Gerra Ukrainan

Gerra erretorika «zuhurtziarik gabe» erabiltzea egotzi dio NATOk Putini

Erreserbistak mobilizatzeko agindu du Putinek, «aberria babesteko». Armadan lehen ere arituriko 300.000 militar ohi deituko dituzte Ukrainan aritzera. Kieven arabera, Kremlinen pausoa «aurreikus» zitekeen,gerra ez baita garatzen ari Errusiak planeatu bezala. Txinak elkarrizketarako deia egin du, eta, AEBentzat, Mosku «ahulezia zantzuak» erakusten ari da hartutako erabakiarekin. Dozenaka lagun atxilotu dituzte Errusian, deiaren aurkako mobilizazioetan

Lidia, Mariupoleko errefuxiatu bat, 75 urtekoa, Putinen gaurko telebistako agerraldia ikusten, Moskun. SERGEI ILNITSKY / EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 21a
09:16
Entzun

Ukrainak aste batzuk daramatza herrialdearen ipar-ekialdean eta hegoaldean Errusiako indarrei kontraeraso egiten, eta, horiek horrela, Vladimir Putin Errusiako presidenteak mobilizazio partziala agindu du, «aberria babesteko, bere burujabetza eta lurralde osotasuna, eta gure herritarren segurtasuna». Argitu duenez, bakarrik erreserban daudenak deituko dituzte gerrara, hau da, armadan lehendik ere arituriko herritarrak. 300.000 militar ohi mobilizatuko dituzte. «Ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu». Gaineratu du arma nuklearrekin «mehatxatzen» dituztenek jakin beharko luketela haizea «euren kontra» bihur daitekeela. «Ukrainako hainbat eremutan bizi direnek ez dute neonazien menpe bizi nahi». Ukrainan okupatutako lurraldeetan Errusian sartzeko deitutako erreferendumak babestuko dituela esan du, bide batez. Mendebaldeari egotzi dio 2014an Errusiaren kontrako gerra bat hastea Ukrainan. «Errusiaren kontrako bere politika oldarkorrean, Mendebaldeak muga guztiak gainditu ditu».

Ikusi gehiago:Errusiak Ukrainan okupatutako lurraldeetan erreferendumak egitekoak dira

Euskal Herrian 08:00ak zirenean mintzatu zaie errusiarrei Putin, telebista bidez, 14 minutuko agerraldi batean. Aurten egiten duen molde bereko bigarrena du. Aurrekoa otsailaren 24an izan zen, eta iragarri zuen Errusiak «operazio militar berezia» hasiko zuela Ukrainan. Kieven erreakzioa segituan iritsi da. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podolyakek Twitterreko bere kontuan idatzi duenez, Errusiak emandako pausoa «aurreikus» zitekeen, gerra ez baita garatzen ari Errusiak planeatu zuen bezala, Kieven arabera. Zelenski gauean da mintzatzekoa NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian. Nolanahi ere, Alemaniako Bild telebista katean azpimarratu du ez duela uste Putinek arma nuklearrak erabiliko dituenik. «Ez dut uste munduak utziko dionik». Kremlineko buruari egotzi dio Ukraina «odoletan ito nahi izatea; are, bere soldaduen odolean». Gaineratu du bake elkarrizketak onartuko dituela «soil-soilik» Putinek agintzen duenean Errusiako indarrak Ukrainatik ateratzeko. Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen idazkari nagusiak Errusiako presidentea kritikatu du gerra erretorika «arriskutsua eta zuhurtziarik gabekoa» erabiltzen ari dela aurpegiratuta.

Sergei Xoigu Defentsa ministroak zehaztapen gehiago eman ditu Putinek agindutako mobilizazioaren inguruan. Esan duenez, «inolaz ere» ez ditu deituko ikasleak edo beste herritarrak, baizik eta lehen ere armadako kide izandakoak bakarrik. Vesna oposizioko mugimenduak mobilizazioaren aurka protesta egitera deitu du gaur, eta elkarretaratzera deitu du Errusiako hainbat hiritan. Horietan dozenaka lagun atxilotu dituzte, OVD-Info gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Ikusi gehiago:Erdoganen ustez, Putinek «ahalik eta azkarren» amaitu nahi du gerra

Txinak elkarrizketarako deia egin du, eta Wang Wenbin Atzerri Ministerioko aholkulariak nabarmendu du «irtenbide bakezale bat» helburu duen edozein ahalegin babestuko duela. Pekinek gogorarazi du, bide batez, gerra hasi zenetik ez duela jarrera aldatu, eta hori «argia» izan dela. Eskatu du, berriro, herrialde guztien «lurralde batasuna» errespetatzeko, Ukrainarena barne, baina baita, Errusia zuzenean aipatu gabe, herrialde guztien «kezka zilegiei» erreparatzeko ere. Gainera, Errusiari ezarritako zigor ekonomikoak kritikatu ditu, ez direlako nazioarteko zuzenbidean oinarritzen. Putinek eta Xi Jinping Txinako presidenteak harreman ona dute, eta joan den astean batzartu ziren.

AEBentzat, «ahulezia zantzuak» erakusten ari da Mosku, bai okupatutako lurraldeetan Errusiarekin bat egiteko erreferendumak «antolatzeagatik», bai mobilizaziorako deiarengatik. Hori adierazi du AEBek Ukrainan duten enbaxadore Bridget Brinkek, Twitterreko bere kontuan. Bruselaren iritziz, «desesperatuta» dago Putin, eta horregatik hartu du erabaki hori. «Ez dago bakean interesaturik», adierazi du Peter Stano Europako Batzordearen Atzerri bozeramaileak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo esan zuenez, Luhanskeko eta Donetskeko herri errepublikek eta Moskuren menpeko Khersonek eta Zaporizhiak Errusiaren parte bilakatzeko erreferendumak egiten badituzte, zigor ekonomiko gehiago jarriko dizkiote Kremlini, eta Stanok berretsi du galdeketen iragarpenak «ondorioak» izango dituela. Hilaren 23tik 27ra dira egitekoak.

Hegaldiak, beteta

Putinek hartutako erabakiaren ondorioz, Errusiatik ateratzeko hegaldiak bete egin dira. Reuters berri agentziaren arabera, bilaketa kopurua nabarmen handitu da hegaldiak erosteko Errusiako webgune nagusian, Aviasales-en, eta, orduan, Moskutik Istanbulerako (Turkia) eta Erevanerako (Armenia) hegaldi zuzenak bete dira. Errusiarrak bisarik gabe sar daitezke bi herrialde horietan. Gainera, ezin dira txartelak erosi geldialdiak dituzten ibilbideetarako, adibidez Mosku eta Tbilisi (Georgia) arteko bidaiarako.

Bonbardaketa Zaporizhian

Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, TASS Errusiako berri agentziaren arabera, bonbardaketa batek Zaporizhiako zentral nuklearreko (Ukraina) ur hodi bat hondatu du Europako zentral nuklear handiena da, eta Errusiak kontrolpean du joan den martxotik, han lanean ari diren teknikariak ukrainarrak diren arren. Errusiak eta Ukrainak elkarri egozten diote instalazioaren segurtasuna arriskuan jartzea bonbardaketen ondorioz. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako adituek zentralaren egoera aztertu zuten irail hasieran; ondorengo txostenean, eskatu zuten «segurtasun nuklearrerako babes eremu» bat sortzeko instalazioaren inguruan, eta nabarmendu egoera «eutsiezina» dela.

Bestalde, Errusiak Kharkiv bonbardatu du, atzera, goizaldean. The Guardian egunkariak jaso duenez, irismen luzeko misil batzuk jaurti ditu. Putinek bere erabakiaren berri eman aurretik heldu da erasoa. Ukrainako hiri handienetan bigarrena da, eta maiz bonbardatu dute azken hilabeteetan. Ukrainako armadaren kontraerasoa dela eta, ordea, Errusiak hiritik eta eskualdetik alde egin zuen duela pare bat aste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.