Euskara

Hizkuntza politikarako zirrikitu bila lege esparru zurrunean

Espainiako auzitegien oldarraldiaz gaindi, hizkuntza politika eraginkorra garatzeko moduez gogoetatu dute Eibarren, Euskal Herriko eta Kataluniako ikuspegietatik. Katalanaren Aldeko Itun Nazionala aurkeztu du Eva Ponsek; tresna juridiko eta hizkuntza politiko berriak, Iñigo Urrutiak.

Zelai Nikolas saioaren gidaria eta Iñigo Urrutia hizlaria, gaur goizean. Telematikoki aritu da Eva Pons. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko urriaren 19a
18:53
Entzun

Hizkuntza gutxituekiko hertsatzailea, geroz eta hertsatzaileagoa, den legediaren arrakaletan hizkuntza politika eraginkorra garatzeko moduez aritu dira Eva Pons eta Iñigo Urrutia legelariek, gaur goizean Eibarren (Gipuzkoa), UEUk, Jakinek eta Txillardegi Gogoeta Guneak antolatutako XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldian.

Espainiako auzitegiek, batik bat azken hamarkadan, elebitasunaren gainean garatutako ikuspegi murriztailearen jatorrira jo du lehenik Ponsek, eta Kataluniako Estatutarekin gertatutakoa gogora ekarri du. Prozesu hura baliatzen saiatu ziren, hizkuntzaren normalizazioaren alde Katalunian bertan garatutako legeak eta horien xedeak maila altuagoko lege batera eramateko, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen 2010ean. Inpugnazioak ez zien eragin «kontzeptu handiei» soilik, baita arlo linguistikoarekin lotutako beste hainbat punturi ere, Ponsek zehaztu duenez. Halaber, auzitegiak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen katalanari «lehentasunezko izaera» emateko ahalegina.

Sententziak interpretaziorako eta aplikaziorako aukera desberdinak zabalik utzi bazituen ere, Auzitegi Konstituzionalak ikuspegi murriztailea hartu, eta, estatututik harago, ordura arteko hainbat lege eta arauditara ere eraman zuela azaldu du Ponsek. Hala ere, katalanaren normalizaziorako lege nagusia denak —Normalizazio Linguistikorako 1/1998 Legeak— indarrean jarraitzen duela nabarmendu du. Hark ezartzen du marko juridikoa, hizkuntza politikari dagokionez, adierazi duenez, baina ñabartu du auzitegiak etengabe ari direla legediak «berrinterpretatzen», eta horrek hizkuntza politikak juridikoki «segurtasunik ez» izatea dakarrela.

Ituna, helburu berekin

Testuinguru horretan, eta katalanak egun dituen erronketara egokitzeko asmoz, berriki abiarazitako egitasmo bat aurkeztu du Ponsek: Pacte Nacional per la Llengua —Hizkuntzaren Aldeko Itun Nazionala—. Generalitatetik bertatik sustatu dute akordioa, eta hartara batu dira gehiengo politikoa eta herrialdeko hainbat gizarte erakunde. Nork bere ekarpenak egin ostean, asmoa oinarrizko hainbat proposamen garatzea dela zehaztu du. Katalanaren normalizaziorako zutabe izan diren hiru ideien gainean garatu dute akordioa: Kataluniako herritarrek katalana menperatu ahal izatea, katalana hizkuntza «osoa» eta funtzio guztietarako baliagarria izatea eta «arrakala soziala» saihestea. «Lau hamarkadaren ondoren, helburu horiek partzialki baino ez dira lortu, eta beharrezkoa da kontsentsuak eta oinarri linguistikoak berritzea, helburu horietara bidean aurrerapenak lortzeko».

Ponsen hitzek oihartzun egin dute, ez soilik botere judizialaren oldarraldiak euskarari ere eragiten diolako, baita 1982ko Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen legea onartu zutela 40 urte betetzear direlako ere, eta garai hartan abiatutako hizkuntza politikaren berrikuspena egiteko eskaera hainbatetan berritu dutelako aspaldian euskalgintzako eragileek.

Beste mugarri bat aipatu du lehenago Urrutiak: Espainiako Konstituzioa. Hark gazteleraren aldeko «asimetria» sortu zuela azaldu du; batetik, berezko hizkuntza duten eremuetan «pertsonaltasun printzipioa» ezartzen delako. Hots, ez zaio lehentasuna ematen hizkuntza gutxituari, eta norbanakoaren «aukeraren» menpe uzten da hizkuntza ofizialetako bat edo bestea erabiltzea. Eta, bestetik, asimetria horrek «isla soziolinguistikoa» duelako: «[Espainiako] Estatuko botere publikoekin harremanak izateko, euskara jakitea ez da erabilgarria. Eta autonomia erkidegoan dauden botereekin harremana izateko euskara jakitea ez da nahitaezkoa. Baldintza juridiko horiekin funtzionatzen ari gara».

Asimetriaren gainean, legea

Eta, halaber, baldintza horietara egokitu zen Euskararen Legea ere, esan duenez. «Elebitasun sozialaren hautua» hartu zuen, gogoratu duenez: hezkuntzan banaketa sistema, komunikabide publikoak bikoiztu —euskarazkoa eta gaztelerazkoa—, unibertsitatea ere bi hizkuntzetan... Hala ere, ez zen «erabateko adostasun politikoarekin» onartu, Urrutiaren esanetan, eta baziren beste bide bat planteatzen zutenak: euskarak nazio lurraldea behar zuela ziotenak, elebitasun soziala «mitotzat» zutenak.

Bi ikuskera kontrajarri horiek bi eremutan bereizi zirela uste du Urrutiak: instituzionala eta soziala. Hala ere, azken urteetan bi eremuen arteko «konfluentzia» handiagoa ikusten du, eta horren adibide direla, besteak beste, 2016ko Udal Legea eta hezkuntza akordioa.

«Aldaketarako baldintzak» badiren arren, botere judizialaren oldarraldiaz ohartarazi du Urrutiak. Ez da «ausazko» zerbait, azpimarratu duenez: «Estatutuaren kontrako senteentziaren ostean, jurisprudentzia erabat aldatu du Auzitegi Konstituzionalak, eta atzean dagoen ideia da urrutiegi joan dela katalanaren eta euskararen normalizazioa; mugatu egin behar dela».

Botere judizialaren esku hartze horren aurrean erronkak gaurkotu beharra azpimarratu du Urrutiak. «Zaharkituta» eta «hauskor» ikusten ditu 1980ko hamarkadako tresna juridikoak zein hizkuntza politikak. Horren aurrean, eta gizarte adostasunetik abiatuta, «urrats kuallitatiboak» eman behar direla defendatu du, «beharbada estatus politiko berri bati lotuta, baina baita bitartean ere». Eta oinarri baten gainean: «Euskalduna eroso sentitu dadila euskaraz aritzen Euskal Herriko edozein esparru, funtzio eta txokotan».

Estrategikoak izan daitezkeen zenbait esparru ere zerrendatu ditu: gazteen aisialdia, eremu sozioekonomikoa, hezkuntza, komunikabideak... Horrez gain, lehentasunezkotzat jo ditu Nafarroan zonifikazioarekin amaitzea, arnasguneak zaintzea eta Ipar Euskal Herrian euskararen ezagutza orokortzea. Administrazioaz ere irmo mintzatu da: «Behingoz planteatu beharreko zerbait iruditzen zait funtzio publikoko zerbitzari izateko bi hizkuntza ofizialak nahitaez jakin behar direla». Beste leku batzuetan eztabaidaezina dena hemen oraindik konpontzeke egotea deitoratu du. «Gure txikitasun horrekin lotuta dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.