Europako Batasuna

RFF funtsetatik 1.154 milioi euro iritsi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoara

Gasteizko gobernuak 32,6 milioi eskatu ditu adimen artifizialarekin eta zibersegurtasunarekin lotutako bi proiektutarako.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 21a
11:57
Entzun

Tantaka bada ere, iristen ari da Next Generation funtsen dirua Euskal Herrira ere.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak eguneratu ditu datuak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Han esan duenez, 1.154 milioi euro iritsi dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara Next Generationen diru poltsa nagusitik, Suspertze eta Erresilientzia Funtsa deitutakotik –RFF laburdura, ingelesez–. Horretatik %84,2 Jaurlaritzak berak kudeatuko ditu, 972 milioi euro, eta gainontzekoa, berriz, Espainiako Gobernuak.

Hurrengo hilabeteetan eta batez ere 2023an diru gehiago biltzea espero du Jaurlaritzak, eta jada egin ditu hainbat eskaera zehatz. Horrela, Azpiazuk azaldu du Retech atalerako adimen artifizialarekin eta zibersegurtasunarekin lotutako bi proiektu aurkeztu dituela, 32,6 milioi euro jasotzeko helburuarekin.

Gasteizko gobernua adi erreparatzen ari zaio Repower EU planari ere, Europako Batzordeak azaldu baitu horko dirua baliatu nahi duela Ukrainako gerrak agerian utzitako EBren mendekotasun energetikoa apaltzeko. Energia berriztagarriekin lotutako proiektuetarako erabiliko da dirua, eta Jaurlaritzak hor ere esku hartu nahi du, Euskadi Next planean azaltzen diren proiektuekin eta oraindik hor ez daudenekin.

RFFtik jasotako diruari React EU izenekotik iritsitakoa batu behar zaio. Diru hori aurretik ordaindu zen, eta pandemiak osasunean, hezkuntzan eta beste programa sozialetan egindako gastu gehigarria finantzatzeko baliatu zen. Hego Euskal Herriak 574 milioi eskuratu zituen: 426 milioi Jaurlaritzak, eta 148 milioi euro Nafarroako Gobernuak.

EBren funtsei buruzko agerraldietan ohikoa duenez, Azpiazuk kritikatu egin du Espainiako Gobernuak funtsak kudeatzeko duen modua. Kasu honetan, sailburuak ziurtatu du proiektuen %20k arazoak izan dituztela eta horiek lotuta daudela «administrazio zentralaren diseinu okerrei». Azpiazuren arabera, Jaurlaritzaren eskaerak aintzat hartu izan balituzte, oker horiek ez ziren gertatuko, eta horrek erakusten du planak erkidegoekin hitzartu behar zirela.

Botika enpresak ere bai

Administrazioek jasotako diruaz gain, enpresek zuzenean jasotakoa ere badago, proiektu estrategikoen deialdien bidez (ESEPE). Ibilgailu elektrikoarena eta Abangoardiazko Osasunarena behin-behinean ebatzi dira.

Lehenengoan, Mercedesek 159,3 milioi euro jasoko ditu –% 58 kredituen bidez eta % 42 zuzeneko laguntzen bidez–; Sapa Andoaingo armagintza enpresak, 25,2 milioi; Irizarrek, 24 milioi, eta Fagorrek, zazpi.

Abangoardiazko Osasunaren proiektu estrategikoan, berriz, P4Q electronics, Vivebiotech eta Faes Farma euskal enpresek 3,4 milioi jaso dituzte, behin-behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.