Turkia-Kurdistan

PKK-k ukatu egin du Istanbulgo erasoan parte hartu izana

Turkiak PKKri eta YPG milizia kurduei leporatu die atzo Istanbulen sei pertsona hil zituzten leherketaren erantzukizuna. Turkiako Poliziak 46 pertsona atxilotu ditu atentatuaren harira, tartean ustez lehergailua jarri zuena.

Jendea korrika ihes egiten, atzo, Istanbulgo Istlikal kalean eztanda bat gertatu ostean. ERDEM SAHIN / EPA / EFE
Mikel O. Iribar - Edu Lartzanguren
2022ko azaroaren 14a
07:36
Entzun

Turkiako Gobernuak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPG Herriaren Babes Unitateetako milizia kurduei leporatu die atzo Istanbulen gutxienez sei lagun hil eta 81 zauritu zituen leherketaren erantzukizuna. PKK-k, ordea, ukatu egin du erasoan parte hartu izana, Firat albiste agentziak jaso duenez: «Gure herriak eta herri demokratikoak ondo dakite ez gaudela gertakari horrekin lotuta, ez diegula zuzenean zibilei erasoko eta ez ditugula zibilen aurkako ekintzak onartzen», dio kaleratutako oharrak. YPGk, berriz, nahiz eta adierazpenik ez egin, ez dute inoiz ekintza armaturik bere gain hartu edo aldarrikatu Turkiako lurraldean.

Horiek horrela, alderdiak aldarrikatu du PKK «askatasunaren aldeko borroka zintzo eta legitimoa mantentzen duen mugimendua» dela, eta nabarmendu «Turkiako gizartean etorkizun komun, demokratiko, aske eta berdintasunezkoa sortzeko» jarduten duela. «Abiapuntu horretatik, biztanleria zibilari edozein modutan erasotzea erabat baztertuta dago», zehaztu du.

Dena dela, Turkiako Barne ministro Suleyman Soyluk adierazi du Turkiako Poliziak 46 pertsona atxilotu dituela erasoaren harira, tartean ustez lehergailua jarri zuena. Horrek nahasmena sortu du, hasieran zabaldu zelako eraso suizida izan zela. Baina Bekir Bozdag Justizia ministroak adierazi duenez, emakume bat leherketaren guneko aulki batean eserita egon zen 40 minutuz, eta eztanda baino minutu batzuk lehenago joan zen.

Segurtasun kamerek harturiko irudietan ikus daiteke lehergailua eserleku baten azpian zegoela eztanda egin zuenean.

Turkiako Poliziaren txostenaren arabera, Siriako herritartasuna du atxilotutako emakume hark, eta galdeketan aitortu duenez, «PKK, PYD [Batasun Demokratikoaren Alderdia] eta YPG erakunde terroristek inteligentzia bereziko ofizial gisa entrenatu» zuten, eta Siria iparraldeko Afrin hiritik sartu zen Turkiara, «ilegalki».

Barne ministroak gaineratu duenez, erasorako agindua Kobanin eman zuten. Siriaren menpeko Kurdistanen dago Kobani, eta YPG milizia kurduek kontrolatzen duten eremua da. Turkiako armadak gogor bonbardatu ditu kurdistandarrak han azken urteotan, eta herrialdeko presidente Recep Tayyip Erdoganek esana du Turkiak Sirian beste «operazio militar bat» egingo duela «berehala». Iragarritako operazio militar hori egiten bada, laugarren aldia izango da Turkia bost urtean auzoko herrialdean sartzen dena.

Hain zuzen, PPK-k esan du «Turkiak Kobani helburutzat jotzeak bere planaren zati bat agerian uzten duela», eta nabarmendu «Istanbulgo atentatuen egilea kurdua edo siriarra izateak» ez dituela «ondorioak aldatzen». Bestalde, Turkiako «errealitate mingotsa» izan du hizpide Kurdistango Langileen Alderdiak kaleratutako oharrean: «Turkiako erregimenak zailtasunak ditu borroka legitimo honen aurrean», bereziki «arma kimikoen erabilera eta bere soldaduen gorpuak erre zituztela frogatzen duten irudiak». Hori dela eta, Ankarak «egoera desitxuratzeko plan ilun bat garatzeko asmoa» duela salatu du PPK-k.

«Emandako babesaren ondorio»

Turkiako presidentetzako bozeramaile Fahrettin Altunek ohartarazi duenez, jazotako azken atentatuak «herrialde batzuek talde terroristei emandako babesaren ondorio zuzena eta zeharkakoa dira»; besteak beste, SDF Siriako Indar Demokratikoei «laguntza emateagatik», eta Suediak eta Finlandiak PKK ustez babesteagatik. Horregatik, Ankarak herrialde horiei eskatu die «zuzeneko eta zeharkako babesa» emateari uzteko «Turkiarekin adiskidetasuna nahi badute».

Turkiako agintarien adierazpenak adierazpen, inork ez du oraindik bere gain hartu erasoaren erantzukizuna.

Poliziak aldi baterako itxi du Istiklal etorbideko sarrera, 15:45ak arte —Euskal Herrian 13:45 zirenean—. Ireki ondoren, Turkiako hainbat alderditako ordezkariak leherketaren lekura bertaratu dira, eta loreak jarri dituzte biktimen omenez. Istiklal etorbidean bertan, 2016an, eraso suizida bat egin zuen EI Estatu Islamikoko ustezko kide batek. Bost lagun hil zituen.

AEB Ameriketako Estatu Batuek elkartasuna adierazi zioten atzo Turkiari. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea da Turkia, eta AEBen aliatu nagusietako bat Ekialde Hurbilean. Etxe Zuria Ankararekin «terrorismoaren aurkako borrokan eskuz esku» dagoela esan du hango prentsa idazkari Karine Jean-Pierrek. Turkiak, ordea, ez ditu AEBren doluminak onartu, YPGri ematen dioten «babesagatik», Soyluren esanetan.

«Zuen mina sentitzen dugu; zuekin gaude terrorismoaren aurkako borrokan», idatzi du Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Elkartasuna agertu dute Espainiako, Italiako eta Greziako agintariek ere; baita NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.