Mugikortasuna

Doako 92.236 abonu eman ditu Renfek Hego Euskal Herrian

Duela hilabetetik doan bidaiatu ahal da Renferen aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan. Abonuen %86,75 aldirikoei dagozkie; gainontzekoak, berriz, distantzia ertainekoei.

Donostiako aldirietako geltokia. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko urriaren 3a
16:06
Entzun

Energia krisi bete-betean, joan den uztailean, Espainiako Gobernuak garraio publikoa sustatzeko deskontu bereziak aurkeztu zituen. Ondorioz, irailetik urte amaierara arte, doan edo erdi prezioan garraiatu ahal da. Renfe konpainiak eskaintzen ditu doako bidaiak, aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan. Hilabete igaro da zerbitzu hori hasi zenetik, eta arrakasta izan du Hego Euskal Herrian: 92.236 abonu eman ditu Renfek epe horretan.

Abonu horien guztien artean, %86,75 aldiriko trenei dagozkie (80.014 abonu), eta gainontzeko 13,25, berriz, distantzia erdikoei (12.222). Aldirietako bi zerbitzu dira Hegoaldean: bata Bilbokoa eta bestea Donostiakoa. Abonu horietatik, erdia baino gehiago Bilbokoan garraiatzeko eman ditu Renfek (46.141), eta gainontzekoak, Donostiakorako (33.873). Distantzia erdiko trenek Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotzen dituzte, eta horiek Mirandarekin, Zaragozarekin eta Santanderrekin.

Hilabete baten buruan, nabaritu da gero eta bidaiari gehiagok egin dutela trena erabiltzearen alde. Bilboko aldirietan, ia %50 egin dute gora bidaiariek iazko datuekin konparatuz gero —%18,1 gora, 2019arekin alderatuta—. Donostiako aldirietan, %60,4 hazi da bidaiari kopurua iazkoaren aurrean —ia herena, 2019arekin konparatuta—. Renfek Nafarroako distantzia erdiko datuak ere argitaratu ditu: hilabete batean, %48 bidaiari gehiagok hartu dute trena —%42,7 gehiago, duela hiru urteko datuen aldean—.

Urte amaierara arte eskuratu daitezke doako abonuak. Horretarako, aldiriko trenen kasuan, 10 euroko bermea ordaindu behar da, eta distantzia ertainekoenean, 20 eurokoa. Abenduaren 31ra arte behintzat hamasei bidaia eginez gero, aurreratutako dirua itzuliko zaio erabiltzaileari.

Erkidegoetako garraio publikoa

Renfe konpainia ez da deskontuak dituen bakarra. Tokiko erakundeen edo autonomia erkidegoen eskumenaren pean dauden garraiobideek, berriz, gutxienez %30eko deskontuak ezarri dituzte. Espainiako gobernuak berak ordaintzen du alde hori, eta autonomia erkidegoek eta tokiko erakundeek aukera dute deskontu horretaz gain beste %20 merkatzeko.

Ikusi gehiago:Garraio publikoaren deskontuak, lurraldeka

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.