Euskara

Behatokiak eta Kontseiluak «kezkaz» hartu dute Gorenaren erabakia

Agurne Gaubekaren arabera, bereziki kezkagarria da lan deialdietan euskara eskakizunak «bakarrik» judizializatu nahi izatea, eta horren harira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «sindikatu, eragile eta alderdi batzuk» hartu duten jarrera

Agurne Gaubeka, apirilean, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
joxerra senar
2022ko irailaren 24a
12:54
Entzun

«Ez da harritzekoa». Atzo arratsean Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi zuen ez duela tramitera onartu Irungo Udalak aurkeztutako kasazio helegitea. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariaren arabera, ezin da ezer onik espero epaitegietatik. Bat dator ere bai Paul Bilbao Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusia.

«Espainiar Konstituzioan bertan ezartzen da gaztelania jakiteko eta ezagutzeko betebeharra baina ez euskara ezagutzekoa. Bide horretatik ez goaz inora», gogora ekarri du Gaubekak. Ildo beretik, Paul Bilbaok testuinguru orokorrari erreparatu dio, eta nabarmendu du epaitegiak hizkuntz politikan eta araubideetan esku hartzen ari direla epai bidez, eta jokabide horrek are gehiago murriztu ditzakeela herritarren hizkuntz eskubideak.

Iaz, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Irungo hamabi udaltzain postuetarako euskararen ezagutza eskatzea «diskriminatzailea» zela euskara ez zekiten hautagaientzat. Irungo Udalak errekurtsoa jarri eta atzo heldu zen Gorenaren erabakia: ez du tramitera onartu ere egin, aurkeztutako idatziak kasazio helegite bati eskatu beharreko irizpide nahikorik ez duela argudiatuta.

Ikusi gehiago:Gorenak ezetsi egin du Irungo udaltzainen euskara eskakizunei buruzko helegitea

Forma akats bat izan badaiteke ere, Gaubekaren ustez, «marjin txikia» dago, eta epaitegien bidetik ezer ez dela lortuko uste du.

Halaber, «harrituta» agertu da baita ere, euskara eskakizunen inguruko epai judizialek hartu duten dinamikaren aurrean eta aurrera begira etor daitezkeen erabakien harira. Aintzat hartu behar da berriki Gasteizko Administrazio Auzitegiak udaltzainen lan poltsan euskarazko B2 maila eskatzearen aurka egin duela eta Jaurlaritzak erabaki horren aurkako helegitea iragarri duela.

Epaitegietako bidea

Hala, bere ustez, fokua salaketa aurkezten dutenengan jarri beharko litzateke. Irungo Udaltzaingoaren euskara eskakizunaren aurka CCOO sindikatuak jo zuen, eta udaltzainen lan poltsaren aurka UGTk. «Hemen atzean badira sindikatu batzuk, eragile batzuk, alderdi batzuk, euskarazko eskakizunen aurka bakarrik egiteko», nabarmendu du Gaubekak. Gaineratu du hori Nafarroan «ohikoa» izan dela, eta orain joera hori EAEra zabaldu dela.

Horregatik, beharrezkotzat jo du gogoeta egitea eta mahai baten inguruan biltzea aztertzeko herritarren eskubideen «alde edo kontra» dauden eragileak. Izan ere, Gaubekaren arabera, epaitegietarako bidea soilik hartzea euskara tartean dagoenean, euskararen kontrako jarrera adierazteaz gain herritarren berdintasunaren kontra egotea ere bada.

Bere irudiko, epaitegietako bidea hartzen dutenek uste dute herritarrek zerbitzua gazteleraz jasotzea «garrantzia handiagoa» duela euskaraz jasotzeak baino. Argi du egun «segurtasun osoz» aritu daitezkeela herritarrak gaztelaniaz; ez, aldiz, euskaraz. «Herritarren kexak ditugu, udaltzainetara deitzean, ez zegoela inor euskaraz artatzeko gai zenik eta zerbait nahi izanez gero gaztelaniaz egin beharko dutela esanez. XXI. mendean, oso larria iruditzen zaigu hori».

Botere judizialaren esku hartzea

Behatokiaren irakurketarekin bat egin du Paul Bilbao Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak eta beste ideia bat gaineratu nahi izan du. «Botere judiziala hizkuntz politikan esku hartzen ari da, eta ez dagokio hori egitea». Testuinguru horretan kokatu ditu azken erabaki judizialak, baita ere katalanaren balorazioaren inguruko azken ebazpenetan.

Kontseilua ez du harritzen jokaera horrek, eta «oldarraldi baten barruan» kokatzen du. «Hizkuntz araubidearen berrirakurketa bat egiten ari dira epai bidez eta irakurketa horrek are gehiago murriztuko ditu gure eskubideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.