Hilketa matxista

Soraluzeko andrearen hilketa gaitzetsi dute dozenaka lagunek Elgoibarren

Soraluzeko Udalak elkarretaratzera deitu du biharko, 19:00etarako.

Soraluzeko andrearen hilketa gaitzesteko elkarretaratzea, Elgoibarren. JON URBE, FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko irailaren 27a
11:12
Entzun

Soraluzeko (Gipuzkoa) andrearen hilketa matxistak atsekabea eragin du, eta hura gaitzesteko kontzentrazioak antolatu dituzte. Elgoibarko mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute arratsean dozenaka bizilagunek; udalak bat egin du harekin. Soraluzeko Udalak, berriz, biharko deitu du, 19:00etarako, Plaza Berrian.

Elgoibarren, herritarrek irmoki salatu dute gertatua, eta aldarrikatu dute ez dela izanen erantzunik gabeko erasorik: gogor eginen dute, aldiro, indarkeria matxistaren kontra, nabarmendu dutenez. Suminez egin dute oihu bizilagunek.

Elkarretaratzean izan da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburu Beatriz Artolazabal. Gogor gaitzetsi du hilketa hark ere, eta babesa azaldu die biktimaren hurbilekoei. «Ez zait buruan sartzen nola hil daitekeen inor emakume izate hutsagatik», adierazi du sailburuak. Harridura ere azaldu du, dioenez ez baitu ulertzen «horrelako arazoak nolatan ez dituzten pertsonen barrenak nahasten».

Halaber, Soraluzeko Udalak gogorki «kondenatu» du andrearen heriotza. Gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeriaren «parte bat soilik» erakusten dutela hilketa matxistek. «Tragedia horrek euskal erakundeok eta gizarte osoak berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunarekin aurrez aurre jarri gaitu», erantsi du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak «onartu ezinezkotzat» jo du Benidormeko hilketa. Halakoak «giza eskubideen urraketa handienak» direla azpimarratu du, eta tamalez nahi baino gehiagotan jazotzen direla. Jakinarazi du instituzioko ordezkariek parte hartuko dutela hilketa matxista salatzeko deialdietan.

Espainiako Poliziak herenegun gauean topatu zuen andrearen gorpua, Benidormeko bere etxean (Herrialde Katalanak), bi labankada eta indarkeria zantzuak zituela. Plaentxia.eus herri komunikabideak BERRIAri baieztatu dionez, hildako andrea M.L.L. da, soraluzetarra, eta 68 urte zituen. Elgoibarren ere bizi izan zen luzaz.

115 hilketa 2003tik

2003tik indarkeria matxista dela-eta hildako 115. emakumea litzateke Soraluzekoa, eta aurtengo hirugarrena. Aurtengo lehen hilketa matxista Tuteran izan zen (Nafarroa), urtarrilaren 10ean, eta bigarrena, Barakaldon (Bizkaia), apirilaren 26an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.