EAk lau urterako eten dio militantzia Ramirezi

jon olano
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

EAk jakinarazi duenez, Nazio Batzorde Eragileak aho batez onartu du Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen aurka 2021eko irailean irekitako zehapen espedientearen instruktoreak aurkeztutako ebazpen proposamena. Horren arabera, batzorde eragile nazionalak erabaki du ebazpen proposamen hori onartzea, eta, ondorioz, lau urtez EAko kidegoa etengo diete. EAren arabera, «frogatuta geratu da Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larri eta oso larriak egin dituztela».

Alderdiak frogatutzat du araudiko zenbait artikulu urratu dituztela: kargu publikoaren lanetan alderdiaren edo alderdiak egin ditzakeen koalizioen estrategiaren aurka egitea, alderdiaren aurretiko baimena izan gabe adierazpen publikoak egitea eta EAko afiliatu, jarraitzaile, langile edo kargu publikoei hitzez edo egitez tratu txarrak edo errespetu eta begirune falta larria izatea.

Ramirezek, Lopez de Aberasturik, Goenagak, Aranoak eta Korresek 30 eguneko epea daukate alderdiaren Berme Batzordearen aurrean helegitea jartzeko. Lopez de Aberasturi Arabako koordinatzailea da; Goenaga, Gipuzkoakoa eta Aranoa, Nafarroakoa. EAk etzi zortzi abiatuko du kongresua, hilaren 19an eta 20an, eta, otsailaren 21etik aurrera etengo dietenez afiliazioa, kongresuan parte hartu ahal izango dute. Ponentzia eta zuzendaritza berriaren bozketan parte hartu ahal izango dute, baita beren burua zuzendaritzarako aurkeztu ere.

2017an, EAren ohiko batzar nagusian bi ildo agertu ziren, eta Pello Urizarrena nagusitu egin zitzaion Maiorga Ramirezenari. Handik aste batzuetara aukeratu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaile Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa; hirurak, Ramirezen ildokoak —ildo ofizialaren esku geratu ziren Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzak—. Harrezkero, desadostasunak nagusi izan dira alderdian: politikoki, besteak beste, EAk EH Bildun izan behar duen rola dago eztabaidagai.

Organikoki, 2019ko urrian egin zuten idazkari nagusia aukeratzeko prozesua; orduan, Hauteskunde Antolaketa Batzordeak lehiatik kanpo utzi zuen Maiorga Ramirezen hautagaitza; 400 bat abal eskuratu zituen Ramirezen hautagaitzak, beharrezkoak zirenak baino gehiago, baina Hauteskunde Antolaketa Batzordeak ebatzi zuen Ramirezek ez zituela aski abal eskuratu Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, ez zituela hautagai izateko irizpideak bete. Hori horrela, eta hautagai bakarra izanda, Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. Sektore kritikoak auzitara jo zuen, eta Gasteizko Auzitegiak izendapena eten zuen behin-behinean.

Sektore kritikoa: «Azpijoko bat da»

Maiorga Ramirezen ildoko militanteek uste dute Eba Blancok atzo hartutako erabakia «kanporatze bat» dela de facto. Zehazki, salatu dute alderdiko zuzendaritza «azpijokotan» dabilela, hil honen 19an eta 20an egitekoa den alderdiaren XIII. Kongresu Nazionala baldintzatzeko xedez.

Ildo kritikoko kideek «esperpentotzat» jo dute alderdiko buruzagien jokabidea: «Publikoki salatu genuen eskubide demokratikoen urraketa bat, auzitegiek egiaztatuta, eta hori zigortu dute kanporatze agindu batekin, nork eta eskubide urraketa hori egin dutenek».

Ramirezen ildokoen iritzian, zuzendaritzak kanporaketa betearazi nahi du «errekurtsoa aurkezteko eskubidea errespetatu gabe». eta kongresuaren erdian: «Maniobra bat da kongresua baldintzatzeko, eta Arabako Lurralde Auzitegiaren epaia ez betetzeko. Hain zuzen, epai horrek agindu zuen 2019ko primarioak errepikatzeko, EAk urratu egin zituelako Maiorga Ramirezen eskubide demokratikoak». Gaineratu dute Blancoren sektoreak Eusko Alkartasuna «urtu» nahi duela «ezker abertzalea hegemonikoa izanen den EH Bildu batean».

Hori dela eta, sektore kritikoak ez du baztertu berriz ere auzitara jotzea, ulertzen baitute militante horien militantzia etetea «parte hartze demokratikorako oinarrizko eskubidea urratzea» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.