Abortatzeko eskubidea

Askabide klinikatik ehun metrora ezin izango da protestarik egin, epaile batek agindu duenez

Abortatzera doazen emakumeei jazartzen dietenen aurkako kautelazko neurriak hartu ditu Donostiako lehen instrukzio epaitegiak. Gasteizen elkarretaratzea egin du mugimendu feministak, eta Ertzaintzak lau kide identifikatu ditu.

Emakumeei jazartzen ari zitzaizkienen aurka protesta egin du gaur Gasteizko mugimendu feministak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 7a
15:37
Entzun

Gutxienez, ehun metrora. Askabide klinikara abortatzera doazen emakumeei jazartzen dietenek aurrerantzean ezin izango dute osasun zentroa dagoen lekutik ehun metrora gerturatu. Donostiako epaile batek arrazoia eman dio Askabide klinikari, eta aintzat hartu du abortatzeko eskubidearen aurkako protesten harira hark jarritako salaketa. Askabidek Donostian duen klinikaren aurrean protestan aritzen diren hiru lagun identifikatu zituen Ertzaintzak aste hasieran, eta horien aurkako kautelazko neurriak hartu ditu epaile batek. Hiru lagunen aurkako salaketa aurkeztu zuen Askabideko arduradun Igor Elberdinek, eta hori aintzat hartuta hartu du erabakia epaileak.

Hilabeteak dira Askabidek Donostian eta Gasteizen dituen kliniketara abortatzera doazen emakumeei jazartzen hasi zirela. Gasteizko klinikaren kasuan, protesta horiek ugaritu egin dira azken astean: abortuaren kontrako hainbat lagun osasun zentroaren atarian elkartzen dira ia egunero arrosarioa errezatzera, Ez zaude bakarrik, zu laguntzeko gaude dioten afixak eskuetan dituztela. Askabideko arduradunek asteon erabaki dute salaketa jartzea pertsona horien aurka, eta baita Donostiako klinikaren atarian biltzen direnen aurka ere. Urteak dira jazarpena pairatzen dutela, baina orain Espainian indarrean den legediak berariaz debekatzen du halako protestak egitea, eta Askabidekoek helduleku hori baliatu nahi izan dute protesta horiek amaitzeko.

Joan den apirilaren 14an indarrean sartu zen Hego Euskal Herrian haurdunaldia eteten duten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea. Haren bidez, abortatzeko erietxe batera joaten diren emakumeei jazartzen aritzen direnak zigortu nahi dira. Hartarako, Espainiako zigor kodea aldatu dute, eta abortuaren kontrako protestak egiten dituztenei zigorra ezarri: hiru hilabetetik urtebeterako presondegi kondena, hain zuzen. Zentro horietako langileei eraso egitea ere debekatzen du arauak. Gainera, salaketa prozesua ez du nahitaez abiatu beharko erasoa jasan duen emakumeak, automatikoa da.

Legea indarrean egonda ere, Poliziak ez ditu eragotzi abortuaren aurkako protestak. Azken egunotan Askabideko langileek askotan eskatu diete poliziei jazartzen ari zirenak identifikatzeko, baina ertzainek entzungor egin diete eskaerei. Aste honen hasieran, ordea, protestan ziren batzuk identifikatu zituzten, eta horien aurkako salaketak aurkeztu zituen Askabidek. 40 dias por la vida abortuaren aurkako elkarteko kideak dira salatutakoak.

Epaileak gaur ebatzi duenez, Askabidera abortatzera doazen emakumeen intimitatea eta abortatzeko eskubidea urratzen dute protesta egiten dutenek. Halaber, klinikako langileen eskubideak urratzea egotzi die.

Feministen erantzuna

Azken egunotan Gasteizko klinikaren inguruan izandako tentsioak mugimendu feministaren erantzuna eragin du. Gure gorputza, gure erabakia. Kanpora errosarioak gure obarioetatik lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean abortatzeko eskubidearen aurka ari zirenen aurrean. Salatu dute «nazioartean antolatutako erakundeak» daudela halako «ekintza intimidatzaileen» atzean: «Emakumeon eta sexu-genero disidenteon gorputzen gaineko kontrol heteropatriarkalaren adierazleak dira».

Erakunde publikoen jarrera ere kritikatu dute, «oinarrizko eskubide izan beharko lukeena ez kudeatzeagatik», eta propio gaitzetsi zuten Poliziaren jarduna: «Egoeraren arabera jokatzen du: antolakuntza feminista kriminalizatzen du, eta emakumeon menderatzea babesten». Izatez, gaurko elkarretaratzean lau feminista identifikatu ditu Ertzaintzak: «Aldiz, abortuaren aurkakoak ez dituzte identifikatu, eta hor daude oraindik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.