Hamabi urtetik beherakoentzat garraio publikoa doan izatea atzera bota du Eusko Legebiltzarrak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan garraio publikoa 12 urte bitarteko umeentzat doan izatea eskatu du EH Bilduk legez besteko proposamen batekin, baina EAJren eta PSE-EEren osoko zuzenketa bat onartu dute horren ordez.

Gipuzkoako autobus publikoak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2022ko urriaren 6a
13:42
Entzun

Garraio publikoa ez da doakoa izango 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hala proposatu du, maiatzean egin moduan, EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkuran, Elkarrekin Podemos-IUren babesarekin; baina legez besteko proposamen hori onartu beharrean, EAJren eta PSE-EEren osoko zuzenketa onartu du Legebiltzarrak. Hala, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio garraio publikoaren operadore publiko guztiei proposatzeko tarifen deskontu sistema progresibo bat ezartzea, Euskadiko Garraio Agintaritzaren bidez. Deskontuak «erabileraren eta egoera pertsonalaren arabera» eta pertsonen errenta kontuan hartuta ezartzea gehitu du eskarian. Aldeko 40 boto eta aurkako 32 izan ditu osoko zuzenketak.

Gipuzkoan MUGI sistemaren bidez dagoen eredu progresiboa eredu gisa jarri du Irune Berasaluze EAJko legebiltzarkideak, eta eredu hori beste herrialdeetara hedatu beharko litzatekeela esan du. Deskontu progresiboez gain, Gipuzkoako eredua hiru herrialdeetako «integralena» dela aipatu du Berasaluzek. Gobernuko alderdien «koherentzia falta» ekarri du hizpidera EH Bilduko Unai Fernandez de Betoñok: «Gasteizen gauza bat defendatzen ari zarete, eta hemen beste bat». Izan ere, Gasteizko autobus zerbitzu publikoan 12 urte bitarteko umeen doakotasuna onartu du TUVISA operadoreak, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen proposamenez. Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinezek gauza bera leporatu die gobernuko alderdiei.

«Lerroburu baten bila» ibiltzea egotzi die PSE-EEko Susana Corcuerak EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUri, eta halako neurriak eztabaidatzeko lekua Euskadiko Garraio Agintaritza dela esan die. «Eta nor dago agintaritza horretan? Jaurlaritza da liderra: presidentetza, presidenteordetza, idazkaria, zortzi bokal, eta abar. Beraz, Jaurlaritza apelatu behar da horrelako neurri bat eman dezan», gogorarazi dio Fernandez de Betoñok Corcuerari.

Legez besteko proposamen hori eztabaidatu aurretik, Elkarrekin Podemos-IUk idatzitako sexu eta erreprodukzio lege-proposamena izan dute hizpide Legebiltzarrean, baina ez da onartua izan. Besteak beste, abortu «seguru eta publiko» baterako sarbidea legez bermatzea eskatzen zuen proposamenak. Izan ere, Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik eta EH Bilduko Oihana Etxebarrietak adierazi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren abortuen %5 bakarrik egiten direla sare publikoan, eta Etxebarrietak gogorarazi du klinika pribatuetan abortatzen duten emakumeek talde katolikoen «jazarpena» pairatu behar dutela.

Kontrara, EAJk eta PSE-EEk adierazi dute lege proposamen horrek aipatzen dituen eskubideak egungo legeetan jada jasota daudela. EAJko Iñigo Iturratek Gorrotxategiri esan dio «proposamen txarra» dela eta «lekuz kanpo» dagoela: «Eusko Legebiltzarrean gaude, eta hemen, aurten bertan, Berdintasun Lege berria onartu dugu. Legeak sexu eta ugalketa osasuna modu integralean ziurtatzen ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.