Alderdiak

Gasteizko epaitegiak baztertu egin du Maiorga Ramirezen kaleratzea etetea

EAk lau urtez eten zion afiliazioa, otsailean. Ramirezek kautelazko neurriak eskatu zizkion epaitegiari.

Maiorga Ramirez, kritikoek egindako biltzar batean, otsailean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 9a
18:10
Entzun

Gasteizko epaitegiak ez du tramitera onartu Maiorga Ramirez EAren ildo kritikoko buruak aurkeztutako eskaera, eta, beraz, ez du kautelazko neurririk ezarriko hura eta beste lau kide kritikori militantzia eten izana behin-behinean eteteko.

EAko Nazio Batzorde Eragileak otsailean adostu zuen Ramirez, Miren Aranoa, Iratxe Lopez de Aberasturi, Esther Korres eta Mikel Goenaga alderdikideen kidegoa lau urtez etetea, eta erabakia indarrean dago alderdiaren XIII. Nazio Biltzarreko kongresuaren biharamunetik. EAren arabera, «frogatuta geratu da Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela».

Ramirezek «bidegabekeriatzat» jo zuen erabakia, eta kritikatu zuen afiliazioak aukeratutako pertsonak kanporatu zituztela. Izan ere, Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileak ziren, eta Korres, Iruñekoa. Hala, kritikoek irailean eskatu zioten epaitegiari kautelazko neurriak hartzeko, erabaki hura behin-behinean eten zezan. Orain, baina, hark uko egin dio tramitera onartzeari. Argudiatu du eskaera hori orain egitea ez dagoela justifikatuta, eta eskatzaileei leporatu die EAren aurkako beste prozesu bat baliatu izana harekin zerikusirik ez duten beste afera batzuk tratatzeko.

Alderdiak sare sozialen bidez adierazi du egia gailendu dela «lawfare estrategiaren» eta EAren jardunaren «une oroko judizializazioaren» aurrean. Era berean, salatu dute Ramirezek eta kritikoek «afiliatuen gehiengoak» hartutako neurrien aurka egin izana.

Egungo zuzendaritzaren eta ildo kritikoaren arteko gatazka ez da berria. Jatorrira jotzeko, bost urte egin behar da atzera, 2017ko ohiko kongresura. Ordutik, okerrera egin du bi ildoen arteko harremanak; besteak beste, EH Bilduren barruan izan beharreko rolaren inguruko desadostasunak tarteko.

Alderdiak otsaileko Nazio Biltzarrean eman nahi zion amaiera aferari. Bilkura hartan, txosten politikoa eta estatutu berriak onartu zituzten, eta zuzendaritza berria aukeratu. Boto eskubidea zuten 249 konpromisarioetatik 133k hartu zuten parte, ildo kritikoko kideek uko egin baitzioten parte hartzeari; bilkura propio bat egin zuten. Halere, epaitegiek ebatzi zuen Eusko Alkartasunak Kongresu Nazionalean hartutako erabakiak etetea, eta datorren asteburuan ezohiko batzar bat egingo dute haiek berresteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.