estatu kideek: «blokearen balioak eta printzipioak» betetzea. EBk uste du Viktor Orbanen gobernuak laguntza horiek erabil ditzakeela «zuzenbide estatua arriskuan jartzen duten neurriak» indarrean jartzeko.

Neurria Johannes Hahn komisarioak iragarri du gaur; azaldu du aho batez hartu dutela erabakia, eta orain azken erabakia hartzeko eskumena Europako Batasuneko herrialde kideek dutela. Proposamena, beranduenez, irailaren 22an egingo du Europako Batzordeak, eta 27ek hilabete izango dute hari buruzko erabakia hartzeko. Salbuespenezko kasuetan beste bi hilabetez luza daiteke epe hori, eta, dirudienez, hori eskatuko du talde komunitarioak; Hungariako Gobernuari tarte gehiago utzi nahi dio erreformak egiteko.

Gaiztotuta

Bruselaren eta Hungariaren arteko harremanak aspalditik daude gaiztotuta. Orban, 2010az geroztik lehen ministro dena, ez da batere europazalea, eta EBko liderren artean Vladimir Putinekin ondoen konpontzen dena da. Bozetan garaipena lortu ondoren, EBko instituzioak «aurkariak» direla esan zuen Orbanek.

Aintzat hartu behar da Hungaria, baita Polonia ere, prozeduraren aurka agertu zirela, onarpena blokeatzeko ahalegina egin zutela, eta azkenean auzitara eraman zutela beren kexa. Baina EBko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen, joan den otsailaren 16an, mekanismoa egokia zela. Hungariak salatu zuen auzitegiaren ebazpenak «botere abusua» islatzen zuela.

Berez, iazko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean prozedura, baina apirilera arte ez zuten aktibatu. Martxan jartzen dute zuzenbide estatuari eragiten dioten urraketak detektatutakoan: botere banaketari eragiten diotenak, independentzia judizialari... Beraz, klima aldaketari, digitalizazioari eta osasun sektoreari lotuta, 22.500 milioi inguru eskuratzeko moduan da Hungaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.