Klima larrialdia

Berriztagarrien hedadura laukoiztu beharko da COP26 biltzarrean jarritako helburuak beteko badira

Energiaren Nazioarteko Agentziak eta Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziak egindako txosten baten arabera, berriztagarrien ahalmena %8 gehiago handituko da urte amaierarako, baina ez da nahikoa goi bileran hitzartutako helburuetara heltzeko.

Ibilgailu elektriko autonomo bat, Bangkokek azoka batean. NARONG SANGNAK, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 20a
16:39
Entzun

Iazko azaroan Glasgown (Eskozia) egindako COP26 goi bileran hartutako konpromisoak gainbegiratu dituzte Energiaren Nazioarteko Agentziak eta Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziak. Ondorioa argia izan da: helburuak beteko badira, laukoiztu egin behar da berriztagarrien urteroko hazkundea gaurtik 2030era. Ez da hori, hala ere, txostenean jaso duten aholku bakarra: zerrenda luzea da.

Txostena bera 45 estatuk eskatu dute. Horien helburua da datorren hamarkadan berriztagarriak izatea aukerarik irisgarriena, eskuragarriena eta erakargarriena CO2 gehien isurtzen duten arloetan. Azken hamarkadan, %130 ugaritu zen argindarra sortzeko berriztagarrietatik eratorritako energia, eta erregai fosiletatik eratorritakoa, %24. Dokumentuaren arabera, berriztagarrien ahalmena %8 handituko da urte amaierarako, 300 gigawatteraino, hau da, 225 milioi etxek behar luketen adina argindar. Ordea, adituen arabera, 2030erako nazioarteak 630 gigawatt gehiago lortu beharko lituzke eguzki argia baliatuta eta 30 gigawatt haize errotetatik.

Ibilgailuei dagokienez, berriz, Energia Berriztagarrietarako Nazioarteko Foroko kideei aholkatu diete jar ditzatela epemugak CO2a isurtzen duten ibilgailu berrien ekoizpenerako. Txostenean proposatzen dutena da ez dezatela halako ibilgailu gehiago ekoitzi 2035etik aurrera —urte horretan sartuko da debekua EB Europako Batasunean—, eta 2040tik aurrera gauza bera egin dezatela CO2a isurtzen duten ibilgailu astunekin. Iaz inoiz baino ibilgailu elektriko saldu zituzten munduan, 6,6 milioi, urte bat lehenago saldutakoak halako bi.

Mende amaierarako tenperaturen gehienezko igoera 1,5 gradura mugatu nahi bada, COP26 biltzarrean hitzartu modura, 2030erako elektrikoak beharko lukete ibilgailuen %60 inguruk, eta gaur egun baino hamar aldiz kargaleku gehiago egon beharko lirateke.

Nekazaritza alorrean ere helburu jakin batzuk zehaztu dituzte txostenean; izan ere, CO2 isurien %20ren erantzule da. Hala, aholkatu dute nekazaritza eta abeltzaintzarako lurrak gehiago ez zabaltzea, basogabetzea handitu ez dadin.

Energiaren Nazioarteko Agentziako zuzendari Fatih Birolek ohartarazi du elkarlana beharrezkoa dela helburu horiek guztiak beteko badira: «Nazioarteko elkarlanak soilik ahalbidetuko du energia berriztagarrietarako jauzia azkarragoa, merkeagoa eta errazagoa izatea. Hori gabe, baliteke karbono neutraltasuna hainbat hamarkada atzeratzea». Zehazki, txostena osatu duten adituen arabera, elkarlana «egokia» bada, 2050erako lor liteke neutraltasuna; aldiz, elkarlanik gabe, 2090era atzeratuko litzateke.

Neutraltasuna lehenago

Ekintza Klimatikorako Sarea plataformak zabaldutako azterketa baten arabera, EBk 2040erako lortu ahal izango luke karbono neutraltasuna, iragarri baino hamar urte lehenago. Horretarako, ordea, bere politikak aldatu beharko lituzke.

Sarea osatzen duten gobernuz kanpoko erakundeek uste dute oraindik ere lortu daitekeela gehienez 1,5 gradu igotzea, baina horretarako isuriak «nabarmen» murriztu beharko liratekeela 2030erako, berriztagarrien erabilera sustatuz eta energia aurreztuz.

Europako Batzordea, parlamentua eta Europar Kontseilua bihar hasiko dira aztertzen 2030erako isuriak %55 murrizteko proposamenak. Izan ere, gaur egungo politikekin jarraituz gero, %47 murriztuko lirateke isuriak 2030erako; aldiz, Ukrainako gerra hasi ostean, Europako Batzordeak aurkeztutako Repower EU egitasmoaren gidalerroei jarraituz gero, murrizketa %57rainokoa izan liteke. Ekologistek, baina, %66raino iristea dute helburu.

Hala, plataformak eskatu dio Bruselari industria prozesuen elektrifikazioa azkartzeko, baita berogailuena eta garraio arloarena ere, 2040erako erabiltzen den argindar guztia berriztagarrietatik eratorria izatea lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.