Klima larrialdia

Ibilgailu elektrikoek eta energia berriztagarriek apaldu egin dute isurien gorakada

Energia fosilen karbono isuriak hazi egingo dira aurten ere. Igoera %1ekoa izango da, Nazioarteko Energia Agentziak iragarri duenez.

Parke fotovoltaiko bat, AEBetako San Frantzisko hiritik hurbil. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urriaren 19a
19:57
Entzun

Erregai fosilek eragindako berotegi gasen isuri kopurua handitu egingo da beste behin, IEA Nazioarteko Energia Agentziak gaur argitaratu duen txostenean iragarri duenez. Agentziaren arabera, «egungo energia krisiak» eta Ukrainako gerrak sektorean eragin dituen ondorioek gorakada handi baten inguruko kezkak piztu dituzte aurten, baina 2022. urtean «soilik %1ekoa» izango dela nabarmendu du. «Iazko hazkundearen zati txiki bat» —%6koa izan zen igoera 2021ean—. Kopurua askoz ere handiagoa litzateke «energia berriztagarrien eta ibilgailu elektrikoen zabalkunde indartsuagatik» izan ez balitz.

Munduan, 300 milioi tona karbono dioxido isuriko dira aurten erregai fosilen erabileragatik, iazko kopuruen aldean; 33.800 milioi tona orotara. Iaz, pandemiaren murrizketak arintzearekin eta ekonomiaren suspertzearekin batera, 2.000 tona ingurukoa izan zen gorakada. Aurten, abiazio sektorea izan da isuriak areagotzeko arrazoi nagusia, hegazkin bidaiak ugaritu direnez gero.

Isurien hazkundea hiru bider handiagoa litzateke aurten —ia milioi bat tonakoa—, energia berriztagarrien eta ibilgailu elektrikoen zabalkunderako eman diren urratsengatik ez balitz. «Errusiaren Ukrainako inbasioak eragin duen energia krisi globalak herrialde ugari bultzatu ditu gas naturalaren hornikuntza baztertzera, Errusiak merkatutik atxiki baitu. Albiste itxaropentsua da eguzki eta haize energia hutsune hori betetzen ari dela neurri handi batean, eta ikatzaren gorakadak txikia eta behin-behinekoa dirudiela», adierazi du Fatih Birol IEAko zuzendari nagusiak. «Horrek esan nahi du CO2 isuriak askok beldur zirena baino motelago hazi direla eta gobernuen politikak benetako egitura aldaketak bultzatzen ari direla energia ekonomian».

Marka berriztagarrietan

IEAk garrantzia aitortu dio eguzki eta haize energiaren ekoizpenaren garapenari. 2022an, 700 terawatt-ordukoa izango da, agentziaren kalkuluen arabera. «Inoizko hazkunderik handiena». Bi iturri horiei dagozkie energia berriztagarrien ekoizpenak izan duen gorakadaren bi heren. Iturri hidrikoek zailtasun handiak izan dituzte aurten, muturreko lehorteengatik, baina haren ekarpenak ere gora egin du, eta energia berriztagarrien hazkundearen bosten bat dagokio.
Eguzki eta haize energiaren atzetik, ikatzaren bidezkoa izango da 2022an gehien haziko den energia iturria. Herrialde askok haren aldeko apustua indartu dute, gas naturalaren garestitzeari aurre egiteko. Ikatzak eragindako isuriak 200 milioi tona inguru haziko dira aurten —%2—. Asian izango da gorakadarik handiena.

Ia beste horrenbeste egingo dute gora petrolioaren isuriek: 180 milioi tona, guztira. Garraioaren sektoreak bultzatu du gehien petrolio kontsumoa, pandemia garaiko bidaia murrizketak kendu izanaren ondorioz. Abiazioak eragin ditu petrolio isurien hazkundearen hiru laurden, nabarmen ugaritu baitira nazioarteko hegaldiak. Hala ere, sektorearen isuri kopurua pandemia aurreko kopuruaren %80ren parekoa izango da aurten.

Datorren urteari begira, IEAk uste du gas naturalaren merkatuaren «ziurgabetasunak» baldintzatuko dituela energia kontsumoaren joerak, neurri handi batean. Horrez gain, adierazi du aintzat hartzekoak direla «2022an azaleratu diren egiturazko aldaketen zantzu itxaropentsuak». Datorren urtean berotegi isuriak murrizteko politikak «indartu» egingo direla espero du, besteak beste, Europako Batasunak, AEBek, Txinak, Indiak eta Japoniak iragarri dituzten planengatik. Agentziak urriaren 27an kaleratuko du 2023rako energia kontsumoen eta isurien joerei buruzko txostena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.