UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK

EAJ nagusi batzar nagusietan eta hiriburuetan, Soziometroaren arabera

Jeltzaleek gora egingo lukete boto portzentajean hiru herrialdeetan. EH Bilduk ere bai, jeltzaleek baino gehiago. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk, aldiz, behera egingo lukete boto portzentajeetan.

Bozkaleku bat Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2022ko urriaren 14a
11:49
Entzun

Udal eta foru hauteskundeak egingo dira datorren urteko maiatzean Hego Euskal Herrian, eta Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak boto asmoari buruzko inkesta bat argitaratu du gaur. Horren arabera, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak hiru herrialdeetan, eta baita Bilbon, Donostian eta Gasteizen ere. Gainera, hiru herrialdeetan hobetuko luke duela hiru urte lortutako boto portzentajea.

Zehazki, 2019an jeltzaleek botoen %29,69 eskuratu zituzten Araban, %43,48 Bizkaian eta %35,91 Gipuzkoan. Orain, Soziometroaren arabera, %30,5 lortuko lituzkete Araban (+0.8), %44,4 Bizkaian (+1) eta %36,6 Gipuzkoan (+0,7). Atzetik EH Bildu legoke hiru herrialdeetan: indar subiranistak botoen %23,2 eskuratuko lituzke Araban (+2,1), %22,4 Bizkaian (+2,5) eta %33 Gipuzkoan (+1,1). Beraz, guztietan egingo luke gora, eta jeltzaleek baino gehiago.

PSE-EE hirugarren indarra litzateke, baina beheranzko joera luke hiru herrialdeetan: Araban botoen %18,8 lortuko lituzke (-0,2), Bizkaian %14,4 (-2,2), eta Gipuzkoan %16,6 (-0,6).

PP laugarren indarra da Araban, botoen %14 bilduta (-1,1). Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, bosgarren indarra litzateke; Bizkaian, gora eginda –%7,1, duela hiru urte baino 0,5 gehiago–, eta Gipuzkoan, behera –%4,4, duela hiru urte baino 0,3 gutxiago–.

Elkarrekin Podemos, berriz, laugarren indarra litzateke Bizkaian –%8,2, duela hiru urte baino 2,4 gutxiago– eta Gipuzkoan –%7, duela hiru urte baino bi puntu gutxiago–; eta bosgarrena Araban –%6,7, 2019an baino 3,2 gutxiago–.

Hiriburuak ere, jeltzale

Hiriburuei dagokienez, EAJk irabaziko luke Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Gasteizen, egungo zazpi zinegotziei eutsiko lieke, eta berdinduta legoke PSE-EErekin, sozialistek egungoak baino bat gehiago lortuko lituzketelako. EH Bilduk eutsi egingo lieke oraingo seiei. Bilbon, gehiengo absolutua izango luke EAJk; egun, hamalau zinegotzi ditu, baina beste bat lortuko luke. EH Bilduk ere bat gehiago izango luke (bost guztira), eta bi indar abertzaleek irabazitakoak PPk eta Elkarrekin Podemosek galduko lituzkete. Azkenik, Donostian, EAJk eutsi egingo lieke egungo hamarrei, eta EH Bilduk ere gauza bera egingo luke dauzkan seiekin. PSE-EEk, berriz, bat gehiago eskuratuko luke (sei guztira), Elkarrekin Podemosek dauzkan hiruretatik bat galduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.