Abiadura Handiko Trena

Arriolak normaltzat jo du AHTaren lanen amaiera 2027ra atzeratu izana

«Urrun dagoela eman dezake, baina lanen tamaina aintzat hartuta, ez da hain epe luzea»

Iñaki Arriola. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 7a
11:40
Entzun

Espainiako Gobernuak aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du, eta dokumentu horretan AHT abiadura handiko trenaren lanak 2027an amaitzea aurreikusten da. Beste urtebeteko atzerapena esan nahi du horrek, azken aurreikuspenetan 2026 urtea agertzen baitzen lanak amaitzeko data gisa. Atzerapenak ez du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko sailburu Iñaki Arriola «ezustean» harrapatu, Herri Irratiari emandako elkarrizketa batean adierazi duenez: «Duela bi urte esan nuen lanen amaiera 2026rako edo 2027ko hasierarako aurreikusten genuela. Orain aurrekontuen proiektuan 2027a agertzea ez da ezustekoa».

Arriolak aitortu du 2027a «urrun» dagoela eman dezakeela, baina «lanen zailtasuna» aipatu du data hori jarri izanaren arrazoi gisa: «Lanen tamaina aintzat hartuta, ez da hain epe luzea. Ingurumena zainduz egin behar da, eta horrek denbora luzea eskatzen du». Edonola ere, nabarmendu du bukaera «gero eta gertuago» dagoela, eta «abantaila handia» izango dela azpiegitura hori erabili ahal izatea.

EAJren BBBren lehendakari Itxaso Atutxak ere gaia izan du hizpide. Esan duenez, aurrekontuetan agertzen diren datu ugari berriro aztertu beharrekoak dira, «errealitatearekin bat» ez datozelako, eta, AHTaren lanen bukaerari dagokionez, azaldu du epeek «betearazpen zehatzak» behar dituztela.

Lanak benetan 2027an amaituko balira, trena 2028an egongo litzateke abian, funtzionatzen hasi aurretik probak egiteko epe bat behar delako. Aurreikuspen horiek betez gero, atzerapena 26 urtekoa izango litzateke, 1988an proiektua iragarri zenean 2002. urtea jarri baitzuten trena abian hasteko epetzat. Gainera, behin-behineko geltokiak erabiliko lirateke, Bilboko eta Gasteizko geltokiak ez baitira bukaturik egongo 2028rako.

Nafarroan, 71 milioi

AHTaren Nafarroako zatia ere agertzen da Espainiako aurrekontuen egitasmoan. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Jose Luis Arastik aletu ditu aurrekontuen arabera Nafarroan egin beharreko inbertsioak: orotara, 118,8 milioi euro dira, baina inbertsio erreala 103,8 milioikoa izango da. Zatirik handiena AHTak hartuko du: Arastik emandako datuen arabera, 103 milioi horietatik 71 AHTaren lanetarako izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.