Alderdiak

EAk ezohiko kongresu bat egingo du epaitegien ebazpenari erantzuteko

Otsaileko kongresuan hartutako erabakiak etenda geratu ostean, haiek berresteko biltzar presentzial bat egingo dute azaroan. Kritikoek salatu dute erabakiak ez diola erantzuten ebazpenari.

Otsaileko kongresuaren aurkezpena. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 20a
14:05
Entzun

Alderdiko ildo kritikoaren helegiteari men eginda, Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. Epaitegiak irailaren hasieran ebatzi zuen Eusko Alkartasunak otsaileko Kongresu Nazionalean hartutako erabakiak etetea. Erabakiari erantzuteko asmoz, alderdiko Kontseilu Nazionalak ezohiko kongresu bat egitea proposatuko dio bihar Batzar Nazionalari. Ildo kritikoko kideen ustez, baina, «primarioak egiteko legezko betebeharrari» uko egiteko modu bat da zuzendaritzaren deialdia, haren helburua ez delako primarioak berriz egitea.

«Barne karguak berritzeko dagoen legezko betebeharra beteko da, eta alderdiaren egonkortasuna eta gobernabidea bermatzeko balioko du», adierazi du zuzendaritzak, ohar baten bidez. Iker Ruiz de Egino eledunaren hitzetan, afiliazioari «hitza ematea» da helburua, «libreki eta demokratikoki erabaki dezan zeintzuk izan behar diren estatutuak, ildo politikoa eta datozen lau urteetan alderdia zuzenduko duten pertsonak». Hala, biltzarra azaroaren 19an eta 20an egin nahi dute.

Ildo kritikoko kideek, baina, salatu dute kongresu berri baterako deiak ez duela bat egiten epaitegiak ebatzitakoarekin, haren helburua ez delako primarioak berriz egitea. Ebazpena ez betetzeko «aitzakiak» jarri izana egotzi diote Eba Blanco idazkari nagusiari, baita EH Bildu koalizioa «egoera zail batean» utzi izana ere: «Eba Blancoren noraezak alderdiko organoetako ordezkariek hartutako neurrien legitimitatean eta legaltasunean eragiten dute».

XIII. Kongresu Nazionalean, alderdiak txosten politikoa onartu zuen, eta zenbait aldaketa ere egin zituzten estatutuetan; besteak beste, idazkari nagusia aukeratzeko prozesua aldatu zuten, primarioen formula baztertuta. Hala, kongresuko bigarren egunean Eba Blanco hautatu zuten idazkari nagusi izateko, konpromisarioek egindako bozketa telematikoan: boto eskubidea zuten 249 konpromisarioetatik 133k parte hartu zuten. Orduan, alderdiko Ruiz de Eginok BERRIAri adierazi zion «askatu» zela EAren etorkizunaren inguruko korapiloa, baina ez da halakorik iritsi.

Ramirezek eta ildo kritikoko gainerako kideek kongresu propio bat egin zuten asteburu hartan, eta salatu zuten «irregulartasunak» izan zirela Kongresu Nazionaleko bozketa telematikoetan; besteak beste, afiliatu kopuruak moldatu izana egotzi zioten zuzendaritzari.

Horiek horrela, EAko zuzendaritzak adierazi du osoki modu presentzialean egingo dutela azaroko kongresua, otsailekoa «garbia eta demokratikoa» izan zela erakusteko: «Hautetsontziei beldurrik ez diegunez, ez dugu arazorik berriro aurrez aurre egiteko, eta, horrela, bozketa telematikoen inguruan sortu nahi ziren zalantzak funtsik gabekoak zirela frogatu». Izan ere, adierazi du kritikoek jarritako salaketek «iragankortasun egoera» batean utzi dutela alderdiko zuzendaritza, eta horri buelta eman nahi diotela.

Bost urte

2017ko ohiko kongresuan bi ildo agertu ziren, eta idazkari nagusia aukeratzeko bozketan Pello Urizar nagusitu zitzaion Ramirez alderdikideari, hamalau botoren aldearekin. Baina, aste batzuk geroago, kritikoek Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile karguak eskuratu zituzten —ildo ofizialaren esku geratu ziren Ipar Euskal Herria eta Bizkaia—. Harrezkero, desadostasunak nagusi izan dira alderdian: politikoki, besteak beste, EAk EH Bildun izan behar duen rola dago eztabaidagai.

Bi urte geroago, Urizarren dimisioarekin, EAk primarioak egin zituen. Ordu hartan, baina, Hauteskunde Antolaketako Batzordeak baliogabetu egin zuen Ramirezen hautagaitza, Ipar Euskal Herrian nahikoa babes lortu ez zituela ebatzita. Erabaki hark Blancoren garaipena ekarri zuen, baina baita prozesu judizial baten hasiera ere.

Ildo kritikoak auzitara jo zuen, Ramirezen eskubide politikoak urratu zirelakoan, eta prozesu judizial luze baten ostean, irailaren iritsi zen behin betiko ebazpena. Epaileek erabaki zuten 2019ko primarioetan Ramirezen parte hartzeko eskubidea urratu zela, eta haiek berriz egin beharra zegoela. Era berean, EAren kongresuan hartutako erabaki guztiak etetea ere erabaki zuten.

Ramirezek adierazi zuen ebazpenaren ondotik primarioen prozesua martxan jarri beharko dela, «ziklo beltzari amaiera emateko». Zuzendaritzak, baina, gogoratu zion afiliazioa etenda daukala, ildo kritikoko zenbait kide alderditik kanporatu baitzituzten otsaileko kongresuaren ostean; tartean, Ramirez bera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.