Migrazioa

Irungo Harrera Sareak ohartarazi du handitzen ari dela seguruak ez diren bideak hartzeko arriskua

Mugako kontrolak gogortu egin direla salatu du, eta Gurutze Gorriarren egoitza ahalik eta azkarren uztera behartzen dituztela migratzaileak. «Egoera lazgarriak prebenitzeko» eskatu die sareak erakundeei.

Poliziaren kontrol bat Irun eta Hendaia arteko mugan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2022ko irailaren 29a
11:26
Entzun

Azken egunetan, «gogortu» egin da Poliziak Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan egiten duen kontrola, eta horrek bide ez-seguruak hartzera eraman ditzake migratzaileak, Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez. «Santiagoko eta Behobiako zubietan egon ohi diren poliziek, zeinak ohi baino gazteagoak diren nabarmen, gehiago estutu dute kontrola, pasabidea estutuz konoekin, eta ilara luzeagoak sortzen dituzte. Hori gutxi ez, eta Poliziaren jarrera desatseginagoa da. Identifikazioa beste aldietan baino gehiago eskatzen ari dira», azaldu du sareak, ohar batean.

Halaber, jakinarazi du joan den igandean hainbat migratzailek laguntza eskatu zietela Irungo Harrera Sareko kideei Bidasoa ibaiaren ertzean, «ibaia gurutzatu ahal izateko». Halakoak, gainera, azken boladan gehiagotan ere gertatu dira «seguruenik», sarearen arabera.

Bidasoa ibaia gurutzatzearen arriskuaz ohartarazten ditu sareak migratzaileak egunero, nabarmendu duenez. «Hala ere, jakin badakigu oraindik bide hori hartzen jarraitzen dutela», gaineratu du. Udan ibaiaren emaria ohi baino txikiagoa izan denez, gainera, igerian muga pasatzeko aukera argiago ikusten dutela azaldu du harrera sareak.

Irungo Gurutze Gorriaren jokabidea ere gaitzetsi du sareak: «Presioa sartzen die Hilanderaseko baliabidearen erabiltzaileei, hasieratik esanez hiru gau bakarrik gera daitezkeela, eta presio horrek behar baino lehen alde egitera bultzatzen ditu. Ondorioz, Hendaiarako eta Biriaturako muga gurutzatzera behartzen dituzte, ahalik eta azkarren, beren bizitza arriskuan jarriz». Alde horretatik, gogorarazi du ekainean Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu zirela, eta «presio» hori kentzeko eskatu ziotela, «haien eskumena delako». Eskaera bera berretsi diete orain.

Egungo egoerak bere horretan jarraitzen badu, Bidasoa ibaia migraziorako bidea bilaka daitekeela ohartarazi du harrera sareak. Horregatik, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeak deitu «aurrea hartzera eta egoera lazgarriak prebenitzera». Kontrolak eragotzi eta bide ez-seguruetatik muga gurutzatzen saiatzeagatik bederatzi lagun hil dira dagoeneko. Aurten, dagoeneko, bi hil dira modu horretan; azkena, 25 urteko gizonezko bat, ekainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.