Gerra Ukrainan

Putin bihar da sinatzekoa Ukrainan okupatutako eremuen anexioa

Kremlinek jakinarazi du Zaporizhia, Kherson, Donetsk eta Luhansk Errusiaren Federazioko kide bihurtzeko hitzarmenak sinatzekoa dela.

Vladimir Putin, aste honetan egindako agerraldi batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 29a
13:06
Entzun

Vladimir Putin Errusiako presidentea bihar da sinatzekoa Moskuk Ukrainan partzialki okupatutako eremuak anexionatzeko hitzarmenak. Hori jakinarazi du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egiten duen prentsa agerraldian. Joan den ostiraletik asteartera egindako galdeketen ondoren, anexioa formalki gauzatzeko eskatu zioten atzo Putini Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhanskeko lider errusiazaleek. Atzo gauean heldu ziren Moskura, eta Errusiako presidentearekin biltzekoak ziren. Peskovek iragarri du ekitaldia Kremlineko San Jurgi aretoan izango dela, 15:00etan —14:00ak Euskal Herrian—, eta Putinek diskurtso bat emango duela.

Horiek horrela, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ohar batean ohartarazi du «gogor» erantzungo dutela Errusiak anexioak gauzatzen baldin baditu. «Ukrainaren lurralde batasuna berrezarriko dugu». Zelenskiren aholkulari Serhiy Nikiforovek jakinarazi du Segurtasun Nazionaleko eta Defentsako Kontseilua deitu dutela biharko.

Ikusi gehiago:Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu dute Ukrainan okupatutako lurraldeetan

Donetskeko bozkatzaileen %99k Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten; Luhansken, %98k; Zaporizhian, %93k; eta Khersonen, %87k. Parte hartzea %97koa eta %98koa izan da Donetsken eta Luhansken. Ez dute jakinarazi zenbatekoa izan den beste bi eskualdeetan. Mendebaldeak, ordea, ez die zilegitasunik ematen galdeketa horiei, iritzita nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela. Kieventzat, Moskuren «propaganda» ekintza bat izan dira, «fartsa bat». Gainera, Errusiaren aliatu batzuek ere jakinarazi dute ez dituztela anexioak onartutako —kasurako, Kazakhstanek eta Serbiak—, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere kritikatu ditu.

Ikusi gehiago: Kazakhstanek eta Serbiak esan dute ez dituztela aitortuko Ukrainan okupatutako lurretako galdeketen emaitzak

Errusiako Parlamentuko bi ganberak datorren astean dira anexioak gauzatzekoak. Aurrena behe ganberaren txanda izango da, eta ondoren, Senatuarena.

Alerta egoera Astrakhanen

Finlandiako Gobernuak jakinarazi du turista bisa duten errusiarrei herrialdean sartzea debekatuko dietela gauerditik aurrera. Pekka Haavisto Atzerri ministroaren iragarpen hori heldu da, hain zuzen, Putinek joan den irailaren 21ean mobilizaziorako deia egin eta gero nabarmen handitu den honetan herrialdetik alde egin nahi duten errusiarren kopurua. Haavistoren arabera, espero dute neurri horrekin nabarmen murriztea mugako trafikoa, eta iragarpen berri bat egin arte egongo da indarrean. Murrizketak ez die eragingo, ordea, «arrazoi bereziengatik» Finlandiara doazen errusiarrei.

1.340 kilometro ditu Finlandia eta Errusia arteko mugak, eta, gaur hartutako erabakiarekin, Errusiarekin muga dutenen artean turista errusiarrei herrialdean sartzea debekatuko dien EB Europako Batasuneko azken estatua bihurtu da Finlandia. Aurrez erabaki bera hartu zuten Estoniak, Letoniak, Lituaniak eta Poloniak. Finlandiako mugazainek emandako datuen arabera, 55.362 errusiar sartu dira herrialdean irailaren 21etik; hau da, aurreko egunetan baino %86 gehiago, 29.703 izan baitziren.

Horrekin guztiarekin lotuta, Errusiako Astrakhan oblastak erabaki du alerta egoera ezartzea Kazakhstanekin muga egiten duen eremuan. Horrela, trafikoa murriztu ahal izango dute, esaterako. Ipar Osetiak ere neurri bera hartu zuen, atzo, Georgiarekin muga egiten duten departamentuetan. Kazakhstanera eta Georgiara iritsitako errusiarrak nabarmen areagotu dira azken egunetan.

Nord Stream gasbideko isuriak, ikertzeko

Peskov Kremlineko bozeramaileak eskatu du gaur nazioarteko talde batek iker ditzala Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan asteon izandako isuriak. Nabarmendu du, gainera, gasbideen haustura «ekintza terrorista bat» bat izan dela.

Ikusi gehiago: Berlinek eta Moskuk «sabotajetzat» jo dituzte Nord Streameko isuriak

Bestalde, Hungariako Gobernuak jakinarazi du ez duela babestuko Europako Batzordeak Errusiari jarri nahi dion zigor sorta berria. Joan den otsailean inbasioa hasi zenetik Bruselak Moskuri jarritako zortzigarren zigor sorta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.