Katalunia

Independentismoaren frustrazioa plazaratu du U-1aren urteurrenak

Puigdemontek U-1aren «agindu demokratikoa» betetzeko eskatu dio Aragonesi. Bete ezean, prozesua gidatzeko zilegitasuna aldarrikatu du. Forcadelli eta Rovirari txistu egin diete ekitaldian

Manifestari bat, hautetsontzi erraldoi bat garraiatzen, atzo, Bartzelonan, urriaren 1eko erreferendumaren bosgarren urteurreneko ekitaldian. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bartzelona
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniako independentismoak alderdien arteko zatiketa ageriko batek blaitutako giroan oroitu du 2017ko urriaren 1ean ezarri zuen mugarri politikoa, autodeterminazio erreferendumaren bosgarren urteurrenean. ERC Esquerra Republicana eta JxC Junts Per Catalunyaren arteko desadostasunek hausteko zorian utzi dute bien arteko koalizio gobernua. Baina zatiketa ez da alderdien artekoa bakarrik. U-1aren bosgarren urteurreneko ekitaldi nagusian argi adierazi ziren mobilizatu ziren herritarren arteko jarrera kontrajarriak ere.

Ekitaldi bateratua izan zen atzokoa, baina ez batua. Batzuek txistuz eta gaitzespen oihuz hartu zituzten Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia (ERC), Marta Rovira erbesteratua (ERC) eta Xavier Antich Omnium Culturaleko presidentea. Txaloak, bozgorailuetatik JxCko erbesteratuen izenak aipatu zirenean. Eta sarritan entzun ziren gobernuaren dimisioa eskatzeko oihuak, baita Puigdemont gure presidentea leloa ere. Askok eskuetan eusten zituzten karteletan irakurtzen zen, besteak beste, Independentzia exijitzen dugu, Gobernua: DUI[aldebakarreko independentzia adierazpena] ala dimisioa eta Alderdiektraizio egin digute.

Giro horretan egin zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak bere hitzaldia, bideo konferentzia bidez. Txalo gehien jaso zuen diskurtsoa izan zen. Eskari zehatza egin zion Generalitateari: bete dezala U-1aren «agindu demokratikoa». «Erreferenduma egin genuen, balekoa da eta ez da besterik egin behar», adierazi zuen. Gobernuak pausorik ematen ez badu «loteslea den erreferendumaren bidetik» Errepublikaren Kontseiluak prozesuaren «gidaritza hartzeko betebeharra izango du», gaineratu zuenez. Kontseiluak Puigdemont du buru —Kataluniaren «erbesteko gobernua» izateko sortu zuten— .

Presidente ohiak U-1aren bosgarren urteurreneko ekitaldi nagusian egin zituen adierazpen horiek, Bartzelonako garaipenaren arkuaren aurrean bildu ziren 11.000 lagunen aurrean, hiriburuko udaltzaingoak egindako kalkuluen arabera. Kontseiluak sustatu zuen ekitaldia, eta gizarte zibileko elkarte independentista nagusiek babestu: ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Culturalek, AMI Udalerri Independentisten Elkarteak, Intersindical sindikatuak eta Bartzelonako Merkataritza Ganberak, besteak beste.

Puigdemontena ez zen Pere Aragones Kataluniako presidenteari zuzendutako mezu bakarra izan. Dolors Feliu ANCko buruak «beste oldarraldi bat» bultzatzeko galdegin zion. «Ez baduzue egingo, guk egingo dugu. Bide berriak bilatuko ditugu. Zerrenda zibikoa osatu eta hauteskundeak exijituko ditugu». ANCk bozetarako prestatzeko «konferentzia nazional bat» antolatuko duela iragarri zuen Feliuk; «beranduenez, 2023ko otsailean».

Ekitaldiaren aurretik, elkarteak protesta ekintza bat egin zuen Generalitatearen jauregiaren parean. Harresi bat altxatu zuen,U-1ean erabili ziren hautetsontzien gisakoekin, «instituzioak erreferendumaren emaitzekiko urrun daudela irudikatzeko».

Omniumen txandan, «liskar alderdikoiak» alde batera uzteko eskatu zuen Antichek, U-1aren «kapital politikoa higatzen» ari dela ohartarazita. Omniumeko presidentea «ziklo berri bat» irekitzearen alde agertu zen, «beste lidergo batzuekin». Independentismoaren aniztasuna babestearen garrantzia nabarmendu zuen.

Aragonesek, berriz, argitasun akordio baterako proposamena babesteko galdegin zien JxCri eta CUPi, Generalitatearen jauregian egin zuen hitzaldian. Autodeterminazioaren aldeko akordio zabal bat lehenesten du, «nazioartearen babesa» eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.