Grezia

Agur nazia egin du Egunsenti Urrekara alderdiko diputatu ohi baten abokatuak, epaiketa saio batean

Hamahiru urtera arteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten alderdiko hainbat arduradun duela bi urte, «talde kriminal bat» zuzentzea egotzita. 2013an, Pavlov Fyssas ezkerreko militantea erail zuen Egunsenti Urrekarako kide batek.

Konstantinos Plevris abokatua, agur nazia egiten, gaurko saioan. TATIANA BOLARI
Julen Otaegi Leonet.
2022ko urriaren 7a
19:02
Entzun

2020ko urrian, Atenasko Helegite Auzitegiak Egunsenti Urrekara eskuin muturreko alderdiko zazpi arduradun kondenatu zituen hamahiru urte arteko espetxe zigorrera. Arrazoia, «talde kriminal bat» zuzentzea. Epaiketa aldez aurretik hasi zen, 2013ko urrian, hain zuzen. Irailean bertan, Pavlov Fyssas hip-hop abeslariaren eta ezker muturreko militante antifaxista erail zuen alderdiko kide batek, labankadaz, liskar batean.

Bi urte besterik ez da igaro auzitegiaren epaitik, baina kasua irekita dago berriro. Joan den ekainean, Egunsenti Urrekarako buruek apelatzea erabaki zuten. Atenastarrek ez zuten begi onez hartu horien erabakia; mobilizazioak antolatu zituzten, eta zigor gogorragoak eskatu. Fiskaltzak ere espetxe zigorrak luzatzearen alde egin zuen. Hamahiru ezarri beharrean, gehienezko hamabost urte ezartzea galdegin zuen.

Magda Fyssasek, Pavlov Fyssasen amak, adierazi zuen hark eta bere senideek espero zutela apelazioak duela bi urteko «emaitza bera» izatea: «kondena».

Ekain erdialdean hasi zuten epaiketa, baina joan den astera arte ez diote behar bezala eutsi. Zarata askorik egin gabe pasatu dira hilabeteok, baina, gaurkoan, hainbat harritu ditu Konstantinos Plevrisen, Yannis Lagos Egunsenti Urrekarako diputatu ohiaren abokatuaren jarrerak (egungo Greziako Osasun ministroaren aita da Plevris). Epaiketaren erdian, Magda Fyssasek galdera hau egin du: «Preso politikoa al da Lagos? Preso politikoen hezurrak hautsi egingo dira». Txaloka hasi zaizkio auzitegian zeudenak.

Plevrisek gertatutakoa gaitzesi du: «Atzerrian ez litzateke halako zentzugabekeriarik gertatuko auzitegiko areto batean». Eta agur nazia egin du jarraian. Erantzuna ere jaso du, Fyssasen eskutik: «Naziek bezala agur egingo al zenuke atzerrian egongo bazina?». Publikoa ere oihuka hasi da: «Ez al zara faxistaz [Lagosez] lotsatzen? Ez al zara hainbeste krimenez lotsatzen?».

Pavlov Fyssases erailketa

2013ko irailaren 18an erail zuten Pavlov Fyssas hip-hop abeslaria eta ezker muturreko militante antifaxista, Atenasen. Labankada batez hil zen, elastiko beltzekin izandako liskar batean —neonazi taldeak dira elastiko beltzak, Egunsenti Urrekara eskuin muturreko alderdiaren jarraitzaileak—. Fyssasen erasotzaileak, Giorgos Rupakiasek, hilketa bere gain hartu, eta alderdi hartako kide zela onartu zuen. Olympiakosek eta Paris Saint Germainek Txapeldunen Ligan jokatu zuten partidaren ostean izan zen; lagun batzuekin kafetegi batean futbolaz ari zelarik, politikaz eztabaidatzen bukatu zuen 15 bat elastiko beltzekin.

Hurrengo astean, Greziako Poliziak Nikolaos Michaloliakos Egunsenti Urrekara alderdiko buruzagia atxilo hartu zuen, «talde kriminal bat» sortu izana leporatuta. Alderdiko beste hogei kide inguru ere atxilotu zituen Poliziak, besteak beste, giza hilketa, bonba bidezko atentatua eta eraso fisikoak egotzita —tartean, 38 atxilotze agindu eman zituen fiskaltzak Egunsenti Urrekarako kideen kontra—. Alderdiak, orduan, Greziako Parlamentuan zituen hemezortzi eserlekuak (guztira, 300 ditu parlamentuak) uzteko mehatxu egin zuen.

Urriak bat zuenean hasi zen atxilotuen aurkako epaiketa. Fiskaltzaren esanetan, Michaloliakos buruak agindutakoak kide guztiek obeditu beharrekoak ziren, «sakratuak eta urraezinak». Fuhrer gisa ere identifikatu zuten alderdiko liderra. Izan ere, alderdiak bi zati bereizi zituen, fiskaltzaren arabera: bata politikoa eta eragilea, eta bestea bortxazkoa. Epaiketaren hirugarren egunean, aske utzi zituzten atxilotu zituzten sei diputatutik hiru. Bitartean, polizia operazioak eta atxilotze aginduek bere horretan jarraitzen zuen, eta, egun berean, Yannis Lagos Greziako Parlamentuko diputatua espetxeratu zuen magistratuak —aurretik ere, estortsio eta proxenetismo karguak zituen—.

2015eko martxoan, behin-behineko espetxealditik atera zuten Nikolaos Mikhaloliakos eskuin muturreko liderra, baita Yannis Lagos diputatua ere. Ordura arte, hemezortzi hilabete zeramatzaten kartzelan, eta libre utzi zituzten —behin-behinean preso egon daitekeen gehienezko tartea da hori—.

Bost urteko jauzia egin behar da Fyssasen erailketaren ondorioak ezagutzeko. 2020ko urrian, Atenasko Helegite Auzitegiak Egunsenti Urrekarako sei arduradun hamahiru urteko kartzela zigorrera kondenatu zituen (Nikolaos Mikhaloliakos eta Yannis Lagos, horien artean), eta beste bat, hamar urtera, «talde kriminal bat» zuzentzeagatik. Ez arduradunak bakarrik: beste 22 kide eta diputatu ohi ere zigortu zituen hiru eta zortzi urte arteko kartzela zigorrera, talde horretako kide izateagatik. Rupakiasek, Fyssasen hiltzaileak, bizi osorako espetxe zigorra jaso zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.