Katalunia

Turull: «Egoera konpontzea izan dugu helburu, baina ERCk esan digu ez dagoela ezer hitz egiteko»

ERC eta JxC ados jarri ez direnez, JxCko militanteen esku dago Generalitatearen etorkizuna. 'JxCk Kataluniako Gobernuan jarrai dezan nahi duzu?', galdetuko die buruzagitzak ostegunean eta ostiralean.

Jordi Turull JxCko idazkari nagusia, gaur egin duen prentsaurrekoan. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 3a
12:35
Entzun

Junts Per Catalunyak Kataluniako Gobernuan jarrai dezan nahi duzu?: hori galdetuko die JxC Junts Per Catalunyako buruzagitzak alderdiko militanteei ostegunean eta ostiralean egingo duten kontsultan. Galdeketaren emaitzak jaso bezain pronto jakinaraziko du JxCk, ostiralean, Kataluniako Gobernuaren parte izaten jarraituko duen edo ez. Gaur arratsaldean prentsaurreko bat eman du Jordi Turull JxCko idazkari nagusiak, eta adierazi du kontsultaren emaitzak argitaratu arte ez dutela aurreratuko zein izango den alderdiaren norabidea.

ERC Esquerra Republicana eta JxC negoziatzen aritu dira asteburuan, koalizio gobernuaren barruko krisia konpondu nahian, baina bi alderdietako buruzagiak ez dira ados jarri. Jordi Turull JxCko idazkari nagusiak salatu du Pere Aragones Kataluniako presidenteak ez duela «inolako borondaterik» izan akordio batera heltzeko: «Egoera konpontzea izan dugu helburu, baina ERCk esan digu ez dagoela ezer hitz egiteko».

Legealdirako gobernu akordioa betetzeko proposamen sorta bat helarazi zion ostiralean JxCk Aragonesi, baina Generalitateko presidenteak ez zuen onartu, «akordiorako borondaterik» ez dagoela argudiatuta. Horren ondorioz, JxCk malgutu egin du proposamen sorta. Jordi Puignero Generalitateko presidenteorde kargura itzultzea ez da baldintza bat dagoeneko, Puignerok berak gaur goizean jakinarazi duenez. Hala ere, gehitu du «oso zaila» izango dela Generalitatean segitzea: «ERCk ez gaitu gobernuan eduki nahi».

Turullek adierazi du bi aldeen arteko akordioa lortzea dela JxCren «borondatea», eta horregatik egin diela uko hainbat baldintzari. Dena den, Aragones «ez du ase» JxCren proposamen malguagoak, ERCko iturriek Kataluniako hedabideei helarazi dietenez. Are, ERCko eledun Marta Vilaltak esan du bere alderdia prest dagoela «bakarka» gobernatzeko. Proposamena malgutu izana «aitzakia» bat da Vilaltarentzat: «JxCren zati nabarmen bat hasieratik ari da gobernua hausteko lanetan».

JxCko idazkari nagusiak, berriz, aitortu du «guztia» eman duela akordio bat lortzeko. «Ez dut lortu», gehitu du.

Generalitateko presidenteak esana du koalizioak jarraitzea «lehentasun bat» dela harentzat, baina «akordiorako borondatea» duen proposamen «serio» bat eskatu dio JxCri. Turullek, berriz, erantzun dio igandean helarazitako proposamen berria «serioa» zela.

Puignero presidenteorde kargura itzultzeko eskatzen ez dutenez, hiru dira JxCren eskariak Kataluniako Gobernuan segitzeko. Lehenik, Errepublikaren Kontseiluak zuzendu beharko du independentzia prozesuaren estrategia, JxCren arabera, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak urriaren 1ean egindako ekitaldian esan zuen moduan. «Azaroaren 15a baino lehen bildu beharko da», esan du JxCko idazkari nagusiak. Puigdemont du buru Errepublikaren Kontseiluak, Kataluniaren «erbesteko gobernua» izateko sortu zuten eta.

Bigarrenik, Kataluniako independentistek Espainiako Gorteetan fronte bateratua osatu beharko dute —besteak beste, aurrekontuak negoziatzeko—. Hirugarrenik –eta azkenik–, Espainiako Gobernuarekin abiaturiko elkarrizketa mahaiaren «ikuspegia birpentsatzeko» eskatu du JxCk. Kataluniako Gobernuak eta hura babesten duten talde parlamentarioek osatu beharko lukete elkarrizketa mahaia, Turullen arabera. «Elkarrizketa mahaian bi alor baino ez lituzkete jorratu beharko, JxCren arabera: amnistia eta autodeterminazio eskubidea.

JxCn, bi sektore

JxCko militantziaren esku dago Kataluniako Gobernuaren etorkizuna, baina alderdiaren barruan denetariko posizioak dituzte. Bi sektore nagusitzen dira JxCn. Laura Borras alderdiko presidentea eta Puigdemont buru dituen sektorea Kataluniako Gobernutik irtetearen alde dago, eta Jordi Turull idazkari nagusiaren eta Generalitateko zenbait kontseilariren –Jaume Giro eta Victoria Alsina, esaterako– inguruko sektoreak, berriz, gobernuaren parte izaten jarraitu nahi du.

Aragonesek argitasun akordio baterako proposamena babestea galdegin zien JxCri eta CUPi, urriaren 1ean egin zuen hitzaldian. Autodeterminazioaren aldeko akordio zabal bat lehenesten du, «nazioartearen babesa» eskuratzeko. «Osteguna baino lehen erabaki bat hartzeko» eskatu dio En Comu Podem koalizioak Aragonesi. Izan ere, koalizio horrekin ari zen Generalitatea aurrekontuak negoziatzen –Ekonomia kontseilaria Jaume Giro da, JxCkoa–, baina En Comu Podemek «izoztu» egin ditu negoziazioak, gobernu barruko krisiaren harira. Aurreikusita zegoenez, aurrekontuen proposamena urriaren amaieran aurkeztu beharko lukete Kataluniako Parlamentuan, urte berria hasi bezain pronto onar daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.