Espainia-Katalunia

Aragonesek esan du «pauso handia» dela sedizio delitua Espainiako Zigor Kodetik kentzea

Horren ordez, «desordena publiko larriak» zigortuko dituzte, eta zigorrak hamabost urtetik bost urtera jaitsiko dituzte. Kataluniako presidenteak begi onez ikusi du aldaketa: «Esperantza eman digu, eta aurrera egiteko indarra».

Pere Aragones Generalitateko presidentea. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Edu Lartzanguren - Uxue Rey Gorraiz - Mikel O. Iribar
2022ko azaroaren 11
08:23
Entzun

Espainiako telebista batean eginiko elkarrizketan eman du albistea bart Pedro Sanchez gobernuburuak: sedizio delitua kendu egingo dute Zigor Kodetik. Hamabost urteko zigorra dakar horrek, eta Kataluniako prozesuaren aurkako auzian hori egotzi zieten alderdi nazionalistetako buruei, eta hamahiru urteko zigorra ezarri. Horren ordez, «desordena publiko larriak» zigortuko dituzte, eta zigorrak hamabost urtetik bost urtera laburtuko dituzte. Sanchezek zehaztu duenez, inguruko estatuetako legedietara egokitzea izan da erabaki horren helburua. Proposamen hori ostiral honetan aurkeztuko dute PSOE Espainiako Alderdi Sozialista Langileak eta Podemosek, Diputatuen Kongresuan. Kataluniako Generalitateko presidente Pere Aragonesek, berriz, ongi iritzi dio erabakiari, eta «aurrerapausotzat» jo du.

Ikusi gehiago:Erantzun argirik ez duten galderak planteatu ditu Zigor Kodeko aldaketak

Izan ere, neurriak eragina izango du erbestean dauden buruzagi katalanengan: Carles Puigdemont presidente ohiarengan eta Marta Rovira ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusiarengan, esaterako. Edonola ere, haiek epaitzeko eta zigortzeko arriskuak indarrean jarraituko du, zigor txikiagoekin bada ere. Sei eta zortzi urteko inhabilitazioa aurreikusten du lege berriak.

El País egunkariak jasotakoaren arabera, gaur erregistratuko duten Zigor Kodearen erreformaren 14. puntuak erabat ezabatuko du Zigor Kodearen XXII. tituluaren I. kapitulua, eta aldatu egingo du 557. artikulua, desordena publikoarena, hau esan dezan: «Sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie taldean jardun eta bake publikoari eraso egiteko indarkeria edo larderia erabiltzen dutenei: pertsonen edo gauzen aurka eginez; bide publikoak oztopatuz, pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jarriz; edo instalazioak edo eraikinak indarrez hartuz». Artikulu berriaren arabera, «aurreko paragrafoan azaldutako egitateei hiru eta bost urte bitarteko espetxe zigorra ezarriko zaie, bai eta kargu publikorako inhabilitazioa ere. Egileak autoritate gisa eratuta badaude, inhabilitazioa erabatekoa izango da, sei eta zortzi urte bitartekoa».

Sanchezek ukatu egin du erabaki hori ERCk baldintzatu duela, trukean estatuko aurrekontu orokorrak onartzeko, eta gogorarazi du orain arte ez zegoela gehiengo nahikorik erreforma aurrera ateratzeko. Dena den, esan du azken asteetan hainbat alderdi prest azaldu direla aldaketa hori egiteko. Ziurtatu duenez, gobernuak ez du onartuko amnistia, alderdi independentistek eskatzen duten bezala, eta, beraz, Puigdemontek «azalpenak» ematen jarraitu beharko du Espainiako justiziaren aurrean. «2017an egindako delituak Zigor Kodean daude oraindik, ez sedizio delitu gisa, baizik eta delitu tipologia berri gisa», nabarmendu du. Nolanahi ere, gobernuburuak ohartarazi du estatua ez dela «ahulduta» geratuko konstituzioaren erronken aurrean. Haren esanetan, zigor berriak Europako «demokrazia nagusiekin homologatu daitezke».

Sanchezek egindako iragarpenaren ondoren, Aragonesek agerraldia egin du gaur goizean Generalitateko jauregiko galeria gotikoan, eta nabarmendu du sedizio delitua Zigor Kodetik kentzeak lotura zuzenena duela Katalunian indar demokratikoaren bidez eginiko ahaleginarekin. Are, esfortzuaren «fruitua» da zuzenean, haren iritziz. Batik bat, azpimarratu du legedian egitekoak diren moldaketa «berebiziko lorpena» dela, eta «gatazka politikoari soluzioa aurkitzen hasteko garrantzitsua». «Pauso handia eman dugu errepresioa amaitu dadin. Esperantza eman digu, eta energia kolektiboa ere bai, aurrera segitzeko», adierazi du, eta harago ere joan da: «Aurrerapauso bat da Kataluniako eskubideen eta askatasunen alorretan».

Generalitateko presidenteak agerian utzi nahi izan du Zigor Kodearen erreforma Espainiako Gobernuarekin izandako elkarrizketaren emaitza izan dela eta, aurrez iragarri bezala, urtea amaitu baino lehen «gatazka desjudizializatzeko» akordioak lortu dituela. Gainera, ziurtatu du Esquerrak negoziazioen bidearen alde egin izan ez balu «ezinezkoa» izango zela sedizioa berrikusi izana. Nolanahi ere, Aragonesek adierazi du oraindik ere kontu ugari falta dela argitzeko. «Gauza batzuk airean dira, baina horiek parlamentuko tramiteetan eztabaidatzen ahalko dira. Ikusiko da». Hala, Aragonesek nabarmendu du Kataluniako Gobernuak eta ERCk «konpromisoa» dutela amnistia posible egiteko, «errepresioaren amaiera ziurtatzeko».

Erreferenduma, begiz joa

Aurrera ere zuzendu du begirada Aragonesek. Sedizio delituari loturiko moldaketaren balorazioa egin ez ezik, Generalitateko presidenteak etorkizuneko asmoak berresteko baliatu du hiztekaldia. «Lanean segituko dugu Kataluniako herritarrek erreferendum batean bozkatzeko aukera izan dezaten. Eta, datorren aldian, inolako errepresiorik gabea izanen da, polizia indarren bortizkeriarik gabea, eta alde guztiek onartuko dituzte bozen emaitzak».

Hurrengo urrats logikoa izango litzateke errepublikanoek Espainiako Estatuko 2023ko aurrekontu orokorrak onartzea, azken bi urteetan egin duten bezalaxe. ERCk eta Sanchezen gobernuak agintaldi honetan egin duten idatzi gabeko ituna beti bera izan da, gorabeherak gorabehera: Espainiako Gobernuak gatazka politikoari buruzko negoziazio bat onartzen zuen, eta, trukean, Esquerrak PSOEren egonkortasuna bermatzen zuen kongresuan. Orain, sedizioaren erreformak beste aurpegi bat jarri dio negoziazio mahaiari, eta aurrekontuak onartzeak ziurtatuko luke Sanchezek boterean jarraitzea hurrengo hauteskundeetara arte.

Bada, Katalunian ere gauza bera gerta liteke; orain errepublikanoek bakarrik gobernatzen dutenez —Junts Per Catalunyako militanteek Kataluniako Gobernutik ateratzearen alde bozkatu zuten urriaren 7an—, aurrekontuak aurrera ateratzeko bazkideak behar dituzte. Hain zuzen, PSCk betoa kendu dio aste honetan aurrekontuak adosteko elkarrizketari. Halere, gai horri buruz galdetuta, Aragonesek ez du lotu nahi izan: «Hau ez da alderdien arteko akordio bat, gatazka politikoa konpontzeko aurrerapauso bat baizik», esan du, eta Palaukoek berresten dute JxC eta En Comu Podem direla Generalitatearen «lehentasunezko» bazkideak.

JxC eta CUP, kritiko

JxCko presidente Laura Borras kritiko azaldu da Sanchezek Espainiako Zigor Kodean egindako proposamenarekin. Twitterren idatzitako mezuan ziurtatu duenez, «desordena publiko larriaren konponbidea sedizioaren gaixotasuna baino okerragoa» izan daiteke. Bide horretan, Jordi Turull JxCko idazkari nagusiak ere hizpide izan du zigor aldaketa RAC irratiari emandako elkarrizketa batean, eta esan du erreforma hori «U-1a delitua izan zela esateko neurrira egina» dagoela. Carles Riera CUPeko diputatuak, berriz, errefusatu egin du Zigor Kodearen sedizio delitua kentzea, eta ERC kritikatu du Espainiako Gobernuko presidentearen «malabar jokoak garaipen politiko gisa saltzeagatik». Era berean, salatu du PSOE «iruzurgilea» dela.

Bestalde, Alderdi Popularreko buruzagi Alberto Nuñez Feijook gogor hitz egin du Espainiako gobernuburuaren aurka, sedizio delituaren erreforma iragarri ostean. «Sanchezek beti jartzen du interes politikoa Espainiaren gainetik. Arduragabekeria historikoa da Auzitegi Gorenaren lana zuzentzea; inozokeria hutsa da, independentismoa ez baita inoiz asetzen», idatzi du sare sozialetan. PPren egoitza nagusitik, Genovatik, gobernuari leporatu diote «traizioa egitea eta Espainia umiliatzea», baita alderdi independentistekin «txanpon trukea» egitea ere. Bide horretan, Ciudadanosek zentsura mozioa aurkezteko eskatu dio Feijori, baina alderdi eskuindarrak ez du PPko buruaren erantzunik jaso oraindik.

EH Bildu eta EAJ

EH Bilduk kongresuan duen diputatu Jon Iñarrituk ontzat hartu du sedizio delitua aldatzea, eta Espainiako Gobernuak «ekintza politikoa desjudizializatzeko» agenda betetzea galdegin du. Hala ere, ohartarazi du prozesu subiranistako buruzagi katalanen aurkako «Brunete judizial eta polizial» bat dagoela oraindik. EAJ Euzko Alderdi Jeltzaleko presidente Andoni Ortuzarrek ere begi onez hartu du erreforma hori, eta gogorarazi du EAJ ez dela «inoiz» sedizio delitua egotearen aldekoa izan, Europan eta demokrazia finkatuetan «beste zigor tipologia batzuk daudela» argudiatuta. Halaber, Ortuzarrek, Iñigo Urkullu lehendakariaren gisan, akordio bat eskatu du «Espainia Estatuko erkidegoek eskubidea izan dezaten euren etorkizuna erabakitzeko eta herritarrei zer nahi duten galdetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.