INGURUMENA

Azken hamarkadan 1.733 ingurumen ekintzaile hil dituzte munduan

Hilketen bi heren baino gehiago Latinoamerikan gertatu dira, Global Witness gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Amazonia suntsitzearen aurkako manifestazio jendetsu bat, joan den martxoan, Brasilgo Parlamentuaren aurrean, Brasilian. JOEDSON ALVES / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 30a
14:01
Entzun

Azken hamarkada oso latza izan zen ingurumenaren defentsan aritu ziren ekintzaileentzat. 2012 eta 2021 bitartean, gutxienez 1.733 ekologista hil zituzten; batez beste, ia bi egunetik behin, Global Witness GKE gobernuz kanpoko erakundeak plazaratu berri duen txosten baten arabera. Oharrak zehazten duenez, sikarioak, antolatutako krimen taldeak edota gobernuak izan ziren hilketen egileak.

Ibaiak, basoak eta ekosistemako beste hainbat eremu babesten aritu ziren pertsonen hilketen bi heren baino gehiago Latinoamerikan gertatu ziren. Datuen arabera, Brasil eta Kolonbia dira munduko lekurik arriskutsuenak ingurumenaren aldeko ekintzaileentzat; hain zuzen, 342 hildako zenbatu ditu Brasilen, eta 322 Kolonbian. Bi estatu horien atzetik datoz Mexiko (154) eta Honduras (117). Halaber, Filipinak ere herrialde «arriskutsutzat» izendatu du; 270 lagun hil zituzten azken hamar urteetan.

Bestalde, 2020an, koronabirusak eragindako pandemiaren garaian, inoiz baino hilketa gehiago erregistratu zituen GKEak: 227; horietatik 65, Kolonbian; Mexikon, 30; Filipinetan, 29; eta Brasilen, 20.

Ikusi gehiago:Klima aldaketaren politiketan herri indigenen jakintza kontuan hartzeko eskatu dute

«Mundu mailako arazoa da», adierazi du Ali Hinesek, txostenaren egileetako batek. «Ustelkeria eta desberdintasuna hilketak eragiten dituzten funtsezko bi eragile dira. Adibidez, lurraren jabetza emateko prozesuan, inbertsio akordioak egon daitezke enpresen eta ustelkeriarekin lotura duten funtzionarioen artean». Salatu du justizia egiten saiatzen ari diren defendatzaileek, sarritan, «eroskeriaz ordaindutako epaileei» egin behar izaten dietela aurre. «Horrek hirugarren faktorera garamatza, hau da, zigorgabetasun indize handietara. Oso gutxitan ikertzen dira kasuak modu sinesgarrian, eta are gutxiago eramaten dira egileak justiziara», adierazi du.

Hilketek neurriz kanpo eragin diete diru sarrera txikienak dituzten herrialdeei eta komunitate indigenei; zehazki, biktimen %39 talde demografiko horretakoak ziren, nahiz eta munduko biztanleriaren %5 baino ez izan.

Meatzaritza, erauzketa industria, zuhaitzen mozketa eta laborantza industria izan ziren hilketen arrazoi ohikoenak, Global Witnessen arabera. Txostenaren egileek ohartarazi dutenez, hildakoen kopurua handiagoa izango da, eraso asko ez direlako salatzen eta heriotzak askotan funtsezko ekosistemetan gertatzen direlako, krisi klimatikoaren eragin okerrenak saihesteko xedez.
Dena dela, Hinesek nabarmenu duenez, hilketen kopuruak handia izaten jarraitzen duen arren, ikerketa horretatik atera duen ondorioetako bat izan da ingurumenaren defendatzaileek «garaipen esanguratsuak» lortu dituztela, «baita enpresa multinazional handien aurka ere».

Wuttyren hilketa, mugarri

GKEak 2012az geroztik urtero mundu osoan lurraren eta ingurumenaren ekintzaileen hilketei buruzko txostenak kaleratu ditu, Chut Wutty ekologista kanbodiarraren erailketa jazo ondoren; hain justu, Wuttyk legez kanpoko mozketak ikertzen zituen Mike Davis Global Witness taldeko zuzendari nagusiarekin batera. «Wuttyren heriotzak galdera batzuei aurre egitera bultzatu gintuen. Zein zen egoera globala? Zein ziren eraso horien ondorioak? Eta zer egin zitekeen horiei aurrea hartzeko?», idatzi du Davisek txostenean.

Datuak argitara eman ondotik, Global Witnessek gobernuei eskatu die ekologistentzako eremu seguruak sortzeko eta ingurumenarekiko ardura izateko, «ekintzaileen aurkako indarkeriaren zero tolerantzia bermatzeko helburuarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.