Foru hauteskundeak

Eneritz Madariaga, Ahal Dugu-ren primarioetara Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko

Ana Viñalsek ere hautagaitza aurkeztuko du Bilboko alkategai izateko

Ezkerretik, Ana Viñals eta Eneritz Madariaga. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko irailaren 30a
15:27
Entzun

Apurka-apurka, alderdi eta koalizio politikoak ari dira hautagaiak aurkezten maiatzean egitekoak diren udal eta foru hauteskundeei begira. Ahal Dugu-ren kasuan, primarioen bidez aukeratuko dituzte beren hautagaiak, eta barne prozesu horretan lehiatu nahi direnak hasi dira hautagaitzak aurkezten. Bizkaian, esaterako, Elkarrekin Podemos koalizioak Batzar Nagusietan duen bozeramaile Eneritz Madariagak iragarri du aurkeztuko dela Bizkaiko diputatugai nagusi izateko. Bilboko alkategai izateko, berriz, koalizioaren udal taldeko eledun Ana Viñals aurkeztuko da.

Bi-biak Bat Egin izeneko hautagaitzaren partaide dira. Proiektu hori «ireki eta integratzaile» gisa definitu dute, «Bilboko eta Bizkaiko herritarrei hiri eta lurralde eredu bidezkoagoa eta aurrerakoiagoa eskaini nahi diena». Esan dutenez, aurkeztu dira uste dutelako orain arte bi erakundeetan egin duten lanak baduela haien kideen babesa: «Militantziak primario hauetan ere babesa ematea espero dugu».

Eneritz Madariaga gizarte lanetan graduatua da, eta 2017an Bizkaiko batzarkide hautatu zuten Ahal Dugu-ren zerrendan. Ana Viñals, berriz, Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen taldearen aholkulari izan zen hezkuntza arloan, eta aurreko udal hauteskundeetan koalizioaren Bilboko zerrendaburu izan zen. Geroztik, Bilboko zinegotzia da, eta bere taldeko eleduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.