Kontu ekonomikoak

Jaurlaritzak ez du atzeraldirik espero datorren urterako

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %2,1 haztekoa da 2023an, aurretik iragarri baino bi puntu gutxiago. Enpleguaren sorrera ere moteldu egingo da: 26.000 lanpostu sortuko dira aurten, eta 12.000 datorren urtean.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Saileko arduradunak, gaur, Gasteizen. IREKIA
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 28a
11:21
Entzun

Argi mintzatu da Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua: «Ez dut atzeraldirik ikusten». Inflazio handiaren ondorioz, murriztu egin ditu aurtengorako hazkunde aurreikuspenak, pixka bat aurten (%4,5etik %4,3ra) eta asko datorren urtean (%4,1etik %2,1era), baina Alemanian eta beste herrialde batzuetan iragartzen den uzkurtzerik ez du espero Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiarako. «Alemaniaren kasua berezia da, bere industriaren energia beharren ondorioa», azaldu du.

Dena den, Azpiazuk onartu du «inguruak» okerrera egiten badu eta inflazio handia luzatuz gero aldatu egin beharko dituztela iragarpenak. Kontrako haizeak, egon, badaude, eta gutxi batzuk aipatu ditu sailburuak: inflazio handia, hari aurre egiteko banku zentralek interes tasak igo izana, «Txinan aurreikusi baino desazelerazio handiagoa egotea», eta Ukrainaren inbasioa.

Hazkundeak eutsi egingo dionez enpleguak goranzko joerari eutsiko diola kalkulatu du Ekonomia Sailak, aurten baino motelago izango bada ere. 2022an 26.000 lanpostu garbi sortuko direla uste du, eta urteko batez besteko langabezia tasa %8,8ra jaitsiko dela; 2023an, berriz, 12.000 lanpostu ingururen sorrerak %8,3ra jaitsiko du langabezia tasa, Jaurlaritzaren iragarpena betez gero.

Industria geratzen ari da

Sektore ekonomikoei dagokienez, haien bilakaera oso desberdina idela azaldu du Iñaki Barredo Ekonomia sailburuordeak. Batetik, zerbitzuak jada itzuli dira pandemia aurreko mailara, eta hazkunde tasa sendoei eutsiko diete aurten (%4,7) eta 2023an (%2,9).

Industriak, berriz, ezingo dio eutsi iazko udazkenean hasitako joera bizkorrari, udako azken datuek erakusten baitute jarduera geratu egin dela: urte hasierako bilakaera onari esker, aurten %5,2 haziko da, baina 2023an %0,2 baizik ez da handituko haren ekarpena, eta negatiboa izango da hiruhileko batzuetan. Barredok gaineratu duenez, industriari bi puntu falta zaizkio COVID-19aren agerraldiaren aurretik zuen mailara iristeko.

Eraikuntzan, berriz, kontrakoa gertatuko da. Aurten asko sufritu du sektore horrek, lehengaien eta beste materialen garestitzeak kalte handia egin diolako; aurten %1,7 haziko da, baina 2023an, kostuak hainbeste igotzea espero ez dutenez, %2,7.

Bilakaerarik okerrena, dena den, lehen sektoreari dagokio: aurten %4,6 murriztuko da, eta beste %4,7 datorren urtean.

Langile publikoei, %3,5

Langile publikoen soldatari buruz, sindikatuek gogoko izango ez duten adierazpen bat egin du Azpiazuk: Jaurlaritzak bete egingo du «Madrilen agindua». El País egunkariak gaur kaleratu duenez, Espainiako Gobernuaren asmoa da langile publikoen saria %3,5 igotzea datorren urtean, gaur egungo inflazioaren heren bat baizik ez. «Gehiago [igo] nahiko nuke, baina dagoena dago», esan du Azpiazuk, eta langile publikoen soldaten eguneratzea Espainiako Gobernuaren eskuduntza dela nabarmendu du. «Gutxiago igotzeko aukera dugu, baina ez dugu hala egingo».

«Zerga jaialdia»

Azpiazuk esan du haserre dagoela azken asteetako «zerga proposamenen kataratarekin», eta «zerga jaialdiarekin». Izan ere, sailburuak gogorarazi du foru ogasunek dutela eskumena zerga zuzenei dagokienez, baina «hedabideen bitartez» izan dute Espainiako Gobernuak sortu nahi dituen hiru tasen berri: bankuena, energia konpainiena eta aberastasun handiena. «Lankidetza serioagoa» eskatu dio Madrili.

Halaber, esan du EAEko erakundeek ez dutela «zerga gerran» sartu behar, eta ez dela «une egokia» zerga sistemaren erreforma sakon bat egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.