Kontu ekonomikoak

Zerbitzuak industriari erreleboa hartzen ari dira ekonomiaren hazkundean

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %1,1 hazi zen urteko bigarren hiruhilekoan, aurretik kalkulatutakoa baino bi hamarren gehiago.

Terrazak Bilboko Ledesma kalea okupatzen. Ostalaritzak ekarpen handia egin dio BPGari. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 22a
11:20
Entzun

Udazkena eta negua ekonomia aldetik gogorrak izan daitezkeen zantzuak eta usteak zabaltzen ari dira, eta eurogunean atzeraldi bat izan daitekeela dioten iragarleak ez dira falta. Egoera horretara, ordea, datu makroekonomiko onekin iritsiko da euskal ekonomia. Udari buruzko lehen datuak hilabete barru jakingo dira, baina turismoaren ekarpenari esker, datu positiboak espero dira. Udaren aurrekoak, berriz, baieztatzen dute hazkunde erritmoa apaldu egin dela 2021arekin alderatuta, baina ez gehiegi.

Eustatek gaur eman ditu kontu ekonomikoen 2022ko bigarren hiruhilekoari buruzko datuak, eta zuzendu egin ditu uztailean aurreratutakoak. Orduan esan zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,9 hazi zela aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, baina, orain, informazio gehiago bildu ondoren, %1,1era igo du hazkundea.

Urteko lehen hiruhilekoaren datu bera da —hura ere zuzendu du Eustatek—, baina, harekin alderatuta, bada aldaketa esanguratsu bat: 2021 amaieran eta 2022 hasieran industria izan zen hazkundearen motorra, pandemiaren unerik gogorrenetan galdutako ekoizpena berreskuratzen ari zelako. Baina Ukrainako gerrak eta hark areagotutako energia krisiak kalte egin diote industriari: %2,4tik %1,1era jaitsi da haren hazkundea. Manufaktura hutsari dagokionez, %2,8tik %1,7ra moteldu da.

Kontrako bidean doaz zerbitzuak, %0,6tik %1,4ra egin baitu gora, kontsumo handiagoak bultzatuta. Haren barruan merkataritza, ostalaritza eta garraioa hazi dira gehien (+%3,1), administrazioaren eta gastu sozialen ekarpena jaitsi egin delako.

Eraikuntzak behera egin du apiriletik ekainera arteko asteetan (-%1,8), eta gorakada handia izan du lehen sektoreak, %11,8ko hazkundearekin.

Aurreikuspenak, betetzeko bidean

Urte arteko tasa ere zuzendu du Eustatek, eta asko gainera. %4,3ko hazkundea zena %5 bilakatu da. Aurreko hiruhilekoan baino gutxiago da (+%5,8), baina, udan ezustekorik ez bada, eskura dirudi Eusko Jaurlaritzak urte osorako egindako azken iragarpena, %4,5ekoa.

Lurralde historikoen artean ez dago alde handirik: %5,1 hazi da Bizkaia, %4,9 Araba, eta %4,8 Gipuzkoa.

35.000 lanpostu urtebetean

Enpleguari dagokionez —lanaldi osoko lanpostuetan neurtuta—, %0,8 egin du gora urteko bigarren hiruhilekoan, eta %3,7, berriz, urte arteko tasan. Horrek esan nahi du iazko udaberrian baino 35.525 lanpostu gehiago zeudela.

Zerbitzuetan sortu dira enplegu gehien (%4,3 azken urtean), eta modu apalagoan industrian (%2,4) eta eraikuntzan (%1,5). Lehen sektorean, aldiz, %1,9 gutxitu dira lanpostuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.