Hezkuntza Legea

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legeari 35 eragilek egin dizkiote ekarpenak

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk Bildarratzi gogorarazi diote itunpeko ikastetxeetako kuotak ez direla legezkoak, eta eskatu diote eman dezala horiek kobratzeari uzteko pausoen berri. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan du bat egiten dutela doakotasunarekin.

Bildarratz eta Arrese, gaur goizean, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 14a
13:16
Entzun

Hezkuntza izan dute hizketagai gaurko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren galderen harira. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legeaz aritu dira, azkenaldian zeresana ematen ari baita. Bestetik, itunpeko ikastetxeetako kuotak eta haien desagerrarazteko bidea izan dituzte mintzagai. Lehenengoari dagokionez, atzo amaitu zen aurreproiektuaren lehen zirriborroari ekarpenak egiteko aukera, eta, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, 35 eragileren edo norbanakoren ekarpenak jaso dituzte. Orain, konpromisoa hartu du denak aztertzeko, «testua hobetze aldera».

Baina itunpeko ikastetxeen kuoten gaia landu dute nagusiki. Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, apirilaren 7an Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek sinatutako hezkuntza akordioak eskolatze kuotak kobratzea debekatzen du. Gainera, nabarmendu du hezkuntza ez dela doakoa, ez sare publikoan, ez itunpekoan. Izan ere, azaldu duenez, eskola publikoetan ikasten dutenek garraioa, jangela eta guraso elkarteko kuotak ordaindu behar izaten dituzte, besteak beste; itunpekoa aukeratzen dutenek, berriz, legezkoak ez diren kuotak ordaindu behar izaten dituzte, Arreseren hitzetan. Gainera, ziurtatu du segregazioaren arrazoi nagusietako bat direla kuotak, eta koalizio abertzalea horiek kobratzearen «erabat kontra» dagoela: «Kuotek desagertu egin behar dute ja». Halaber, Bildarratzi galdegin dio eskola postu baten kostu erreala kalkulatzeko eta kuotak kontrolatzeko mekanismoak ezartzea, besteak beste.

Ildo bertsutik mintzatu da Isabel Gonzalez, Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkidea. Esan du jakinekoa dela itunpeko ikastetxeek kuotak kobratzen dituztela: «Eskola kuoten kobrantza inoiz baino indartsuago dago». Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Zubimusu ikastolaren gaia ere ekarri du hizpidera, eta esan du hutsik zituzten bi ikasgelarengatik diru publikoa jasotzen aritu badira ere, Hezkuntza Sailak hura itzultzeko epe bat baino ez diola ezarri: «Harrigarria da diru publikoarekin gertatzen ari dena». Kuotak desagerrarazteko eta kontrol mekanismoak martxan jartzeko eskatu dio Bildarratzi.

Doakotasuna, «modu progresiboan»

Bildarratzek batari eta besteari emandako erantzunetan esan du hezkuntza akordioaren «puntu guztiekin» dutela konpromisoa. Gainera, aipatu duenez, Hezkuntza Legearen aurreproiektuan bertan ere jasota dago funts publikoekin finantzatutako ikastetxeek ezingo dutela inolako funts edo diru kopururik jaso familien aldetik doakotzat jotako irakaskuntzengatik.

Bildarratzen esanetan, ordea, baliabide publikoak jarri beharra daukate derrigorrezkotzat eta doakotzat jotako ikasketak doan emateko, eta aldaketa ez da bat-batekoa izango: «Jakin badakigu prozesu konplexua dela, eta ikastetxeekiko konfiantza, konpromiso eta erantzunkidetasuneko esparru bat ezarri nahi dugu». Legeak aginduko duenera «modu progresiboan» egokitzen ari dira, baina, Bildarratzen esanetan, Hezkuntza Sailak lehen pausoa egina du jada: itunpeko ikastetxeei ematen zaien kopurua egokitu zuten uztailean, finantzaketa areagotuta. «Gure ustez, hobekuntza horiek zuzenean izan behar dute eragina gure ikasleengan eta familiengan».

Ikuskapenei dagokienez, berriz, Bildarratzek nabarmendu du Zubimusurekin legeak agintzen duena egin dutela, eta gisa horretako kasuek erakusten dutela kontrol mekanismoak badaudela: «Baditugu itunen erregimenaren kontrol egokirako baliabideak gehiegizko finantzaketa egoerarik egon ez dadin, azkeneko egunetan ikusteko aukera izan duzuen bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.