Albistea entzun

Hizkuntza eskubideak jomugan

Gorenak ezetsi egin du Irungo udaltzainen euskara eskakizunei buruzko helegitea

EAEko Auzitegi Nagusiaren iazko epaiari Irungo Udalak jarritako kasazio helegitea ez du onartu Auzitegi Gorenak. Argudiatu du udalaren idatziak ez duela betetzen legearen exijentzia nahikorik.

Udaltzainak, Irungo udaletxearen aurrean, artxiboko irudian.
Udaltzainak, Irungo udaletxearen aurrean, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko irailak 24

Forma akatsa iritzita, Auzitegi Gorenak atea itxi dio Irungo Udalari. Euskadi Irratiak aurreratu duenez, Espainiako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien aretoak ez du tramiterako onartu udalak euskara eskakizunaren alde aurkeztutako kasazio helegitea.

Iaz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» zela Irungo udaltzain lanposturako deialdietan euskara jakitea eskatzea. Epaiak haserrea piztu zuen, eta udalak berak kasazio helegitea aurkeztu zuen, baina Auzitegi Gorenak ez du hura onetsi. Idatziak legez bete beharreko exijentziarik ez duela bete iritzi dio auzitegiak. Hortaz, itxitzat eman daiteke auzibide hori.

Irungo hamabi udaltzain lanpostutarako deialdietan euskaraz jakiteko eskakizuna onartu zuen udalak, eta erabaki horren aurka salaketa jarri zuen CCOOk. Iazko maiatzean, EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak argudiatu zuen eskakizun hori «diskriminatzailea» zela euskara ez dakitenentzat.

Auzitegi Nagusiaren erabaki hura irmo deitoratu zuten Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, iritzita euskaldunek administrazioan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea urratu zela eta epai «politikoa» zela.

Epai hark bere erabaki baten kontra egin zuela eta, Irungo Udalak auzibidean aurrera egin zuen aste batzuk geroago. Une hartan, aukera ikusten zuen Auzitegi Nagusian bertan helegitea jartzeko, baina auzialdian gora, Gorenera jotzeko asmoa zuela baieztatu zuen. Hamabost hilabete geroago, Gorenak amaitutzat jo du auzi jakin hori.

Printzipioz, baina, ez luke zertan eragin antzeko beste auzietan. Izan ere, aste berezi batean etorri da kasazio helegitea aintzat ez hartzeko Gorenaren erabaki hori. Udaltzainen 2021eko lan poltsari UGT sindikatuak aurkeztutako helegite baten harira, asteon Gasteizko Administrazio Auzitegiak ere «diskriminatzailetzat» jo du euskararen ezagutza eskatzea tokiko poliziei.

Erabaki horren aurrean, Jaurlaritzak irmo salatu du epaiaren edukia. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Gasteizko epaitegi horrek ez du aintzat hartu lau hamarkadaz administrazioan egin den bidea.

Ez du mamia aztertu

Jaurlaritzak helegitea aurkezteko asmoa iragarri du aste honetan, Gasteizko auzian, eta testuinguru horretan etorri da Irungo udaltzainen inguruko Gorenaren erabakia. Dena den, aintzat hartu behar da Auzitegi Gorena ez dela sartu auziaren mamia aztertzera oraingo honetan. Ondorioz, juridikoki ez du eman behin betiko argudiorik. Ustez, Jaurlaritzaren helegite horrek oraindik bidea luke egiteko, beraz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elgea-Urkillako parke eolikoa, Araba eta Gipuzkoaren arteko mugan. ©JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS..
Euskaraldiaren hirugarren aldiaren aurkezpena, iazko azaroan, Iruñean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Gaur zabalduko dute Euskaraldirako izen ematea, begia lorpenetan jarrita

Julen Aperribai

Erronka zehatzetan eta praktika linguistikoetan indar berezia egingo du aurten ariketa sozialak. Sozializaziorako gogoa egitasmoaren alde baliatu nahi dute

Elkarretaratzea egin zuten atzo Elgoibarren. ©JON URBE / FOKU

Irmo gaitzetsi dute kalean azken hilketa matxista

Julen Otaegi Leonet

Soraluzeko Udalak (Gipuzkoa) kontzentraziora deitu du gaur 19:00etarako. Udalak herritar guztiei eskatu die elkarretaratzera bertaratzeko

Ikasleak Gasteizko Angel Ganivet eskolan, artxiboko irudian. ©JUANAN RUIZ / FOKU

Zortzi urtez zuzendari izanda, urtebetez ez dute eskolarik eman beharko

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritza ontzen ari den dekretuak eskola publikoetan izango du eragina. Bi agintaldiren ostean kargua utzitakoek lehentasuna izango dute beste ikastetxe bat aukeratzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.