Narkotrafikoa

Etxean 54 kilo kokaina zituen ertzaina espetxean sartu dute

Polizientzako modulu berezi batean dago, Logroñoko (Espainia) espetxean

Logroñoko espetxean sartu dute narkotrafikoarekin lotu duten ertzaina. RAQUEL MANZANARES / EFE
2022ko urriaren 3a
14:26
Entzun

Ostegunean atxilotu zuten A. S. M. 49 urteko ertzaina, eta, besteak beste, 55 kilo kokaina atzeman zizkioten. Ostiralean epailearen esku utzi zuten. Epaileak espetxera bidali du, behin-behinean, eta Logroñoko (Espainia) espetxean sartu dute, polizia presoentzako modulu berezi batean.

Duela urtebetetik zaintzapean zuten A. S. M. ertzaina, droga trafikoan zebilela susmatzen zutelako. Beste pertsona batekin batera atxilotu zuten, etxean droga kantitate handi bat zuela jakin zutelako.

Bilboko ertzain etxeko agentea da atxiloturikoa. Preso hartu zuten beste pertsona ez da ertzaina, eta ez du aurrekaririk droga trafikoaren arloan; bai, ordea, lesio delituen arloan. Ertzaintzako Barne Aferetako eta Bilboko ertzain etxeko drogen taldeko agenteek egin zuten operazioa, Galdakaon (Bizkaia).

Zabaldu dutenez, ustez Kantabriako (Espainia) narkotrafikatzaile batek zuzenduriko sareko kidea izan zen ertzaina, baina azken boladan bere kabuz zebilen trafikoan.

Ikerketa «oso zaila» izan dela esan zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ostiralean, ertzainak «metodologia nahiko landua zuelako narkotrafikoan aritzeko». Erkorekak azaldu duenez, atxiloturikoak «droga kantitate handiak» eramaten zituen Bilbora, eta handik zabaltzen zuen Euskal Herrian eta inguruko eremuetan, Kantabrian eta Aragoin besteak beste (Espainia). Kalkulatu dute hari atzemandako 54 kilo kokainak hamar milioi euro balio zezakeela kalean. Horrez gain, 20.000 euro atzeman zizkioten atxiloturiko ertzainari. Iaz 300.000 euro inguru irabazi zituen ertzainak droga trafikoarekin, azaldu dutenez.

Erkorekak Gasteizen egin zituen adierazpenak. Ordu batzuk lehenago, mintzagai izan zen afera Eusko Legebiltzarrean, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bilduko legebiltzarkideak «zentsura eta informazioa ezkutatzea» egotzi zionean Erkorekari. Legebiltzarkideek eta herritarrek ertzain bati 55 kilo kokaina atzeman izana prentsaren bidez jakin behar izatea txarretsi zion Arzuagak sailburuari. «Ez dute nahi guk ikustea, ez dute nahi guk jakitea».

Lehenago ere atxilotu dituzte ertzainak droga trafikoarekin lotuta. Iaz, Ertzaintzan 20 urte zeraman polizia bat hartu zuten preso, Valladoliden (Espainia) eginiko operazio batean. Kokaina zeramaten bi kamoi handi atzeman zituzten orduan.

Are deigarriagoa izan zen 2008ko azaroaren 16an eginiko operazioa. Sei lagun atxilotu zituzten Bizkaian ustez droga trafikoan aritzeagatik. Atxilotuetako bat 36 urteko ertzain bat zen, eta, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren arabera, hura zen talde horren burua. Ertzaina bere kide bati 200 gramo kokaina saltzen ari zela atzeman zutela adierazi zuen Barne Sailak. Atxilotuei bi kilo kokaina, suzko bi arma, balantzak, 150.000 euro eta droga biltzeko materiala atzeman zieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.