Hezkuntza Legea

EH Bilduk bermatu nahi du hezkuntza komunitateak Hezkuntza Legearen eztabaidan parte hartzea

Koalizio abertzaleak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroaren balorazioa egin du. Iragarri du «zuzenketa asko» egingo dizkiotela.

Pello Otxandiano, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 26a
16:44
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa zeresana ematen ari da. Gaur, EH Bilduk egin du bere lehen balorazioa, gaia Mahai Politikoan aztertu ostean Donostiako egoitzan egin duten prentsaurrekoan. Aurreproiektua irakurrita, orain eztabaida «sakona, gardena eta zorrotza» egiteko unea dela aipatu du koalizio abertzalearen programa zuzendariak, Pello Otxandianok. Eta, horretarako, nahitaez hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatu behar dela iruditzen zaio: «Ezinbestekoa da hezkuntza komunitatea parte egitea; deliberazio prozesu bat martxan jarri beharko litzateke».

Izan ere, ikusten dute badagoela arrisku bat arlo horretan: eztabaida politikoaren eta egunero ikastetxeetan dauden profesionalen jardunaren, kezken edo arazoen artean distantzia dago. Hala azaldu du Otxandianok: «Oso urrun ikusten ari dira eztabaida hau, edo ez dago behar den konexiorik, gertutasunik edo sintoniarik hezkuntza komunitatearen eta eztabaida politikoaren artean». Dena den, gogorarazi du oraindik urtebete inguru iraungo duen eztabaida daukatela aurretik: «Lasaitasuna behar dugu, anbizioa behar dugu eta patxada hartu behar dugu, ahalik eta eztabaida sakonena, gardenena eta zorrotzena egiteko».

Hezkuntza Legearen lehen oinarriak jarrita daude dagoeneko: Eusko Legebiltzarrean lau alderdi nagusiek apirilean sinatu zuten hezkuntza akordioa eta berriki Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa. Lehenengoa bigarrenean islatuta ote dagoen galdetuta, Otxandianok erantzun du oraindik ez dela garaia eduki zehatzen balorazioa egiteko, baina aurrerapen bat egin du: «Ez gara hasi oraindik [aurreproiektuaren zirriborroaren] zuzenketak idazten, baina seguru gaude zuzenketa asko egingo dizkiogula». Arrazoiak eman ditu: «Uste duguna da hezkuntza akordioaren letrari dagokionez zer hobetu asko dagoela, baita hezkuntza akordioaren izpirituari dagokionez ere». Adibide bat ere eman du. Otxandianoren hitzetan, hezkuntza ituneko «muina» Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera da. Bertan sartuko lirateke baldintza batzuk betetzen dituzten ikastetxe guztiak —publikoak nahiz itunpekoak—, eta betebehar nahiz eskubide berdinak edukiko lituzkete. Alabaina, Otxandianok gaitzetsi du itunean jasota zeudela bertan sartzeko betebeharrak, baina aurreproiektuan ez dela horrelakorik.

Sistema eraldatzeko aukera

Koalizioaren programa zuzendariak nabarmendu du hezkuntzarena ez dela «edozein eztabaida politiko», eta Hezkuntza Lege berriaren garrantzia nabarmendu du: «Iruditzen zaigu oso kontziente izan behar garela zer den jokoan dagoena, eta horren araberako politikagintza bat behar dugula, ez baita edozein lege». Aurrez azaldu izan duten bezala, Otxandianok gogorarazi du EH Bildurentzat «euskal hezkuntza sistema propio baterako» trantsiziorako lege bat izan behar duela.

Hori buruan, bi norabidetan lan egingo du EH Bilduk. Batetik, hezkuntzaren gaineko «mugarik gabeko eztabaida bat» egin asmo dute. Bestetik, koalizioak hitzeman du beraiek izango direla «letra eta izpiritua» legean jasota geratuko dela bermatuko dutenak. Gaur egun hezkuntzaren arloan dagoen aukera galdu ezin dutelakoan daude: «Gure onena jarriko dugu aukera hau baliagarria izan dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.