Krisi demografikoa

Jaurlaritzak 100 euroko laguntzak emango ditu hilean 3 eta 7 urte bitarteko hirugarren seme edo alabatik aurrera

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikoetako Sailak dekretu zirriborro batean jaso ditu laguntza horiek. Neurri horri gehitu behar zaio Jaurlaritzak umeek 3 urte bete arte 2023tik hiru urtera arte emango duen 200 euroko laguntza.

Haur bat adineko pertsona batekin, eskolarako bidean. IñIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 11
10:21
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak prestatu duen dekretu zirriborroaren arabera, gobernuak 100 euroko laguntzak emango ditu hilean, 3 eta 7 urte arteko hirugarren seme edo alabatik aurrera. Laguntzak unibertsalak izango dira, eta familia guztiei emango zaizkie, diru sarrerak edozein direla ere.

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi iragarri zuen hilean 200 euroko laguntza emango duela 3 urte baino gutxiago duen seme-alaba bakoitzeko, familiaren errenta aintzat hartu gabe. Orain, laguntza horri beste bat gehituko die gobernuak: hilean 100 euro emango dizkie familia ugariei. Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak adierazi duenez, familia horiek, gaur egun, «400, 500 edo 900 euro kobratzen ari dira urtean familia errentaren arabera, eta laguntza sistema berriarekin, berriz, hilean 100 euro kobratuko dituzte» . Hala, laguntza berriekin, urtean 1.200 euroko laguntza jasoko dute.

%33ko edo gehiagoko desgaitasunen bat eta mendetasun egoera aitortua duten haurren kasuan, laguntzak bikoiztu egingo dira. Dekretu berriarekin, familia horiek 400 euro jasoko dute hilean hiru urte arteko seme edo alaba bakoitzagatik, eta 200 euro hilean 3 eta 7 urte bitarteko seme edo alaba bakoitzagatik.

«Etorkizuneko inbertsioa»

Laguntza berri horiei buruz hitz egin du gaur goizean Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean. Adierazi du bere sailak seme edo alaba bakoitzarentzat datorren urtean martxan jarriko dituen laguntzak «etorkizuneko inbertsioa» direla. Jakinarazi du 2023ko lehen hiruhilekoan argitaratuko direla laguntza horiek jasotzen dituzten dekretuak, baina, nolanahi ere, urtarrilaren 1etik aurrerako atzerako eragina izango dutela. «Laguntza zuzenen eta politika ausarten aldeko apustua egiteko unea iritsi da», defendatu du Artolazabalek, eta azaldu du ondorio horretara iritsi dela jaiotzak sustatzeko gaur egungo programak ebaluatu ondoren eta «arrakastarik ez» dutela izan egiaztatu ondoren. Sailburuaren iritziz, neurri hori positiboa izango da familiek nahi adina seme-alaba izan ditzaten; gogorarazi du unibertsalak direla eta bateragarriak beste laguntza, prestazio eta hobari fiskal batzuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.