Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Espazioa

Arrakastaz lortu dute asteroide bat tirokatzea, egunen batean Lurra salba lezakeen ariketa batean

Asteroidearen erditik 17 metrora jo dute. Zuzenean ikusi ahal izan da proba. Orain, kalkuluak egin beharko dituzte, jakiteko zenbat desbideratu den kolpaturiko objektuaren orbita. BIDEOA albistearen barruan.

Dimorphos asteroidea, DART zundaren kamerarekin ikusita, kolpea baino segundu batzuk lehenago
Dimorphos asteroidea, DART zundaren kamerarekin ikusita, kolpea baino segundu batzuk lehenago NASA Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2022ko irailak 27 13:28

«Lurtarrok lasaiago egin dezakegu lo orain», esan du Elena Adams Johns Hopkins Unibertsitateko fisikariak. Izan ere, egunen batean gizakiak —eta Lurreko gainerako biztanleak— salba ditzakeen esperimentua egin dute bart, gure planetatik 11 milioi kilometrora. NASAk arrakastaz lortu du espaziontzi bat asteroide baten kontra jaurtitzea, horren orbita aldatzeko asmoz. Horren bidez, etorkizunean Lurra mehatxupean jar dezaketen espazioko objektuak desbideratzen ikastea espero dute.

Zuzenean ikusi ahal izan da proba, segundoko irudi bat bidali baitu zundak. Hasieran, Didymos eta Dimorphos asteroide sistema puntutxo distiratsu bat baino ez da izan pantailan. Minutuek aurrera egin ahala, handituz joan da, eta, une batean, bi objektuak bereizi ahal izan dira. Gero, Dimorphos gero eta handiago ikusi da, eta azkeneko segundoetan pantaila osoa bete du. Gero, irudi hautsi bat bidali du DARTek, azkenekoa, talkaren eraginez erabat suntsitu baita.

Gizateriaren historian mugarri bat jarri probak. Lehen aldiz, gizakiek jaurtitako gailu batekin asteroide bat jo dute, ikusteko kolpeak ahalmena duen hura desbideratzeko.

Lurra Defendatzeko Programaren barruan pentsatu eta gauzatu dute DART misioa. Dimorphos asteroidea izan da helburua. Ez dago Lurraren ibilbidean, eta ez dago hark planeta suntsitzeko arriskurik.

Lurrarentzat arrisku izan daitezkeen asteroideak zaintzeko ATLAS sistemak dituen teleskopioekin ikusi ahal izan dute DARTen talka, eta horrek eragin duen hauts hodeia.

Iazko azaroaren 23an jaurti zuten DART zunda, Kaliforniatik (AEB). Asteroide Bikoitza Birbideratzeko Proba moduan euskaratu daiteke haren izena, baina dardo gisa itzul daiteke akronimoa. DARTek arazorik gabe egin du ia urtebeteko bidaia kamikazea.

Didymos eta Dimorphos asteroide bikote bat dira, eta Eguzkiaren inguruan orbitatzen dute. Didymos da bikoteko asteroide nagusia: 780 metro pasatxoko diametroa du. Dimorphos haren inguruan biraka dabilen ilargitxoa da, ia 162 metroko diametrokoa. Beraz, esan daiteke zehaztasun handiko tiro ariketa bat egin dutela.

DARTek 570 kilo ditu, eta, abiada horretan, kolpea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Ilargiaren erditik 17 metrora jo du, segundoko 6,6 kilometroko abiadan. Krater bat sortuko zuen, ziurrenera, baina hori datozen orduetan ikusi ahalko da.

Kalkulatu dutenez, horrek segundoko 0,4 milimetroko abiadura aldatuko dio Dimorphosi. Beraz, asteroidearen orbita apur bat bakarrik aldatzea espero dute.

Baina, horren bidez, kalkulatu ahalko dute etorkizunean nolako dardoa beharko den Lurra mehatxupean jartzen duen objektu bat desbideratzeko. Halako distantzia handietan, ibilbidea apurtxo bat aldatzea nahikoa da objektua erabat desbideratzeko.

Lur planetako teleskopio ugari puntu horretara begira egon dira, eta NASAk esan du talkaren irudiak lortu ahalko direla. Baina zundarekin batera bidaia egin duen Italiako Licia Cube sateliteak 50 kilometrotik ikusi eta neurtu behar zuen gertatutakoa. Horrek harturiko irudiak bidaliko ditu Lurrera, datozen ordu eta egunetan.

Baina neurketa zorrotzak Hera zundak egingo ditu, bost urte geroago. ESA Europako Espazio Agentziak 2024an jaurtiko du zunda, eta 2027. urtean helduko da. Orduan jakingo da nola aldatu duen talkak asteroideen ibilbidea.

ESA eta NASA 2015. urtetik ari dira elkarlanean AIDA programan, planeta asteroideen mehatxuetatik defendatzeko

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Lagun talde bat Bilboko Pabiloi 6 antzeztokiaren aurrean, artxiboko irudi batean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Abandonutik ekosistemara

Amaia Igartua Aristondo

Hutsik dauden industria nabeak erabili dituzte artista batzuek kultur proiektuak sortzeko. Bilboko Zorrotzaurren, Pabiloi 6 da ereduetako bat. Guneon ekarpenak aletu dituzte 'Bigarren ekitaldia' filmean.
Jamalus Orion taldeko kideak League of Legends jokoaren norgehiagokan, atzo, Bilboko BAT dorrean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gatazkaren zuzeneko kontaketa

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko BAT dorrean League of Legends online bideojokoaren lehiaketa bat antolatu dute. Bataila jokoa da, baina futbol partida bat bezala kontatu dute, eta sarraskiak txalotu dituzte ikusleek.
Joseba Ossa, etxeko saunan. ©JON URBE / FOKU

Sauna, bizitzaren ardatz

Ane Insausti Barandiaran

Finlandian oso errotuta dago saunaren kultura, eta bai helduek eta bai gazteek eusten diote tradizioari. Euskal Herrian ere badira zaleak, eta esperientzia «sakona» dela diote. Hainbat ikerketaren arabera, ona da osasunarentzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...