Hezkuntza Legea

LABek mobilizazioa egingo du urriaren 6an, «euskal eskola publiko eta komunitarioa» aldarrikatzeko

LABek «gabezia handiak» ikusten dizkio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuari langileen lan baldintzen arloan.

Tobar eta Aranburu, gaur goizean, LABek Bilbon eman duen prentsaurrekoan. LAB
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 23a
12:45
Entzun

Sistema propio bat garatzearen ingurukoak, langileen lan baldintzenak, eskola publikoaren garrantziari buruzkoak... LAB sindikatuak gabeziak ikusten dizkio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroari, eta, horien berri eman eta proposamenak egiteko, prentsaurrekoa egin dute Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Irati Tobar hezkuntza arduradunak, Bilbon. Iruditzen zaie beharrezkoa dela mobilizazioak egitea, «langileen aldarrikapenak kontuan izateko eta Hezkuntza Legean eragiten jarraitzeko». Hori horrela, sindikatuak mobilizazio bat antolatu du urriaren 6rako, Gasteizen. 12:00etan elkartuko dira, Bilbo plazan. «Euskal eskola publiko eta komunitarioa helburu, Hezkuntza Legea bide horretan trantsiziorako legea izan dadin, eragiten jarraitu beharra dago».

Izan ere, LABen esanetan, horixe izan behar du Hezkuntza Legearen jomuga; «euskal eskola publiko komunitariorako, sare publiko eta berri baterako» trantsiziorako bidea izatea, alegia. Xede hori buruan, zenbait ekarpen egin dizkiote aurreproiektuari. Esaterako, sistema propio bat erdiesteko dituen «gabeziak» aipatu dituzte. Horrela laburbildu dute: «Hezkuntza eskumen osoaren transferentzia eta hezkuntza gaietan erabaki ahalmen osoa beharrezkoa dela jaso behar da». Gainera, esan dute legez jasota egon beharko litzatekeela euskal curriculuma garatzea eta sistema osoan ezartzea, «epe laburrean», baita langile propioak edukitzeko eskubidea ere.

Eta langileen eskubideei dagokienez, «gabezia handiak» sumatu dituzte. Horri buelta emateko asmoz, sare publikoaren kasuan, eskatu dute legean jasotzea ezingo direla egon gaur egun baino langile gutxiago, eta itunpekoaren kasuan, bertako langileen lan baldintzak sare publikoko langileen lan baldintzekin «homologatzea» nahi dute.

Langileen eskubideez harago, hezkuntzaren erronkei erantzuteko sistemak izan beharreko ezaugarriak ere jakinarazi ditu LABek. Argi dute eskola publikoak izan behar duela «ardatza», eta, horretarako, Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa «berehala» aurkeztea galdegin dute, bertan eskola publikoetako azpiegituretarako eta lan baldintzetarako zenbat diru jarriko duten azalduta. Nahi duten ikastetxeek —betiere «alde sozialarekin» negoziatuta» publifikatzeko modua argitzeko ere eskatu dute, baita Haurreskolak partzuergoa sustatzeko ere: «Bertatik bermatuko da eskaintza unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa».

Itunpekoei, baldintza zehatzagoak

Halaber, publikoa indartzearekin batera, Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatzen duten ikastetxeen betebeharrak gehiago zehaztea nahi dute. Hiru arlori erreparatu diote: euskalduntzeari, laikotasunari eta inklusioari. Lehenengoari dagokionez, zehaztasuna falta dela nabaritu dute: «Euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas eredu bakarra ezarri behar da, egungo hizkuntza ereduak gaindituz». Bigarrenari dagokionez, laikotasuna ere oso modu «lausoan» agertzen dela begitandu zaie: «Ez du bermatzen diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan doktrinamendu erlijiosorik ez dutenik egingo». Eta, azkenik, inklusioa: «Segregazioari aurre egiteko asmo eta neurri batzuk jaso arren, hemen ere zehaztasuna falta da». Hain zuzen ere, ikasleak onartzeko prozedura bakar bat arautzea proposatu dute, baita Udal Hezkuntza Kontseiluen eskumenak zehazteko zuzenketak egin ere. Halaber, adierazi dute legeak jaso beharko lukeela baldintzak betetzen ez dituzten ikastetxeei ituna kenduko dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.