Bertze zulo bat topatu dute Nord Stream 2 gasbidean

Aurkitzen duten laugarren gas ihesa da. Bi Danimarkako eremuan daude, eta bertze biak Suediakoan. Alemaniako Ingurumen Ministerioak ohar egin du metano isuriek eragin ditzaketen kalteez.

Nord Stream gasbidearen Danimarkako eremuko zuloa. DANISH DEFENCE COMMAND / HANDOUT
2022ko irailaren 29a
09:31
Entzun

Nord Stream 2 gasbidean bertze zulo bat topatu dute Suediako agintariek, eta aurkitu duten laugarren gas ihesa da. Jenny Larsson Suediako kostazaintzako arduradunak adierazi duenez, lehenago topatu zuten zuloa «900 metroko isuri handi bat da», eta aurkitu berri duten laugarrena, berriz, «200 metro ingurukoa». Bi zulo Danimarkako eremuan daude, eta bertze bi Suediakoan, nazioarteko uretan. Bi herrialdeetako gobernuak, Alemaniakoa eta Europako Batasuna ari dira gertatutakoa ikertzen. Sabotaje bat dela uste dute.

Nord Stream 1 irailaren 2an itxi zuen Errusiak, konpresore batean matxura bat zegoela argudiatuta, eta ez du esan noiz abiaraziko duen berriz—uztailean hamar egunez itxi zuen, mantentze lanengatik eta Alemania turbina baten bidalketa blokeatzen ari zela argudiatuta—; Nord Stream 2, berriz, ez da inoiz martxan egon, Alemaniak bertan behera utzi baitzituen gas garraioari ekiteko baimenak, Errusiak Ukrainan esku hartu baino aste batzuk lehenago; hala ere, bi gasbideek gasa behar dute hodietan, arrazoi teknikoengatik. Orain izandako isuriak konpontzeko gutxienez hilabete beharko dutela esan dute.

Ikerketa astiro doa, gas ihesek zaildu egiten dutelako eremura hurbiltzea. Suediako Energiaren Zuzendaritza Nagusiak adierazi duenez, jada gasaren erdia atera da, eta baliteke ihesa igandean gelditzea. Hala ere, Suedia, Danimarka eta Norvegiako gasaren eta energiaren sektoreek alarma egoera handitu dute.

Alemaniako Ingurumen Ministerioak gas ihesen ondorioez ohartarazi du. Haren arabera, isuriek ez dute itsas ekosisteman kalte larririk eragingo; bai, ordea, atmosferan. Ministerioak zehaztu duenez, guztira 300.000 tona metano isuriko dira. Hau da: Danimarkak urtebetean isurtzen duenaren herena gutxienez, eta Frantziak isurtzen duenaren %4-7. Gas hori CO2a baino kaltegarriagoa da, autoritateen arabera —zehazki, metano tona batek 25 tona CO2k adina berotzeko gaitasuna du, hogei urteko epean—.

Ezohiko gertakaria

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak adierazi duenez, «zaila da imajinatzea» isuriak «ustekabekoak» direla, eta azpimarratu du ezin dela baztertu sabotajearen hipotesia. Ekainean, Danimarkako armadak salatu zuen Errusiako gerraontzi batek birritan igaro zituela itsas mugak Bornholm uhartearen iparraldean. Europako Batzordeak, berriz, ez du sabotajeei buruz «espekulatu» nahi izan.

Bi gasbideen operadoreak, Nord Stream AGk —Suitzan du egoitza—, azaldu du egun berean eta ia aldi berean gertatu direla kalteak. Aitortu du aurrez sekula ez dela gertatu halakorik.

Alemaniako Tagesspiegel egunkariaren eta Der Spiegel astekariaren arabera, gobernuak ez du uste gertatutakoa «kasualitatea» denik, eta ez du baztertzen sabotaje ekintza bat izatea: Errusiak «bandera faltsuz» egindakoa ala Ukrainak edo herrialde horrekin zerikusia duten indarrek egindakoa.

Errusiako Gobernua ere «oso kezkatuta» agertu da gertatutakoarekin, eta aukera guztiak zabalik daudela azpimarratu du. «Ikerketaren emaitzak izan arte, ezin dugu ezer baztertu», adierazi du Dmitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak, prentsaurreko batean. Ukrainak eta Poloniak Moskuri leporatu diote «eraso terrorista».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.