Lan gatazka

Mobilizazioetan jarraitzeko prest daude EMBko langileak

Gaur goizean, Aparkabisaren aparkalekuan zeuden 80 autobus sabotatu dituzte, lan hitzarmen berri baten aldeko mezuekin. Ezkerraldeko hainbat autobus zerbitzu bertan behera geratu dira.

Sabotatutako autobusetako batzuk. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko azaroaren 8a
09:53
Entzun

Aparkabisak Trapagaranen duen aparkalekuan EMB konpainiaren 80 autobus sabotatu dituzte gaur goizean. Ezezagun batzuek pinturaz margotu dituzte autobusen kristalak eta ispiluak, lan hitzarmen berri baten aldeko mezuekin, eta, ondorioz, gidatu ezin geratu dira ibilgailuak.

Ezkerraldean eta Meatzaldean ematen du autobus zerbitzua EMBk, Bizkaiko Aldundiak kontratua adjudikatuta, eta enpresako 800 langileek laugarren greba eguna dute gaur. Lan hitzarmen berri bat ari dira eskatzen. Sabotajearen ondorioz, autobus zerbitzua etenda geratu da bi eskualde horietako hainbat lineatan.

Komitearen erantzuna

Gertatutakoaren inguruan adierazpenak eman ditu Juan Carlos Gonzalez Ezkerraldeko eta Meatzaldeako komiteko presidenteak (CCOO): «650 langile dira, eta guztien pazientzia ez da berdina; batzuek muturrera eraman dute». Esan duenez, ez dute inoiz horrelako ekintzarik defendatuko. Hala ere, begi onez ikusi du ez dela inongo kalte materialik egon: «Ispiluetan egin dituzte pintadak, eta zerbitzuaren funtzionamendu normala eragotzi dute, baina esan behar dugu disolbatzaile pixka batekin eta trapu batekin zerbitzua martxan jar daitekeela berriro».

Gonzalezek salatu du greba «isilduta» dagoela: «Laugarren greba dute gaur langileek, eta oso isilduta egon da, nahiz eta erabiltzaile askori eragin». Batez ere unibertsitaterako konexioei eragiten diola azaldu du.

Lan hitzarmen berri bat ari dira eskatzen Ezkerraldean eta Meatzaldean.Orain, harremana etenda dago. «Azken bilera irailaren amaieran egin genuen, eta haustura egon zen», adierazi du Gonzalezek. Hori dela eta, greba egunak ezartzea adostu zuten, urriaren 25etik aurrera. Busturialdean eta Lea Artibain ere greba egun batera deituta daude, baita Enkarterrin ere. «Ziur aski Txorierri laster batuko da», esan du.

Hitzarmenak 2020ko abenduan galdu zuen indarra. «Pandemia garaia zenez, berritzea atzeratzea adostu genuen», azaldu du. Hala ere, onartu egin zuten beste kontzesioek, nahi izatekotan, eurena berritzea. Izan ere, Bizkaibus bost zonatan dago banatuta. Avanza Durangaldeak 2021. urtearen amaieran hasi zuen akordioa lortzeko negoziazioa. Aurtengo uda aurretik sinatu dute hitzarmen berria. «Bizkaibusen guztira 1400 pertsonek egiten dute lan; guk nahi duguna zera da: kontzesioak desberdinak izanda ere, desberdintasunik ez egotea soldatetan edota lanaldietan», azpimarratu du Gonzalezek.

Mobilizazioekin jarraitzeko prest

Urriaren 25ean hasi zen lan gatazka EMBn, eta hiru greba egun egin dituzte aurretik. 07:30etik 09:30era eta 17:30etik 19:30era daude langileak deituta lana uztera. Ostegunerako berriro deitu dituzte greba egitera, baita azaroaren 14rako, 15erako, 17rako, 21erako, 22rako, 25erako, 28rako eta 29rako ere. Hala ere, akordiorik lortu ezean, prest daude abenduaren 1etik aurrera lanuzteekin jarraitzeko: «Mobilizazioekin jarraitzeko prest gaude; argi izan dezatela amaierara arte joango garela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.