Energia

Espainiako Gobernuak dio ez duela Garoña berriz zabalduko

Teresa Ribera ministroak esan du «ezinezkoa eta bideraezina» dela Gaztela eta Leongo Juntaren proposamena: «Ateraldi ideologiko bat da».

Teresa Ribera, gaur, Espainiako Senatuan egin duen agerraldian. JUANJO MARTIN / EFE
2022ko irailaren 20a
20:23
Entzun

Espainiako Gobernuak ez du Garoñako zentral nuklearra berriz zabalduko. Hala baieztatu du gaur Teresa Riberak, Trantsizio Energetikorako ministroak: Gaztela eta Leongo (Espainia) Juntaren proposamena «ezinezkoa eta bideraezina» dela esan du, «ateraldi ideologiko bat» dela. EH Bilduko Idurre Bideguren senatariak egin dio galdera Riberari; izan ere, koalizioak pasa den astean eskatu zion Madrili nuklearrei buruzko eztabaida baztertzeko. Haien arabera ere, «zentzugabea» da Gaztela eta Leongo Juntaren proposamena.

Riberak diru publikoa alferrik xahutzea egotzi dio Juntari: «Ez dute dirurik suhiltzaileak kontratatzeko, ezta jendeari laguntzeko ere, ezta osasun zentroak irekitzeko ere, baina bai Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak dohainik emango zien ikerketa bat eskatzeko», salatu du.

Gogorarazi du badagoela Garoña desegiteko plan bat, eta, ahal den neurrian, eskualdea errekuperatzekoa. Esan du hango bizilagunek «erabateko bakardadea» pairatu dutela azken urteetan, eta Espainiako Gobernuak haiekin duen konpromisoa erabatekoa dela. «Desegiteko planaren egutegia adostuta dago zentralaren jabe guztien artean, eta ez dugu hura berrikusteko inongo asmorik» gehitu du. Amaitzeko, azpimarratu du Espainiak badituela nahikoa baliabide energia berriztagarrien aldeko apustua sendotzeko, energia nuklearraren beharrik gabe.

Juntaren asmoa

Arabatik hurbil dago zentrala, Burgosen, eta haren gaineko albisteei gertutik erreparatu zaie beti. Juntaren asmoa haren presidenteorde Juan Garcia-Gallardok jakinarazi zuen joan den asteartean; aditzera eman zuenez, azterketa bat egiteko asmoa dute oraingoz. Bi erreaktore berrirekin ireki nahi lukete zentrala, 2030erako. 2012an utzi zion energia sortzeari azpiegitura horrek, baina 2017an itxi zuten. Orain, desegiteko lanak hastekoak dira berez, eta onetsita dago horretarako plan bat.

Garcia-Gallardo Vox alderdi ultraeskuindarreko ordezkaria da Gaztela eta Leongo Juntan. Aditzera eman zuenez, ipini nahi lituzketen bi erreaktoreak «azken belaunaldikoak» dira: «Suedian, Finlandian, Frantzian eta Japonian darabilten teknologia da». Onartu du zentralean lanean ari diren teknikariek adierazi diotela erabili gabe urteak daramatzanez hondatuta dagoela azpiegitura, baina uste du hori ez dela arazo izango berriz martxan jartzeko.

Izan ere, nabarmendu zuen zentrala ez zutela itxi «funtzionamendu arazoak» zituelako, gobernuak ezarritako zergek «ito» egin zutelako baizik. Zentralaren matxuren gaineko albisteak, hala ere, ugariak izan ziren urte askoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.