KATALUNIA

Erantzun argirik ez duten galderak planteatu ditu Zigor Kodeko aldaketak

Baliteke Espainiako Gobernuaren erabakiak Carles Puigdemonten eta Marta Roviraren egoerari eragitea, baita Oriol Junquerasen inhabilitazioari ere.

Junqueras, eta, atzean, pantailan, Marta Rovira, ERCren ekitaldi batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 11
17:00
Entzun

Sedizio delitua Espainiako Zigor Kodetik kentzeko Espainiako Gobernuak egindako proposamenak zenbait galdera planteatu ditu. Kasu batzuetan, erantzun argi samarra dute, eta beste batzuetan ez. Adibidez, hauek: Carles Puigdemonti zein delitu egotziko diote aurrerantzean? Marta Rovira Kataluniara itzuli eta ez kartzelatua izateko posizioan dago? Eta Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketan zigortuak izan zirenek, Oriol Junquerasek adibidez, noiz bete ahal izango dute berriro kargu publiko bat? Galdera horiei erantzuterakoan, gainera, kontuan hartu beharko dira bai buruzagi subiranista izandakoen eta bai Espainiako Auzitegi Gorenaren hurrengo mugimenduak.

Pedro Sanchez buru duen gobernuak Espainiako Kongresura eramandako testuaren arabera, sedizio delitua ezeztatuko dute —Zigor Kodeko 544. artikulua—, eta, paraleloki, desordena publikoen delitua —557. artikulua— aldatuko dute, «taldean bake publikoaren aurka egiteko asmoa» eta «ordena publikoari larriki eragitea» zigortuak izan daitezen erreforma horren bidez.

Ikusi gehiago:Bederatzi eta hamahiru urte artera zigortu dituzte prozesu subiranistaren buruzagiak

Puigdemont Generalitateko presidente ohia Belgikan dago erbesteratuta 2017ko azarotik, eta, sedizioa egotzita, haren kontrako euroagindu bat eman zuen Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak 2019ko urriaren 14an; hain zuzen, buruzagi subiranistak zigortu zituzten egunean. Nolanahi ere, bere kabuz itzultzea erabakiz gero, Kataluniako Gobernuko presidente izandakoak ezinezkoa izango luke kartzelaldia saihestea. Batetik, diru publikoa bidegabe erabiltzea ere egozten diotelako, eta horregatik hamabi urtekoa ere izan daitekeelako zigorra. Eta, bestetik, ezin delako baztertu Goreneko fiskaltzak, atzera, matxinada leporatzea, epaitu zituztenekin egin zuen bezala. Hori bai, Gorenak nekez egingo luke aurrera bide horretatik, sediziogatik zigortu baitzituen lider independentistak.

Horrekin guztiarekin lotuta, Puigdemonti eta harekin batera Belgikara erbesteratutako Antoni Comin eta Clara Ponsati Generalitateko kontseilari ohiei immunitate parlamentarioa kentzeko suplikatorioari buruzko auzi saioa egitekoak dira Europako Justizia Auzitegi Nagusian, hilaren 25ean.

Ikusi gehiago: Ez delako gorrotoa

Rovira ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusia 2018ko martxotik dago Suitzan erbesteratuta —Kataluniako Parlamentuko diputatua izan zen 2012tik 2018ra—, eta Llarenak ez zuen haren aurkako euroagindurik eman. Matxinada leporatzen diote; ez, ordea, diru publikoa bidegabe erabiltzea. Ikusteko dago, baina, ez ote dioten desordena publikoen delitua leporatuko. Delitu horrengatiko espetxe zigorra hiru eta bost urte artekoa izatea proposatu du PSOEren eta UP Unidas Podemosen arteko gobernuak, eta, aplikatua izateko, frogatu behar da «indarkeriaz eta larderiaz» jokatu duela auzipetuak.

Ikusi gehiago: Marta Rovira: «Prest gaude ziklo politiko berriaren erantzukizun osoa hartzeko»

Eta, Junqueras Generalitateko presidenteorde zenaren eta ERCko presidentearen kasuan, ez dago argi zer gertatuko den, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita hamahiru urteko inhabilitazio zigorra ezarri baitzioten. Soilik diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik ere, inhabilitazio zigorra handia da: hamar eta hogei urte artekoa izan liteke. Desordena publikoen delituagatik kargu publiko bat edukitzeko inhabilitazioa sei eta zortzi urte artekoa izan daiteke, baldin eta delituaren egilea goi kargudun bat bada. Hori bai, azkenean azken delitu horrengatik inhabilitatzen badute, 2025ean kargu publiko baterako hautagaia izateko moduan legoke kasurik onenean, lege aldaketetan atzerako eraginez jokatzen baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.