Lan gatazkak

Bizkaiko metalgintzaren laugarren greba egunean erantzuna «ia erabatekoa» izan dela adierazi dute sindikatuek

Durangon egin dute manifestazioa, negoziazio mahaiko gehiengo sindikalak deituta. Goizeko piketeetan Ertzaintzaren jarrera salatu dute. Akordiorik lortu ezean, mobilizazioekin jarraitzeko prest daude.

Bizkaiko metalgintzaren manifestazioa gaur Durangon, gehiengo sindiakalak deituta. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo - Maddi Iztueta Olano
2022ko urriaren 27a
16:49
Entzun

Bizkaiko metalgintzak laugarren greba eguna izan du gaur. Lan hitzarmenaren negoziazioan FVEM patronalaren «blokeoa» dela eta, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek greba deialdia egin dute gaurko, biharko eta azaroaren 2rako. Unai Orbegozo CCOOko kideak aditzera eman duenez, «oso pozik» daude grebak izan duen erantzunarekin: «%85 ingurukoa izan da, eta Durangaldean, gainera, ia erabatekoa». Manifestazioa antolatu dute eguerdian, Iurretatik Durangora, Hitzarmen duin baten alde. Bizkaiko metala greban lelopean. ELA sindikatuak, berriz, beste manifestazio bat antolatu du Erandion. Grebara 52.000 langile zeuden deituta. Ohi bezala, oso bestelako irakurketa egin du patronalak; ohar batean azaldu duenez, sektoreko langileen %27k soilik egin dute bat lanuzteekin, eta adierazi du sindikatuek beren «estrategia aldatzea» espero duela.

Gaurko deialdiaren «arrakasta» ikusita, sindikatuek berretsi dute ez dutela horretarako asmorik. «Enpresa garrantzitsu eta potenteek produkzioa gelditu dute», esan du Iratxe Azkue LABeko kideak. Izan ere, manifestazioaren aurretik, piketeak antolatu dituzte lantegietan. Ertzaintzak izan duen jarrera salatu du Azkuek: «Goizeko bostetatik piketeen atzetik ibili da, piketearen lana oztopatzen eta jendea identifikatzen». Are gehiago, jendea identifikatu dute «kafea hartzen zuen bitartean». Horren harira, Eusko Jaurlaritzari «isilik» egotea aurpegiratu dio: «Ez dute eser esaten, baina, aldi berean, Ertzaintza bidaltzen dute mobilizazioak oztopatzeko eta langileak kriminalizatzeko».

Mezu argia bidali diote patronalari, CCOOko eta LABeko kideek azaldu dutenez. «Langileek ez dute erosteko ahalmena bermatzen ez duen soldata igoerarik onartuko, eta atzera pausorik ere ez», argi utzi du Azkuek. Lan eta bizi baldintza duinak exijitu dituzte. Horrez gain, Orbegozok adierazi du «egiazko proposamenak» nahi dituztela, «behingoz» negoziazioa behar den bezala hasteko. «Langileek krisi berri hau ez dute ordainduko» azpimarratu du.

«FVEMek ikusi behar du langileok kalean gaudela lan baldintzak modu duinean berritzeko eskubidea defendatzeko», esan du Jose Maria Rojo UGTko Industria Federazioko kideak. Haren iritziz, patronalak planteamendu bat egin behar du, langileek erosteko ahalmena galdu ez dezaten eta aurreko hitzarmenetan eskuratutako eskubideak murriztu ez daitezen.

Ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean egin zituen Bizkaiko metalaren sektoreak lehenengo hiru greba egunak. Ordutik, patronalak eta sindikatuek negoziatzen jarraitu dute. Metalgintzako lan hitzarmena berritzeko azken bilera aste honetan egin dute. FVEMek eskaintza berria jarri du mahai gainean, baina sindikatuek ez dute onartu, ez duelako erosteko ahalmenaren galera eragozten. CCOOk, LABek eta UGTk ere hamalau puntuko agiria aurkeztu dute. Bertan, soldata KPIaren arabera igotzea eta ABLE aldi baterako laneko enpresen erabilera hiru hilabetera mugatzea eskatu dute. FVEMek eskaera ukatu du. Hori dela eta, sindikatuek aurretik ezarrita zeuzkaten hiru greba egunak mantentzea erabaki dute. Rojok adierazi duenez, «patronalak eskatzen dugun planteamendua egiten badu, hitzarmen kolektibo bat sortzeko bat egin ahal izango du. Ez bada horrela, mobilizazioekin jarraituko dugu».

ELA, berriz, Erandion mobilizatu da. Ohar batean adierazi dutenez, lanuzteak «patronalaren jarreraren ondorio» dira, eta salatu du FVEMek «negoziazioa blokeatzen» jarraitzen duela. ELAk azpimarratu du sektoreko enpresak «mozkin handiak» izaten ari direla eta beharrezkoa dela langileen erosahalmena igotzea, lanaldiak murriztea eta prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak hartzea.

Gaurko protestak Basaurira eramango dituzte bihar, eta hurrengo hitzordua azaroaren 2an izango da, Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.