ESPETXEA
ELAk helegitea aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzak egindako espetxeetako laguntzaileen lan poltsen deialdiari
Sindikatuak espetxeetako transferentziaren «kudeaketa kaskarra» salatu du, eta Eusko Jaurlaritzari «benetako negoziazioa» eskatu dio lanpostuen zerrendaren eta lan baldintzen inguruan.

Eusko Jaurlaritzaren espetxeetako laguntzaileen lan poltsen deialdiari errekurtsoa jarri dio ELAk, «espetxe legeekin eta euskal administrazioarekin berarekin talka egiten duelako». Sindikatuak azaldu duenez, helegiteak hiru ardatz ditu: batetik, hizkuntza eskakizunen puntuazioa «ez da egokia, dagokion dekretuak ezarritako gutxieneko merezimenduak ez dituelako betetzen, euskal administrazioak berak egina izanagatik ere».
Bestetik, espetxeetako laguntzaile gisa jarduteko prestakuntza baldintzak ez dira betetzen, ELAren iritziz: «Espetxe Ikasketen Eskolan hiru hilabeteko prestakuntza eta beste hemezortzi hilabeteko prestakuntza behar dira. Prestakuntza falta hori 42,5 orduko hamar jarduera presentzialekin ordezkatu nahi da. Ondorioz, arrisku larrian jartzen ditu hautagaiak, langile taldeko gainerako kideak eta barnean direnak, ez baitute prestakuntza egokirik espetxeetan lan egiteko».
Horrez gain, ELAk nabarmendu du deialdian parte hartzeko gutxieneko adina 16 urte dela, eta zigortua izateko 18 urte izan behar direla: «Argi dago baldintza horrek ez duela inolako logikarik, eta arriskuan jartzen dituela neurri horren eraginpeko guztiak».
Hori dela eta, lan poltsen deialdiak dakarren «inprobisazio nabaria» salatu du ELAk, eta Jaurlaritzari eskatu dio aurre egin diezaiola lanpostuen zerrendari eta beharrezko langileez hornitzeko baldintzei buruzko «benetako negoziazioari».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
