Kontu ekonomikoak

Nafarroako ekonomiaren moteltzea baieztatu du Nastatek

Urteko bigarren hiruhilekoan %5,9 handitu ziren soldatapekoen diru sarrerak, eta %14,5 enpresen eta autonomoen irabaziak.

Iruñeko Volkswagenen aparkalekua, amaitu gabeko autoz beteta, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 23a
16:37
Entzun

Nastatek berretsi egin ditu uztailaren amaieran aurreratutako datuak. Horien arabera, Nafarroako barne produktu gordina %0,7 handitu zen aurtengo lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta %4,5 urte arteko tasan. Aurreko bi hiruhilekoekin alderatuz gero, moteltzea nabarmena da, 2021ko azkenekoan eta 2022ko lehenengoan %1 handitu baitzen BPG barne produktu gordina; moteltzea are nabariagoa da urte arteko tasan: bi puntukoa.

Halako moteltzerik ez du neurtu Eustatek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: hiru lurralde horietako ekonomia %1,1 handitu zen apirilaren hasieratik ekainaren amaiera arte, eta %5 urte arteko tasan.

Beste lurraldeetan bezala, Nafarroan ere industria indarra galtzen ari da hazkundearen motor gisa, zerbitzuen mesedetan. Urte arteko tasak eman ditu Nastatek, eta horietan ikusten da Nafarroako industriaren hazkundea %7,4tik %2,1era murriztu dela azken hiruhilekoan; zerbitzuena, berriz, %7tik %6,2ra. Eraikuntza %5,4 hazi zen, eta nekazaritza, berriz, %1,6.

Zerbitzuen hazkundea lotuta dago kontsumo pribatuaren bilakaera onarekin: %4,2 hazi zen, administrazioek egindakoaren oso gainetik (+%0,5). Are sendoago dago enpresen inbertsioa, %5,1eko hazkundearekin.

Aberastasunaren banaketa

Ekonomiak sortutako aberastasunaren banaketari buruzko beste datu interesgarri bat ematen du Nastatek: soldatapekoen diru sarrerak %5,9 handitu dira, baina are gehiago (+%14,5) esplotazioaren soberakin gordina, hau da, enpresen eta autonomoen irabaziak. Are gehiago, soldatapekoen batez besteko soldatak %2,3 handitu ziren bigarren hiruhilekoan, inflazioaren oso azpitik (%10,2 Nafarroan, ekainean).

Enpleguak datu onak eman ditu —%4 handitu da urte arteko tasan—, batez ere zerbitzuetan (+%6) eta eraikuntzan (+%3,1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.